Michel Labeguerie politiko mitikoaren ingurukoa, eta Darraidou, Badiola, Etxegarai eta Aniozbehere politikoen ildokoa zara. Zergatik ez zarete iritsi euskal alderdi kristau-demokrata bat gauzatzera Iparraldean?
Frantziako Estatua arras zentralista delako, horretan datza bere indarra. Historikoki, zentralismo honek molde berezi batez eragin izan du tokian tokiko alderdi politikoak antolatzerakoan. Ipar Euskal Herria mailan politika bat bultzatzeko Parisi lotu beharra daukazu, Frantziako alderdi politiko bati lotu gabe ez duzu deus egiterik. Labeguerieri horrela gertatu zitzaion eta bere ingurukoak espresio politiko marginala izatea pasa ginen. Egun errazagoa da hemengo politikari atxikitzea, euskararen alde lan egitea, kasu, baina orduan ez zen ongi ikusia, herritar gehienek gure politika atzerakoitzat jotzen zuten.
Angeluko hautetsia zara, Angelun euskal eta gaskoi kulturen arteko gorabeherak agertu dira azken urteetan.
UDFko Robert Villenave auzapezarekin udalbatza anitza osatu dugu Angelun. Gure udaletxea euskal jatorria eta ondareak berreskuratzeko politika sendo bat burutzen ari da azken urteetan. Angeluren jatorrian euskaldunak eta gaskoiak gaude. Nire amak gaskoia egiten zuen eta ni mintzatzeko gauza naiz, baina inor gutxi interesatua da gaskoiarekin. Aldiz, euskal kontzientzia sendotuz joan den heinean, zenbaitek gaskoia babestearen aitzakian euskararen aurka jo dute, funtsean gaskoiaren aldeko itxurakeria besterik ez da izan, euskalduntasunaren aurkako ekimen bat. Gaskoia euskara ezabatzeko aldarrikatu dute.
Angelu, herria izatetik hiria izatera pasa da azken hamarkadetan. Baiona eta Miarritze hiri historikoen artean, zein da bere tokia MAM delakoan?
Zaila da agertzea Angeluren nortasuna, azken 30 urteetan izugarri hazi da, urtero 1000 bizilagun irabaziz joan da, eta ez da angeluarrek bilatu dugun zerbait izan. Angeluk ez du Baionak eta Miarritzek duten hirigune historikoaren gisakorik izan, herritarrak ez dira hiri handietako ohituran bizi izan. Beraz, Angeluri zaila zaio hiri hauen antzeko nortasun sendo bat izatea. Alta, ni kontent naiz jende asko Angelura bizitzera etorri delako, herritar bakoitzak bere nortasuna atxikitzeko lekua aurkitu duelakoan nago, eta zentzu honetan Herriko Etxea berebiziko lana burutzen ari da euskal sustraiak biziarazteko