argia.eus
INPRIMATU
LUZEAK ETA MOTZAK
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Irakurri berria dut Espainiako Segovian dagoen La Granja de San Ildefonso izena duen jauregiko lorategien apologia bat. Tximistetatik babesteko tximistorratzak dituzten Europako zuhaitz bakarrak omen dira bertan. AEBetan besterik ez omen dira horrelakoak.

43 eta 38 metro garaierako bi sekuoia erraldoi (Sequoiadendron giganteum) eta hiru zedro (Cedrus sp.) dira punta-puntan tramankulua eta handik sustraietaraino soinean kablea dutenak. Sekuoia erraldoiak berez dira orratzak, 80 metrotik gora hazten diren orratzak. Basoko orratzak izaki beraiek erakartzen dute tximista eta bere arra pare bateko azaltzarraren gainetik lurreraino jaisten, azpiko orbel eta inorkinak isiotu eta sutea sortuz. Suak inguruan dituen jakiekiko lehiakideak hiltzeaz gain bere fruituak ireki eta haziak zabaldu eta hauei elikagaiak eskuera jartzen dizkio. Trukean mutur-muturreko gogortu gabeko puja guria erreta galtzen du, baina laster botako du berria. Milaka urte bizitzeko estrategia. Gu, gure metro pare bateko motzean puntta salbatzeko tximistorratz arrotza jartzen, alajainena. Motzak, bai bai, ondo motzak...