Kokein: "TONTAKERIA DA KANTA BATEK BESTE TALDEEN ANTZIK EZ DUELA ESATEA"


2021eko uztailaren 19an
Eibartarrak dira eta "Kokein" aurkezpen lana argitaratu berri dute. Rocka eta popa era berezian uztartzen dituzte. Sei abestiz osatutako lehen lana Soraluzeko Gaztelupeko Hotsaken eskutik plazaratu dute.

Lau musikarik osatzen dute banda gipuzkoarra: Zaloa Urain ahotsean, Jatsu Argarate baxuan, Txitxes gitarran eta Haritz Lete baterian. Baina hori ez da hasierako formazio originala. Mende berriaren hasierarekin batera, 2000. urtean, sortu zen Kokein. Guztia Markos Untzetarekin egindako grabaketa batean hasi zen. Luther taldeko Iñaki baterian zutela cd bat grabatu eta elkarrekin zenbait kontzertu eskaini ondoren Zaloa, Txitxes eta Jatsuri talde bat sortzea otu zitzaien. Horretarako, Ermuako Storbais taldeko Fory bateria jolearekin harremanetan jarri eta lehen entseguak egiten hasi ziren. Haritz Letek 2001. urtean ordezkatu zuen Fory baterian. Egun Legarre auzoko lokaletan entseatzen dute, Eibarren bertan. Ezberdin idazten bada ere, J.J. Cale gitarra jolearen abesti batean oinarritu ziren taldeari izena jartzerako orduan. "Slowhand" diskoan Eric Claptonek hain ezagun egin zuen "Cocaine" abestian, hain zuzen. "Belarrira atsegina egiten zitzaigun! Hori izan zen ‘Kokein’ izena aukeratzeko arrazoi bakarra", dio Zaloak. Eta garbi utzi nahi dute taldearen asmoa ez zela izan drogaren aldeko edo kontrako aldarrikapenik egitea. Zuzenekoetan abesti mitikoa jotzen ez badute ere, kontzertua amaitutakoan soinu ekipotik entzuten den lehen gitarra riffa "Cocaine" abestiarena izan ohi da.

Aurrekari metaleroak.

Kukka taldetik datorren Zaloa ezik beste partaide guztiak musika gogorra egiten zuten bandetatik datoz: Haritz (Kafha), Jatsu (Luther) eta Txitxes (Ehun Kilo). Beraien ustez, ordea, ez da arraroa horrelako musika egiteko elkartu izana. Izan ere, jendeak beraienganako duen erreferentzia aurrekari gogor horiek izan arren, inoiz ez dira estilo konkretu bat entzutera mugatu. "Talde gogorretan aritu izan bagara ere, gure gustu musikalak beti izan dira oso zabalak", dio Jatsuk.
Taldearen musika eraginak asko dira eta partaide bakoitzak iturri askotatik edaten du. Guztien eraginak batuz gero, sekulako zerrenda osatuko luketela diote. "Gure asmoa ez da talde konkretu baten soinura gerturatzea. Bestalde, egia da abesti bat atera eta entzun ostean talderen baten kantaren bat gogoratu izana. Tontakeri bat izango litzatzeke abesti batek beste talderen baten antza ez duela esatea, munduko orijinalena izango bazina bezala", azaltzen dute eibartarrek.
Gaur egun jorratzen duten estilora heldu arte denetarik egin dute Kokein taldekoek. "Funkya egiten hasi ginen eta gero pila bat estilo jorratzen, berdin zitzaion zein motako abestia irtetzen zen", dio Jatsuk. Taldearen ustez diskoak ez du islatzen ordura arte Kokeinek egiten zuen musika. Diskoa prestatzen hasteak, nolabait, baldintzatu eta mugatu egin zuen azken emaitza. Horrela, abestiak estilo batera bideratzen joan ziren. "Diskoa prestatzeko Piltko Rafa Ruedarekin jarri ginen harremanetan, besteak beste, horrexegatik, norabide bat zehaztu nahi genuelako", azaltzen du taldeko baxujoleak. Dena dela, Zaloaren ustez Lete baterian sartzeak ere izan zuen horretan eraginik. Izan ere, ordura arteko kantak funkyagoak baitziren.


