«Mementoko berotasunean ez da minik sentitzen. Hurrengo egunean bai»

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Egungo gazteek pilotari edo futbolari izatea dute amets. Zuk nola aukeratu zenuen boxeoa?
Nik futbola eta pilota probatuak nituen lehenago ere. Anaia bat dut, ni baino hamaika urte zaharragoa eta hari, berriz, inoiz ez zaizkio kirol horiek gustatu. Nahiago zituen kontaktuko kirol hauek. Kenpo-n hasi zen, eta gero, utzi zuenean, boxeoan. Baina oso denbora gutxi egin zuen boxeoan, urtebete eskas.
Garai hartan soldaduska egiten ari nintzen, eta soldaduskan jakina, ez genuen ezer egiten, beti jan eta lo. Pixka bat gizentzen hasiak ginen, alfertzen ere bai, eta beti galdetzen nion anaiari ea nolakoa zen mundu hori. Baina niri beldurra ere ematen zidan, ikusten bainuen tarteka anaia nola etortzen zen mutur handi xamarrarekin etxera. Beti gelditu zait irudi hori buruan.
Etorri nintzen behin gimnasiora, bakar bakarrik, eta entrenatzaileari esan nion ea entrenatzen hasi nintekeen. Hasi nintzen, gustatu egin zitzaidan eta gaur arte.

Nola hartu zuten etxekoek boxeolari izateko zure erabakia?
Aita pixka bat harritu egin zen. Beti pilotan eta futbolean ikusten ninduen, eta bat-batean boxeoan hasi nintzela esan nionean, zuri gelditu zen. Baina ondo hartu zuen. Amak ez, etxera muturra hazita iristen nintzenean, gaizki pasatzen zuen. Baina azkenerako onartu beharko, nik ez nuen uzteko asmorik-eta.

Nola oroitzen duzu zure lehen borrokaldia?
Lehendabizikoa ez da sekula ahazten. Hemeretzi urte nituen orduan. Xixonen izan zen, eta egun batetik bestera eman zidaten abisua. Hemengo beste mutil batek ez zuela joaterik, eta nik joan beharko nuela. Joan ginen, bada. Maletak egin, eta martxa, Xixonera.
Ringera igo aurretik nire entrenadoreari buruko mina nuela esatekotan egon nintzen. Zeharo harrituta bainengoen hango panorama ikusita. Jende dena builaka, aldageletan topatu nuen aurreko borrokaldiko mutila, bekaina irekita... eta esaten nuen: «Non sartu nauk ni!».
Ringera igo nintzenean, uste nuen mundua gainera eroriko zitzaidala! A zer nerbioak! Sekula ez bainuen halako esperientziarik izan. Neure buruari esaten nion: «Ezagutzen ez dudan mutil bat daukat aurrean, eta nik honekin mutur joka nola hasi behar dut bada!».
Pixka bat harrituta gelditzen zara zeure buruarekin ere; kaiola batean sartu eta eman, biak mutur joka hasi behar genuen. Une horretan ez nion jokabide horri zentzurik hartzen.
Gogoratzen naiz kristorenak eman genizkiola elkarri, bera ere hasiberria baitzen (ordurako bizpahiru borrokaldi eginak zituen baina). Biok sekulako egurrean aritu, eta azkenean borrokaldia baliogabetu ziguten. Eta pozik joan ginen etxera.
Baina gero ohitu egiten zara, gustatu egiten zaizu, eta ez da hainbesterako.

Paco Buenorekin entrenatzen duzu betidanik, Errenterian. Nola entrenatzen duzue, nola prestatzen zarete fisikoki?
Egunero etortzen gara. Hasierako 15-20 minututan luzamenduak egiten ditugu, gorputza berotzeko. Gero, egun batean korrika egitera joaten gara mendira, ordu erdiz-edo. Jaitsi, gorputza berriz pixka bat berotu, eta zakuarekin aritzen gara, eskumuturrak berotzeko. Ondoren round batzuk egin, eta irakasleak eskularru batzuk janzten ditu. Eskularru horiek joaz ikasten dugu kolpea nola eman. Gero beste boxeolari batekin jarri eta borroka balitz bezala egiten dugu, baina gozo-gozo, ikasteko. Bukatzeko luzamenduak egiten ditugu berriz, abdominal eta flexio batzuk, eta dutxara. Bi ordu inguruko saioak izaten dira.

