argia.eus
INPRIMATU
Printza
2021eko uztailaren 19a
Laura Mintegik honakoa idatzi zuen «Gara»n Durangoko Azoka zela-eta abenduaren hasieran agerkari horretan plazaratutako zutabean:
«(...) Ez da gauza berria esango dudana. Aurretik askotan entzun diegu Ramon Saizarbitoriari eta Jon Sarasuari. (...) Ez da berria, beraz, baina bai konstatagarria beste behin. Gure bertuterik handiena gure ahulezia da hain zuzen. Hau da, txikitasunak salbatzen gaitu. Iraun izan badugu, eta irauteko ahalmena baldin badugu, horrexegatik da hain zuzen: gure egitura mantentzeko beste garelako, eta berau iraunarazteko adinako indarra dugulako. Handinahiak kalte egingo liguke. Ez ginateke pertsona nahiko izango, eta indar nahikorik ez genuke edukiko. Galiziak pairatzen duen hondamendiaren tamaina beraren itsasalde zabalaren tamainakoa da, erraldoia. Kostalde hark duen aberastasunak (...) are tragikoagoa egiten du galera, isuri madarikatuak eraginda.
Frankfurt-ekoaren tamainako azoka bagenu, baldintza kaskarrek hondatuko zuten liburu eta diskoen festa. Baina ez da horrela izan. Arazoen gainetik argitaletxeek eta diskoetxeek eragozpenei eutsi egin diete, eta tinko mantendu dira bost egunez. Eta jendeak irmotasun horri erantzun dio, Durangoraino uholdeka hurbilduz, egoera txarra gorabehera. Txikiak garelako irauten dugu».