argia.eus
INPRIMATU
IZPIAK
2021eko uztailaren 19a
Odon Elorza Donostiako alkate eta PSE-EEko kideak Ibarretxeren planari buruzko bere iritzia bota du: «Ikuspegi abertzale batetik egina dago eta ziurgabetasun eta zalantza gehiegi irekitzen ditu». Hala ere, plana eztabaidatzearen aldekoa da.
J.A.V.A. Barakaldoko gazteak, ertzaina batek borraz buruan kolpatu ondoren koma egoeran geratu dena, egoera bertsuan jarraitzen du. Herrizaingo Sailak barne ikerketa ireki du gertakizunak argitzeko eta, bide horretan, gaztearen familiarekin ere hitz egin du.
Teo Vennemann eta Peter Foster irakasleak eta Elisabeth Hamel zientzia kazetariak ‘Scientific American’ aldizkarian kaleratu duten lanean agertzen dutenez, Europako toponimian izen askok euskal jatorria dute. Ikerlari hauen ustez, azken glaziazioaren ondoren, duela 18.000 urte, baskoiek Europa populatu zuten. Aldizkari honetako beste ikerketa genetiko baten arabera, halaber, egungo europarren hiru laurdenak historiaurreko euskaldunen ondorengoak lirateke, glaziazioaren ondoren Iberiar Penintsulako iparraldetik eta Frantziako hegomendebaletik abiatutakoen oinordeko.