Arruntak dira gure artean, guk arrotzak direlakoan erabiltzen baditugu ere. Jakiak gozatzeko, bizitzeko, infusioetarako, zein liseriketa errazteko erabiltzen ditugu. Bazkaritan zein bazkalondoren dastatzen ditugun arren, ez dugu uste gure hankapean ohikoak direnik. Eta supermerkatuko kaxatik kanpo, ezagutzea ezinezkoa dela iruditzen zaigu. Igandetako txangoa aprobe- txatuz edo egunero egiten dugun ibilalditxoan, bildu ditzakegun landareak dira asko eta asko. Leku eta garai egokian hartuz gero berriz, dendan erositakoak baino mesede handiagoa egiten dute. Ez da kontua mendian sarraskia egitea baina, behar ditugunak ondo eta neurrian bilduz gero, ingurua ere hobeto irakurtzen ikasiko dugu. Hauek dira ibilbide honetan aurkitu ditzakegun usaina duten landare arruntak:
Xipa-belarra edo menta
(Mentha aquatica) leku istilduetan, putzu askoko lurretan hazten da. 10-90 cm-ko zurtoin iletsuak izaten ditu, kanpoko sustrai herrestariak. Enborrean zehar doazen hostoak gezi formakoak dira eta puntan lore arroxa eta zuri elkarketak daude. Infusioetan asko erabiltzen da. Garai batean erratzak egiten ziren etxeetan usain ona zabalduz.
Oreganoa
(Origanum vulgare L.). Leku eguteretan, belardi lehorretan, bide edo sastrakaditan egon ohi da. Zurtoina metro batera iritsi daiteke. Hostoak txortendunak dira eta eliptikoak. Ertzak zerraren hortzak bezala ditu. Loreak 20 mm ingurukoak ditu, zurtoinaren puntan elkartzen dira eta arroxa edo purpura kolorekoak dira.
Erramua (Laurus nobilis) edo ereinotza
artadi kantauriarretan. 10-12 metrotara hel daiteke zuhaitz txiki hau. Hosto lantzeolatuak ditu, gain aldetik lustratuak eta azpialdea argiagoa dute. Loreak ernaldu eta fruitua ematen dute. Oliba formakoa da fruitua. Enborraren azala leuna da.
Betidanik kutsu mistikoa izan du erramuak eta borda eta baserrietako ateetan jartzen ziren sorgin eta mamuetatik babesteko. Gerora elizak ere egun bat eskaintzen dio zuhaitz honi, Erramu eguna. Sukaldaritzan erabiltzen da.
Ezkaia, (Thymus praecox)
kare-harrizko lur lehorretan aurkituko dugu. Landare etzana da. Zurtoin loredunak ditu,10 cm baino laburragoak. Adar luzeak herrestariak dira. Hostoak berriz, txikiak ditu, eta arrautz formakoak dira. Loreak ere txikiak dira eta purpura kolorekoak