argia.eus
INPRIMATU
Oteiza eta Mitxelena
2021eko uztailaren 19a
Requiem gizarteari. Baina gure gizarteari: Ez du edonork «Bienal de Sao Paulo»ko lehen-saria irabazten. Poztu egin behar luke bizi den herriak bere altzotik «Bienal» bateko irabazlea sortu delako. Gureak ez du pozik. Horregatik pentsatzen dut hila ez badago ere, asko direla hil nahi dutenak. Bere arrazoiak izango ditu, noski, Jorge Oteizak zoratzeraino maite duen Euskal Herritik kanpora abiatzeko. Ez diot ezer esaten. Erbesteratu beharraren mina jasaten dut berarekin batera. Zerbait berria sortzeko gauza den gizonari hortarako behar duen giroa gertutzeko gai ez den herrikoa izateak mintzen nau. (...) Ihes egin behar izan dute gure arteko onenek ere. Bakoitzak bere barruko arrazoiz joan beharra izan duela uste lezake norbaitek. Oker dago, Mitxelenak «Triunfo» aldizkariaren ale berezian diona irakurtzen badu: «Euskal Herriko kaiolatxoan ez dagoela lekurik, zenbait gizon oso azkarrentzat, esan ohi da behin baino gehiagotan: horregatik ihes egin zuen, esate baterako, Unamunok. Baina bai Unamunok eta bai gizarajo honek lehenik eta batez ere bizibeharraren eraginez joan behar izan zuten: Nork bere burua eta etxekoak mantentzeko eta gogozko eta gertututako lanean jarduteko, ez nork bere herrian aurki zezakenean» (...) (1973-I-07)