Bost Hilabeteko Lana.

Diskoa Piltren lokalean grabatu dute Sanperekin, Mungiako bandako bateria jolearekin. Eta nahaskateak eta ahotsen grabaketak Garate estudioan egin dituzte Haritz Harreguyrekin. Grabaketa hasi aurretik, ordea, Rafa Ruedarekin aritu dira lanean taldea sendotzeko asmoz. "Gaztelupeko Hotsakeko Xarrari Kokeinen proposamena egin genionean taldea bideratzeko norbait nahi genuela jakinarazi genion. Berak Rafa aipatu zigun eta ongi iruditu zitzaigun", dio Letek. Memento horretatik aurrera makina martxan jarri zen. Taldeak maketa bat bidali zion Ruedari, berba egiteko gelditu eta lanean hasi ziren. Horrela, sei hilabetez aritu da Rafa Rueda eibartarrekin lokalean lanean, martxotik hasita abuztuan grabaketa amaitu arte. Epe horretan sei abesti borobildu eta disko bat kaleratzeko moduan izan dira gipuzkoarrak. Eta ohikoena hamar-hamabi abestitako lan bat argitaratzea bada ere, eibartarrek nahiago izan dute ongi landutako sei kanta kaleratu erdipurdiko sorta luzea baino. "Dena dela, talde ezezaguna izanik eta Euskal Herriko musika egoera nola dagoen ikusirik, nahiago izan dugu zerbait txikia baina landutakoa argitaratzea", azaltzen du Letek.


Bideoklipa Cd-Rom Pistan.

Gero eta musika talde gehiagok gehitzen die diskoko abestiei CD-ROM pista. Kokeinek ez du atzean geratu nahi izan eta mundu digitalak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz sei abestiekin batera bideoklip bat kaleratu du. Grabaketaren zuzendaria Haimar Olaskoaga izan da eta zuzendari laguntzaile eta muntaia lanetan, berriz, Iñaki Beraetxe aktorea aritu da. Grabaketa zer moduz joan den galdetzean Txitxes eta Jatsu dira adierazkorrenak: "Oso aspergarria izan da!, kamera bat bakarrik zegoen, hortaz, behin eta berriro errepikatzen genituen tomak. Beraetxe eskilara batera igotzen zen, gero ez dakit nondik grabatzen zuten... oso gogorra!", dio Txitxesek. Bideokliparen grabaketa prozesuak bi zati izan zituen: bat, taldearekin grabatu beharrekoa; eta bestea, fikziozkoa. Hasieratik ideia banda toki zabal batean kokatzea zen, fabrika zahar edo hangar batean, adibidez. Azkenean, Alfa enpresaren fabrika huts batean grabatu zuten, Eibarren bertan. Taldekideen arabera goiz oso bat pasa zuten grabatzen. Fikziozko atala, berriz, bi egunetan burutu zuten.
Taldearen izenarekin, eta hortaz, diskoaren izenburuarekin zerikusirik ez duen diseinua du Kokeinen lehen diskoak. Hala eta guztiz ere, adiera sinboliko zehatza du, azaldu gabe ulertzeko zaila gertatzen den horietakoa: azalean emakumezko maniki baten bularra, kontrazalean maniki aurpegia. Lehen estaldura hori kendu eta Cd-a bera gordetzen duen plastikozko kaxa aurkitzen da. Azalean manikiaren bihotza agertzen zaigu. Hona hemen Leteren azalpena: "Manikia bizitzarik gabeko gorputza da, honek ordea bihotza du, eta bertatik irtetzen da musika". Eibartarren esanetan makina bat argazki zituzten aukeratzeko eta manikiaren ideia izan zen azkenean denak konbentzitu zituena

Taldekideak
Haritz Lete:

Bateria jolea
23 urte
Lanbidea: Soinu teknikaria.
Aurreko bandak: Kafha (E.Gazteako maketa lehiaketa irabazi eta disko bat kaleratu zuten)
Kuttunenak: Incubus, Pantera eta Living Colour.

Txitxes:

Gitarra jolea
32 urte
Lanbidea: Torneroa.
Aurreko bandak: Dankrat, Koxka, Funky Mongi eta Ehun Kilo.
Kuttunenak: Miles Davis, Paco de Lucía eta Marcus Miller.

