Litekeena da munduko eta Europako ekonomia hasi berria dugun urte honen bigarren seihilekoan suspertzen hastea, eta, haiekin batera, baita Euskal Herrikoa ere, oro har. Iaz, nolabaiteko motelaldia izan zen gurean, ondoko bi arrazoi nagusi hauek tarteko. Batetik, irailaren 11ko New Yorkeko gertaerek izan zuten eragina; bestetik, Estatu Batuen Iraken kontrako interbentzio armatu posibleak ziurtasun eza ekarri zuen etengabe, eta ekartzen ari da oraindik ere. Jakina, Euskal Herri osoak nozitu du nazioarteko egoera hori, baina Hegoaldeak bereziki, zeinetan aski handia baita esportazioa. Batez beste, ondorio horixe ispilatzen dute, dela erakunde nazionalek, dela internazionalek, 2003 eta 2004 urteetakoa aurreikusteko egin dituzten analisiek. Horrekin batera, adierazgarria da, halaber, nazioarteko erakundeen jokabidea: 2002ko azken seihilekoan denek beheratu zituzten ekonomiaren hazkundeko eta inflazioko aurreikuspenak, munduko eta Europako ekonomiei zegokienez. Bestalde, oso antzera ibili ziren estatuko edo erkidegoetako gobernuetako erakundeak.
Adibidez, OCDE Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakunde nazioartekoak 2002ko azaroan adierazi zuen ez zitzaiola iruditzen munduko ekonomia motelduko zenik, baina, bien bitartean, nabarmen aldatu zituen herrialde industrializatuen aurreikuspen hazkundezkoak. Hau da, 2002ko lehen seihilekoan, %2,1eko hazkundea eta %3,3koa aurreikusi zituen 2002 eta 2003 urteetarako; bigarren seihilekoan, ordea, %1,5eko eta %2,2ko hazkundera murriztu zituen aurreikuspenak, ondoz ondo. Europako Banku Zentralak (EBZ), berriz, ziurtzat jo zuen abenduaren bukaeran 2004. urte arte ekonomia ez dela benetan suspertuko, eta, ondorioz edo, beherago jarri zuen Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundea, euroaren zonari dagokionez: %2,1ean eta %3,1ean ipiniak zituen 2002ko lehen seihilekoan, baina %1,1ean eta %2,1ean utzi zituen bigarrenean.
OCDE-REN ETA EBZ-REN AURREIKUSPENAK.
Bi erakunde horien aurreikuspenei erreparatuko diegu, erreferentziazkoak baitira munduko nahiz Europako egoera ekonomikoa ebaluatzeko. OCDE erakundeak, zeinetan biltzen baitira munduko herrialde industrializatuenak, uste du, nahiz eta ekonomiaren suspertzea udaberrian aurreikusi baino duda-mudazkoagoa eta gutxiago hedatua izan, nekez luzatuko dela motelaldia. Alabaina, ikusi dugu nola beheratu dituen datuak, Europako hazkundeari dagokionez, eta OCDEren beheratze horren barruan dago, halaber, Espainiako Estatua. Beherako errebisioa, hiru eta zortzi hamarrenen artekoa da. Erakunde horren datuen arabera, iaz %2,1 zen haztekoa BPG (hala zioen apirilean), baina azkenean %1,8an geratu da. Aurtengorako, 2003.erako, %3,3tik %2,5era jaitsi du aurreikuspena. Inflazioaren kontuan, berriz, OCDEk %3,5ekoa aurreikusten zuen 2002rako eta %2,6koa 2003rako, hau da, udaberrian kalkulatu baino zazpi eta lau hamarren gehiago.
OCDEko txostengileen iritziz, agente ekonomikoek konfiantza eza erakutsi dute urtearen bigarren seihilekoan, eta jarrera hori bi aldagaitan funtsatzen da. Batetik, gero eta egoera geopolitiko zalantzazkoagoa izan dute (AEBek Iraki erasoko ote zion beldur zen jendea), eta, bestetik, burtsako indizeen beste gainbehera bat egokitu zaie. Hala ere, badute nolabaiteko itxaropena aurtengorako, eta ondoko adierazgarri hauetan oinarritzen dira horretarako. Beren ustez, orain ikusiko dugu hainbat herrialdek aplikatu politika fiskalen eta monetarioen emaitza, eta, horrekin batera, baita informazioaren teknologien arloko abiada ere. Bestalde, Japoniakoa eta Errusiakoa izan ezik, ongi hazten ari omen dira Asiako ekonomia guztiak.
