argia.eus
INPRIMATU
Utikan eskuindarrok
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Nork daki zenbat itxaropen zeuzkaten jarriak ZERUKO ARGIAko arduradunek hasi berria zen urtean. Handi samarrak behar zuten izan, nolanahi ere, «Utikan eskuindarrok» editoriala plazaratzera animatu zirenerako. Zer, eta eskuindarrak pikutara bidaltzea. Noiz, eta 1973an!


AKERRAK ADARRAK...

Eraso on bat baino hobeagorik ez omen, norberaren burua defendatzeko, eta horrelako zer edo zerekin ekiten zion editorialgileak bereari: «Beti arritu izan gaitu azken auziko bereizketak: zintzoak, ardiak, eskuinean, eta gaiztoak, akerrak, ezkerrean. Ardia da zintzoaren irudi. Akerra gaiztoaren ixpilu. Izan ere ‘akerrak adarrak okerrak ditu’. Baina zergatik daude zintzoak eskuinean eta gaiztoak ezkerrean? Eskuindar dena bakarrik delako zintzo eta ezkertiar dena bakarrik delako gaizto?».
Oso ausarta zen galdera, batik bat Kaputxinoen aldizkari batean egiteko. Jainkoak berak sartu behar ote zuen, bada, auzian?
«Hala uste du askok -jarraitzen zuen-. Eta uste horrek eraginik gero eta eskuinago jotzen dute. Zenbat eta eskuinago orduan eta zintzoago direla uste bait dute. ‘Oinezkoak ezkerretik’ irakurri ohi dugu erregebidearen bazterretan. Baina zeinen edo zeren ezkerretik? Oinez datorrenarentzat ezkerra den hori bera bait da autoan doanarentzat eskuina. Orobat azken auzia ere. Aurrez aurre egon ohi dira auzian epailea eta epaitua. Horrelatsu, noski, azkenean ere. Beraz denon aurrean eta erdian dagoen Kristo-epailearen eskuin aldea da epaituon ezkerra».
Gehiegitxo ez al zuen iradoki pentsatuz-edo, honakoa zioen segidan: «Ez dakit zer erantzun liguketen Liburu Santuetan jakintsu direnek. Jakin dezatela behintzat amor emateko prest gaudela oker bagaude eta ez dugula ‘Sanctum Ofitium’en aldizkarien gaitzespen eta anatemarik nahi. Aholkutxo bat aski genduke zuzentzeko. Dena den, hau da guretzat eskuindar: denboraren ordua gerarazten duena edo geldiarazten aztarrikatzen dena. Egonean geldi dagoena eta ez ibilian dabilana. Ezkerra, berriz, ibilian dabilan orduaz aurrera egiten duena».


ESKUINDARREN BEKATUAK

Anatema gorabehera, ziur zeuzkan editorialgileak hainbat gauza, antza denez: «Ezin uka, noski, Kristo eskuindarrek il zutela. Zegoen egoera onartzen zutenek. Ezer aldatzerik eta berritzerik nahi ez zutenek: legegizonek, apaizek, agintariek, aberatsek, armadunek, ezarria zegoen ordenaren eta legearen aldekoak, Erromarekin bat zeudenek eta Erromari jokoa egiten ziotenek. Kristo zen arnasa berria zekarrena; askatasuna eskaintzen zuena, lege berria ezarri nahi zuena, larunbataren, jai egunaren, ohituren eta legearen gainetik gizona jarri nahi zuena, zapalduen eta behartsuen alde zegona. Kristo zen aldaketak sartu nahi zituena, gizarte obearen alde burrukatzen zeno. Kristo zen lehengoaz asetzen ez zena, berriaren egarriz bizi zena. Kristo zen ezkertiar, berritzaile, aurrerakoi eta iraultzaile. Honen etsaiak, berriz, eskuindar, atzerakoi, zahartzale eta lehengoaren euskarri».
Hara! Ordurako, «baita zera ere!» pentsatzen hasia izango zuen irakurle bat baino gehiago, eta azalpena eskaintzera deliberatzen zen editorialgilea: «Izan ere, Bibliako Jainkoak dioenez, gizonaren zeregina da mundua gizonaren zerbitzuan jartzea, mundua aurreratuz eta osatuz, gizonak dauzkan zapalketa, lokarri eta uztarri guztiak deseginaz. Eta kristauok Kristo dugu hontan eredu eta indar itxaropentsu. Ezkertiar deituraz, indar aurrerakoi, berritzaile, askatzaile eta iraultzaile hori artzen dugula esan dugu. Eskuindar deituraz, berriz, indar atzerakoi, zahartzale, lotzaile, geldiarazle eta lehengoaren gordetzaile hori. Dagoen egoera, biziera, pentsaera onartzen duen hori. Berriaren etsai den hori. Aldaketaren arriskurik nahi ez duen hori. Horregatik ‘utikan eskuindarrok’: desberdintasunak onartzen dituzuenok, arriskurik nahi ez duzuenok, dena ondo dagoela uste duzuenok, gizonaren zapalketa ontzat ematen duen sasi-erlijio-zale zeratenok, euskaldungoa egiteko bat dela ukatzen duzuenok, euskera batutzearen arriskua jokatu nahi ez duzuenok, nazioen mugaketak ontzat jotzen dituzuenok».
Jende mordoxka baten etsaigoa irabazi zuela horrekin? Bada, are gehiago ere bazuen esateko: «Utikan eskuindarrok: gizon jakinaren askatze osoaren aurka zaudetenok. Ekonomiaren soilketa eta inausketak, kultura arrotzaren gailentza eta erri-egituren desegitea onartzen dituzuenok. Gizon jakinaren morrontzarako erlijioa edo nazioartekeria edo pentsamolde estua erabiltzen dituzuenok. Utikan asmo berri guztiak, aldaketa berri guztiak, landare berri guztiak ito nahi dituzun eskuindar hori. Betor aurrerapena, askatasuna, txikiarenganako errespetoa, zuzena, egia, bakea, maitasuna... Betor obea dena».
Eta hara zer zen lortu nahi zuena: «Denok edo gehienok amesten edo sinesten dugu geroko mundu berria: era bateko edo besteko mundua. Ezkertiarrei esker burutu eta aurreratuko da mundu berri hau. Eskuindarren erruz, berriz, atzeratuko»