Psikologikoki nola prestatzen duzu borrokaldia?
Mentalizatzen ikasten dugu. Hasi berritan beti izaten da buru jate hori. Ni hiruzpalau egun lehenagotik hasten nintzen jada gutxiago jaten, gutxiago lo egiten, lanean beti jenio txarrean... tripak jaten egoten nintzen. Gero ohitu egiten gara, eta gure burua kontrolatzen ikasten dugu. Norberak ere badaki lasaiago hartu behar direla gauzak, ez da normala bestela!

Gaurko jendeak mina sentitu orduko hartzen du aspirina. Zuei min hartzeak ez dizue erreparorik ematen?
Mementoko berotasun horretan ez da minik sentitzen. Borrokaldia gogor xamarra izan bada, hurrengo egunean sentitzen da mina. Hurrengo egunean hasten dira ubelduak eta hemengo eta hango minak. Orduan hasten gara gu aspirinak eta ukenduak hartzen!

Zer arau daude boxeoan? Dena ez da libre izango...
Ez, dena ez da libre. Boxeoan beti gerritik gora jo behar da, eta beti aurkaria zuri begira dagoela. Ezin da bizkarretik jo, eta aurkariak ezin du inoiz bizkar eman, beti aurpegiz aurpegi egon behar dute biek.

Aurkariaren arabera antolatzen duzue zuen taktika?
Normalean hilabete lehenagotik esaten digute zeinen kontra borrokatuko dugun, bere historiala, zeinen kontra jokatu duen, zenbat borrokaldi irabazi dituen eta nola. Aztertzen dugu ea aurkaria ezkerra edo eskuina den, joa handia duen, edo dantzariagoa den (bueltaka ibiltzen dena)... Horren arabera prestatzen dugu borrokaldia.

Zer kolpe dira txarrenak?
Arriskutsuenak burukoak dira, kolpe asko jasoz gero, ondorioak betirako uzten dituztelako. Saiatzen gara buruan ahalik eta kolpe gutxien jasotzen. Gibeleko kolpeek-eta, mementoko mina sortu bai, baina ez dute ondoriorik uzten.

Kolpe txarrak jasota burua galdu duten kasu asko al daude?
Nik ez dut kasu gehiegirik ezagutzen boxeoagatik horrela gelditu denik. Beste gauza batzuengatik gelditzen dira, ordea. Poli Diazek eta biok borrokaldi batean ezagutu genuen elkar, hemen, Illunben. Mutil hori beste mundu batean bizi da. Baina ez da boxeoagatik, beste gauza batzuengatik da. Pena da. Oso boxeolari ona zen, baina beste kontu txar batzuetan sartu zen eta halaxe bukatu du.

Noizbait zorabiatu zara kolpeen eraginez?
Bai, askotan. Borrokaldioro. Kolpe bat ondo ematen badigute, beti hankak dardarka jartzen zaizkigu. Aurkaria ondoan izanez gero, beti disimulatzen saiatzen gara eta heldu egiten diogu, edo bueltaka hasi. Baina borrokaldioro izaten ditugu zorabio une horiek. Bestela oso ona behar duzu izan, edo aurkaria oso txarra!
Sentsazioa kalimotxo asko hartu ondorengo berbera izaten da : ez dakizu non zauden, erdi mareatuta zaude, baina minik eta ezer ez da izaten.