Jatsu Argarate:

Baxu jolea
26 urte
Lanbidea: Programatzailea.
Aurreko bandak: Funky Mongi, Manso & Brothers Blues Orchestra eta Luther.
Kuttunenak: Cream, Frank Zappa eta John Coltrane.

Zaloa Urain:

Abeslaria
26 urte
Lanbidea: Haur hezkuntzako irakaslea.
Aurreko bandak: Kukka eta Manso & Brothers Blues Orchestra.
Kuttunenak: Pearl Jam, PJ Harvey eta Bruce Springsteen.


Hiri armeroan bakarlari, instrumentista eta musika talde dezente sortu izan dira. Rock banden artean Su Ta Gar, EH Sukarra eta Lorelei izan dira esanguratsuenak. Egun, bakarlarien artean, Asier Serrano eta Markos Untzeta ditugu. Eta Bixente Martínez (Oskorri, Hiru Truku) eta Fran Lasuen (Oskorri, Eguen Banda) dira, agian, aipaturikoen artean musika munduan urte gehien daramatzatenak. Eta ziur bidean bat edo beste ahaztu zaigula. "Eibarren musika egiteko eta instrumentua hartu eta jotzeko zaletasun handia dago, ez, ordea, hainbeste musika entzuteko", dio Jatsu baxujoleak. Taldeko kideen esanetan, Eibarren musika oso gogoko duen jendea normalean musikaria izan ohi da. Bestalde, eta gezurra badirudi ere, herrian ez dute kontzertuak ikustera joateko ohiturarik. Euskal Herrian aho bete hortz esan ohi da hori. Alegia, musika egiten dutenek ez dutela emanaldiak ikustera joateko ohiturarik. Hala eta guztiz ere, ez da Kokein taldearen kasua. Gipuzkoarrak ahal duten kontzertu gehien ikustera joaten dira. "Dena den, egia da normalean punta batetik bestera bazoaz ere, beti jende bera ikusten duzula kontzertuetan", gehitzen du Zaloak. Edozein kasutan, musika emanaldietan Lete bat dator gainontzeko taldeetako partaide gutxi ikusten dela baieztatzeko orduan. Baterijolearen ustez, jotzen duen taldearen arabera publiko artean nor egon daitekeen erraz aurrikusten da. "Azkenean beti berdinak biltzen gara", azpimarratzen du Zaloak.
Gaur egun Euskal Herrian musika talde bat aurrera ateratzea ez dela lan erraza onartzen dute eibartarrek. "Egun ez da lehen bezala, lehen lau talde zeuden eta haiek ziren nagusi. Gaur, ordea, talde asko daude eta gutxi batzuk dira arrakasta lortzen dutenak", dio Letek. Banda ugari dauden arren, merkatua multzo mugatu batera bakarrik hurbiltzen dela uste dute. Gipuzkoarren iritziz, estilo ugari jorratzen dira Euskal Herrian, jendeak ez du, ordea, ezagutzen ez dituen taldeen kontzertuetara joateko ohiturarik. "Egun jendeak areto handietara joateko joera du Gaztetxeetara joan beharrean. Hemezortzi eurotako sarrera ordaintzen du Gaztetxeko hiru euroak ordaindu beharrean. Era horretara sekulako kontzertu bat galdu eta gainera hemezortzi euroak zakarrontzira botatzeko arriskuan ere bazaude", diote Txitxes eta Jatsuk


Azkenak
Ahetzek auzapez abertzalea izanen du: Ramuntxo Labat-Aramendi

EH Bai koalizioak babesturiko Ahetzen zerrenda gailendu da bozen bigarren itzulian, joan den igandean, botoen %44 erdietsirik.