Denetarik
Ez genekien, A. Apat Etxebarne adiskide on bezain idazle finari irakur ahal izan diogun arte, Californiako (USA) Los Angeles deritzan hiriburuan, 1893 urtean euskal astekari bat sortu zenik. Izan ere, 1885 urtean Etxeberrik Eskualduna izeneko astekaria sortu zuen Baionan, eta sorketa honek eragin bide zuen Californiako zenbait nafar-lapurtarren artean, Ameriketan ere beste hainbeste egiteko asmoa. Honela sortu omen zen 1893 urteko uztailean California-ko Eskualherria zeritzan astekaria, Gytino jaunaren zuzendaritzapean 1897 urte arte iraun zuena. (1973-I-14)

Itxaropena
Hamaika lan argitaratu da igaro den urtearen gora beherak aipatuaz, azterketa sakon bat eginaz, alderdi onak goraipatuaz eta txarrak salatuaz. Denetarik izan baita amaitu zaigun urte horretan. Eta urte berrirako zer? Itxaropena. Gauzak onera aldatuko diren itxaropena. Gaurregun nabari den injustizia, zapalkuntza desegingo ote den esperantza. Ametsa ere gerta daiteke, eta horretan badugu arriskurik

Euskeralari, entzungor ez egin
L. Mitxelenak, 1968 urrilean, Arantzazun, Euskaltzaindiaren bileran, txosten jakintsu eta ikasgarria agertu zuen. Demagun mundu guziak irakurri duela, gure artean, sei ataletako txosten aipatua: «oinharriak», «ortografiaz», «hitzen formaz», «hitz berriak», «morfologia» eta «joskera» dira sei atalen izen-buruak. Euskera idatziaren hauzi anitz ukitzen da lan honetan. Batasunerako arau eta jokabide ugari eskaintzen digu hizkuntzalari eta euskeralariak. Baina euskerak, gaurko egoeran, dauzkan hutsuneak ere seinalizatzen dizkigu. Batipat, euskera erabateko kulturabide, jakintzabide eta adierazpide bihurtu nahi dugunean arkitzen ditugun behaztopoak, aipatzen dizkigu «Hitz berriak» deritzan atalean. Harriturik nago, aspaldidanik, atal honen H pasartean Mitxelenak ukitzen duen puntuak ukan duen desinteresaz. (...) Mitxelenak berak dioena hona aldatzea dugu egokiena: «H. Kultura-gaietan hartzaile -besteren zordun, beraz- geranez gero, bidezko da, noski, hiztegian ere hartzaile eta zordun agertzea. Gogoetak gerok sortu bagenitu, ez genduke, gabiltzan bezala jakite-gauzetan eta, beste hizkuntzetan sortu dituzten hitzak itzuli nahian ibili beharrik. Gauden gaudenean, ordea, maiz nabaritzen dugu premia hori. Badu euskerak hitz-sorbide ugari, baina baita ere huts nabarmen bat bederen aldameneko hizkuntzen ondoan. Ez dugu (des eta horren antzekoren bat edo beste kenduz gero) aurrizkirik latinezko ad-, ab-, co(n)-, de-, dis-, ex, eta gainerakoen indarra bihur dezakenik. Erremedio bat baino gehiago izan dezake huts horrek, baina ongi pentsatu beharko litzake gerora gabe nola joka» (...) (1973-I-14)