Lagunen baten aurka aritzen zarenean, berdin ematen duzu kolpea, edo beste erreparo bat izaten da?
Ez, berdin-berdin hartzen dugu kirol gisa. Gu ringera irteten garenean, gure lana egitera ateratzen gara, ahalik eta ondoen, eta ondoen aritzen denak irabazi dezala. Ringetik jaistean eskua eman eta kito.

Non antolatzen dira borrokaldiak?
Nonahi. Espainiako leku guztietatik eta kanpotik ere deitzen digute. Alemaniara joateko ere deitu zidaten baina ez nuen joan nahi izan, elkarren segidan borrokaldi asko eginak nituelako eta atseden hartzea komeni zitzaidalako.
Euskal Herrian, Gasteizen borrokaldi asko antolatzen dira, eta Bilbon ere bai. Gipuzkoan gutxixeago antolatzen dira. Orain dela zazpi bat urtera arte egiten ziren gehiago, baina zaletasuna pixka bat itzali egin zen. Boxeolari falta ere bazegoen orduan. Baina pixkanaka hasi da berriz ere suspertzen.

Nork antolatzen ditu borrokaldiak?
Antolatu nahi duenak asko arriskatu behar du, lehendabizi dirua bota behar duelako: boxeolariak ordaindu behar ditu, epaileak, bidaiak, hotelak… dirudun jendeak sartu behar du, bestela ez dago zer eginik. Gero jendea ikustera joaten bada ondo, baina ez bada joaten, dirua galtzen dute.

Nolako giroa egoten da borrokaldietan?
Oso ona. Beti izaten da buila eta zarata, baina sekula ez da iskanbila txarrik sortzen ezergatik. Tronpeta eta ikurrinekin ere joaten dira, giro ederra egoten da.
Denetik biltzen da: gazte asko joaten da, eta zaharrak ere asko. Zaharren artean zaletu eta aditu asko dago

Apustuak-eta izango dira...
Ez da libre apustu egitea, pilotan-eta beste kiroletan bezala. Ameriketan bai, baina hemen sekula ez da legezkoa izan eta ez dela sekula izango iruditzen zait. Orain, lagunen artean mila duro edo afari bat jokatuko dute, giro hori beti izaten da.

Poli Diaz eta Paco Galvez boxeolariak ezagutzen dituzu. Zer bizimodu klase da goi mailako boxeolariena?
Aurretik diru laguntza handia behar dute, toreroen "aitaponteko" moduko bat eduki. Hark erakusten du zer bide hartu, zein boxeolarirekin borrokatzea komeni zaien... Gu askotan ero-eroan joaten baikara. Borrokatu beharko ez genituzkeen borrokaldiak onartuz gero, oso gaizki buka genezake. Oraindik ez delako garaia, oso berde egon eta besteak kategoria gehixeago duelako... hobe da borrokaldiak boxeolari egiten zoazen heinean hartzea, garaia iristean.

Zu profesionala zara. Profesionalok hortik bizitzeko lain ateratzen duzue ala ez?
Espainiako Estatuan, boxeolari profesional bat bizi liteke horretatik. Hilero borrokaldi bat eginez gero, jornala ateratzen da. Baina ez dezake dirurik egin. Poliki-poliki Europa mailan sartzen bada, eta hortik Amerikara joateko aukera ematen badiote, orduan bai, han milioi dezente jokatzen baitira.

Euskal selekzioa ere badago. Zer moduzko maila du?
Ez oso ona. Euskal Herrian gainera ez dago boxeolari asko. Gipuzkoan hiruzpalau bakarrik gaude, askoz gehiago ez. Bizkaian daude gehienak.
Jendeak ezagutu egiten du kirol hau, baina nik uste boxeolari falta dagoela; jendearen arreta pizteko, hemen boxeolari fin batek atera behar du. Boxeolaririk ez badago, ezin da zaletasunik piztu.
Paco Buenoren eskola honetara jende asko etortzen da. Baina jendeak bizpahiru egun egiten ditu hemen, eta segituan ospa egiten du. Ez dute astebete irauten. Ez dute sufritu nahi.
Hasieran oso gogorra baita kirol hau: sokasaltoan ikasi behar da, korrika joan mendira... sekulako jipoiak hartzen dira, fondoa hartzeko. Gu apustuak egiten ere aritzen gara, "horrek ez ditu hiru egun ere iraungo", "baietz lau egun iraun!" eta horrela. Itxuragatik, eta zer gogorekin hartzen duen ikusita, igartzen diozu bakoitzari.