Presidente kargua hartu du Madurok, eta González oposizio burua ez da Venezuelan agertu

Irailetik Venezuelatik alde eginda egon ondotik, eta azken asteotan Hego Ameriketan kanpaina kutsuko bira egin ostean, hauteskundeetara aurkeztu zen Edmundo Gonzálezek hitzemana zuen Caracas hiriburuan agertuko zela Nicolas Madurok kargua hartuko zuen egunean. Bere... [+]


2025-01-13 | Jon Torner Zabala
Euskal Selekzioa Orain osatu da, Frantzia edo Espainiako selekzioei uko egiten dioten pilotariak babestea helburu

Lapurdiko Makean egin du Euskal Selekzioa Orain elkarteak lehenengo biltzar nagusia. Iazko udan Frantziako selekzioarekin jokatzeari uko egin ziotela iragarri zuten Ipar Euskal Herriko hamabost pilotarik osatzen dute gaur gaurkoz ekimena, zeinak helburu duen, besteak beste,... [+]


2025-01-13 | ARGIA
Asteartean hasiko da adin txikiko neska bati sexu erasoak egin zizkion Gernikako entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa

Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Mario López saskibaloi entrenatzaile ohiarentzat. Akusazio partikularrak hemezortzi urtekoa eskatu du. Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du Bilboko epaitegi aurrean. Lópezi 1998 eta 2001 artean... [+]


2025-01-13 | Gerardo Luzuriaga
Euskadiko Selekzioa?

Euskadiko Selekzioa lortzea, ezbairik gabe, lorpen historikoa izan da. Baina horretan geratzen bada, euskaldun askorentzat –ni barne, nafarra bainaiz– egunik ilunena eta tristeena izango da. Lehenengo egunetako poza eta berotasuna gozatu ondoren, itzul gaitezen... [+]


Entzumen eta hizkuntzako irakasleen gaur egungo egoera kezkagarria eta horren ondorioak

Entzumen eta hizkuntza irakasleak (EHI) eta logopedak eskola publikoan zein kontzertatuetan lan egiten duten irakasle espezialistak dira. Horien funtzioen artean hizkuntzan eta komunikazioan zailtasunak dituzten ikasleei arreta zuzena ematea da, baina baita komunikazio sistema... [+]


ANALISIA
Justizia klimatikoa

Inor ez ala denok. Klima larrialdia inork ez pairatzeko aldaketak bideratu ezean, behintzat guztiek pairatu dezagula. Zuk –irakurle–, nik –Jenofa–, haiek –pobreak– eta haiek –aberatsak–. Satisfaziorik ez zidaten eragin Los... [+]


Omenaldia egin diote Txillardegiri, haren heriotzaren hamahirugarren urteurrenean

Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]


2025-01-13 | Garazi Zabaleta
Urteaga-Urkulegi baserria
Barazki, fruitu eta haragi, dibertsifikazioa ekoizpenaren oinarri

Itsason (Gipuzkoa) elkarren ondoan dauden bi baserri dira Urteaga eta Urkulegi, duela zenbait urte elkartu eta proiektu bateratua martxan jarri zutenak. “Bi baserriak elkartu eta ekoizpen proiektua abiatu genuen, eta 2011tik dedikazio osoarekin ari naiz honetan”,... [+]


2025-01-13 | Jakoba Errekondo
Ezin usainik hartu

Sudurrak egia dio. Zaila da sudurra engainatzea. Usaimena saihestea ezinezkoa da. Sudurretik garunerako lotura bidearen ikerketa zirraragarria, liluragarria, zoragarria da makina bat ikerlarirentzat. Usainaren eta memoriaren arteko zubia azkarrena ez bada, bizkorrenetakoa bai... [+]


Bagera, gu ere bai, gu beti pozez... angulak ez hainbeste

Duela 180 milioi urte Pangea kontinentea zatitu zenerako ikasia zuen aingirak Thetis itsasoa zeharkatzen. Ordudanik kontinenteak mugituz joan dira, eta aingira espezieak ezberdinduz. Jatorrizko arbaso beretik bereizi diren 20 aingira espezieen artean, gurea da, ibai-aingira edo... [+]


Mundu berri onak

Gaizki erabilitako zorionak eta buklean errepikatutako urte berri on guztiak atzean utzita, berriz ere hasi da gurpila martxan –inoiz gelditu al da?– eta gu arnasa hartzen –edo horrelako zer edo zer–. Honetan ere artzaina izatea abantaila da, ardi-lanetan... [+]


2025-01-13 | Sustatu
Applek albiste-laburpenak asmatzen ditu inolako axolarik gabe

Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]


Eguneraketa berriak daude