Europako Banku Zentralak, berriz, azaldu du beheratu egin dituela Europako hazkunde ekonomikoari buruzko zifrak, lehengo ekainean eman zituenekin konparatuta, eta murrizte horrek esportazioen %1,25eko gutxitzea eta euroaren kanbio efektibo altuagoa islatzen dituela. Aurten, esportazioetako urteko batez besteko kanbioa %2,4 eta %5,6 artean haziko omen da. Europako banku horrek beheratu egin du barruko eskariaren hazkundea, eta, bistan denez, aurreikuspen horrek berez erakusten ditu finantza merkatuen ahuldadea eta ekonomiaren duda-mudazko egoera. Bestalde, inbertsioen indartzea ere atzeratu egingo dela aurreikusi du, zeren ez baitu uste kanpoko eskaria behar adina haziko denik. Kontuak kontu, banku horrek adierazi du 2004an BPGaren hazkundea %1,9 eta %2,9 bitartekoa izatera iritsiko dela.
DENAK EZ DATOZ BAT EUSKAL EKONOMIAREN GEROAZ.
Hegoaldeari dagokionez, pronostikogileen araberakoak dira aurreikuspen ekonomikoak. Oro har, baikorrago ageri dira gobernu autonomikoak eta finantza erakundeak enpresa erakundeak baino. Euskadiko Kutxako azterlan zerbitzuan, zeinetan Hegoaldeko ekonomia guztiaren analisia egin ohi baitute, uste dute hurrengo hilabeteetan suspertuko dela munduko ekonomia. Dena dela, adierazi dute hazkundea ez dela izango esan zen "bezain handia", baina aldagai guztiek "munduko ekonomiaren suspertzea" iragartzen dutela. Horrez gainera, azaldu dute Euskal Herriko ekonomia "gainerakoak bezalatsu" bilakatuko dela, eta, bestalde, gogorarazi dute gure ekonomia "gai dela baldintza zailei aurre egiteko". Alde horretatik, iaz, ekonomiaren desazelerazioa zela kausa, Euskal Herriko esportazioak nabarmen gutxitu ziren, eta, jakina, aurten dezente ugaritzen badira, aurreikusi ekonomiaren hazkundearen seinale onena izango dira.
Eusko Jaurlaritzak uste du iaz %1,8 arte hazi zela BPG eta 2003an iritsiko dela %2,2 arte haztera. Nafarroari dagokionez, oso antzeko aurreikuspenak ikusten dira, halaber. Aurten, bestalde, oso litekeena da langabezia iazko %7tik %6,7 arte jaistea. Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak, aldiz, irizten dio, aurten, "gogor ez izan arren", "zertxobait okertu egingo dela" ekonomia. Elkarteko arduradunen ustez, iaz industriako sektoreko enpresek emaitza okerragoak izan zituzten, eta, beren analisien arabera, ez dute ikusten aldaketa handirik aurtengorako. Emaitzak okertzeko arrazoien artean, salmenten gutxitzea, enpresen irabazien marjinaren murriztea eta lehengaien prezioen igoera markatu dituzte.
Arabako enpresaburuen SEA elkarteak, bestalde, dio ekonomia geldirik dagoela orain, ez dela "susperraldiko sintomarik" igartzen, eta ekonomia ez dela bere onera etorriko 2004-2005 aldia arte. Ondorioz, uste dute litekeena dela 2003ko ekitaldia iaz baino are hazkunde gutxiagorekin ixtea. Adierazpen horiek 2002ko lehen seihileko datuen analisian funtsatzen dituzte. Aldi horretan, %5 gutxitu ziren esportazioak eta %3,1 inportazioak. Euskal Autonomia Erkidegoko Confebask enpresaburuen erakundeak, berriz, uste du Euskal Herriko ekonomia Espainiakoa baino gutxiago haziko dela, funtsean ekonomia industriala delako, zeren izaera horrek esan nahi baitu hazkunde ekonomikoen garaian gehiago hazten dela eta, alderantziz, erkindu egiten dela errezesio ekonomikoen garaian