Jende askok gaizki hitz egiten du boxeoaz: oso kirol bortitza dela… Zuk nola hartzen duzu boxeoa?
Nik boxeoaren kontra dagoen jendeaz ez dut ezer esaten. Bakoitzak bere ikuspuntua du. Niretzat boxeoa, ez da borroka. Niretzat kirol bat da, beste edozein bezalakoa. Bestela ez nintzen honetan ariko. Jakina, kontaktuko kirol bat da. Min handia hartu dezakezu, eta gerora agian, ondorioak ere handiak izan daitezke.

Ringetik kanpora, debekatuak dituzue kolpe horiek?
Guri ez digute araurik jarri. Jende askok esaten dit: «Hik ezin duk jo, ze arauak horrela eta horrela zeudek». Baina ez dakit non dagoen hori idatzita. Profesionala naiz eta lehendabizi eman behar lidaketena da, paper batetan idatzita, zer arau ditudan. Inork ez dit ezer esan, eta ez dakit ezer kontu horri buruz.

Noizbait egokitu zaizu ringetik kanpora kolperen bat eman behar izana?
Normalean boxeolariok ez dugu kanpoan iskanbilatan ibiltzeko gogorik izaten. Gimnasioan hainbeste aritzen gara! Egunero-egunero botatzen dugu estresa, beti mutur joka aspertzen gara... eta gero horixe falta dugu, kanpora joan eta mutur joka aritzea!

Zer da gogorragoa zuretzat: boxeoa edo igeltsero lana?
Konparazio ederra egin duzu oraintxe! Bakoitza bere garaian. Igeltsero lana oso gogorra da. Baina boxeoa ere, nahiz eta ordu gutxiago sartu egunean, dena eman behar duzun kirol bat da. Boxeoa gogorragoa dela esango nuke

- Jaio: Oiartzunen, 1979. urtean.
- Boxeolari profesionala.
Igeltseroa.
- Ibilbidea: 19 urterekin hasi zen boxeoan eta 21 urterekin egin zen profesional.
+Paco Buenorekin entrenatzen du, Errenterian.
+«Super Walter» mailan ari da (68 kilotik 70 kilo bitartean).
+Borrokaldietarako Espainiar Estatutik deitzen dute. Euskal Herrian, batez ere Gasteiz, Bilbo eta Donostian aritzen da.

Borrokaldi bezperan profesionalak pisatzera joaten gara. Egun hori jan gabe pasatzen dut, pisutik ez pasatzeko, beti justu-justu ibiltzen baikara gu. Ohitura dut zotz bat ahoan eramatekoa, janariaz ez gogoratzeko. Behin, tabernara joan nintzen lagunarekin. Bera jaten ari zen eta nik ezin! Zotzak hartu nituen, besterik ezin-eta.
Joan ginen pisatzera. Arropak kendu, kantzontzilotan igo nintzen pisura, eta denak barrez hasi ziren. Telebista grabatzen ari zen, eta ni urduri nengoen. "Zeri egiten diozue barre?", galdetu nuen, eta eurek: "Bi zotz dituk belarri atzean!", bota zidaten.

Doinua: Pello Joxepe

Kirola dela eta ez dela
asko ohi dabiltza kexu,
baina gustuko duzun ezkero
zuk zer esan dezakezu?
Zure helburu denak betetzen
gogor saiatu zaitez zu
eta hartzeko pronto bazaude
ematen jakingo dezu.


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude