argia.eus
INPRIMATU
GALIPOTA ORIAN
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2007ko otsailaren 21
Errioan jaioa izan behar zuen Pelixek. Bera izango zen ibaia gehien ezagutzen zuenetakoa. Egia esan, XX. mende hasieran jaiotako aginagatar gehienak ibaiari begira bizi izanak ziren. Urte osoko egunetan zortzi orduz fabrikan eta beste mordoska erriberako soroetako lurrak lantzen emango zituzten, eta neguko gau hotzetan errioan, angulatan. Orioko alaba batekin, Maria Luisarekin, ezkondu ondoren errio bazterrera joan ziren bizitzera biak, antzinako ontzigintzaren oroimenez betetako Mapil ondora. Oria ibaian hazi zituzten seme-alabak ere. Artean bularreko haurra zenean, semea behin baino gehiagotan senar-emazteek berekin eramana zuten errioan barrena, ardi larru batean bilduta terral izoztuaren erdian. Beraiek kontatua.

Haurtzaro eta gazte denbora gogorrak ezagutu zituen Pelixek, hiltzen ari zaizkigun gure guraso gehienen antzera. Gaur Argentinako jendeek bizi dituztenak bezalako egun latzak. Gure haurrek hil aurretik ikusi beharko dituzten egun gorrien tankerakoak. Txikitatik lan gogorretan zaildu ondoren, errukirik gabeko gerrak harrapatu zituen atzaparretan, eta honen ondoren eskasia galanta sufritu zuten berriro. Baina urteekin atzera lana sortzen hasi zela kontatzen ziguten. Eta guk mutikotan Oria gainean ezagutu genuen apar zuria ere diru berria ugaritzearekin batera azaldu omen zen.
Tolosaldeko lantoki batzuetan sortutako zimaur berezi bat zen urak zekarrena, ustel usain eraman ezin bat zeukana. Apar berriarekin angulek etortzeko ohitura zaharra galdu zuten, arrainek ez zuten berriz igo nahi pozoi hartan gora eta ixkirarik ez zuten gehiago biltzen zalabardoek. Goierriko usuriak itsasora eramateko balio zuen Oriak gu mutiko ginenean, eta bapore eta gabarraz Orioko barratik Aginagaraino hondarra ekartzeko. "Irisasi" izen bukolikoa zeukan bapore handiaren ondoan, muallatik jauzi egindakoan neska eta mutikook kaka koloreko uretan murgiltzen ginen.
Eta kantarila bihurtutako ibai zaharrari begira desesperatzen zen Pelix Uriberriko balkoian.
Urteak pasa eta hondamendi honen errudunetako bat Azpeitian aurkitu zuen Pelixek. Bereziartua medikuaren kontsultara joanak izan behar zuten senar-emazteek, eta bertan azoka eguna aprobetxatuz boto eske zebilen Fraga Iribarne. Emaztearen erreguetatik askatu eta zuzenean beregana jo zuen Pelixek, ordurako baldartu samarra baina indartsua zuen ibilera harekin:
- Aizu, gizon, zu al zara Fraga?
- Bai, adiskidea: zer behar duzu?
- Noiz garbitu behar duzue gure errioa?
Lehorreko tierretatik etorritako politikari famatua harrituta geratu zen galdera bitxia entzunda. Aurrean zuen baserritar handi hura gizon sentibera zen eta hainbeste jende eta bizkarzainen artean urduri zegoen, bastoiari eskuarekin tinko helduz. Ez zegoen txantxatarako.
- Ombre, zuk arrantzalea izan behar duzu... -esan zuen, bake nahian-edo politikariak.
- Bai, jauna, urte luzez angulak, ixkirak eta klase guztietako arrainak harrapatu ditugu guk Oria ibaian. Eta orain ez dago ezer, dena izorratu duzue!
- Lasai, gizona, laster garbituko dugu dena, laster konponduko dira gauzak...
Gauza da, urte gutxiren buruan ibaia garbitu egin zela. Ez zuen Fragak garbitu Oria, ezta demokrazia berriak ere, Tolosaldean ehunka langile kualifikatu kale gorrian utzi zituen krisi ekonomikoak baizik. Baina azken urteetan berriro etxe aurrean arrainak azaltzen ikusteko zoria izan zuen Pelixek.

Fragarekin izandako enkontrua haurrei kontatzeko bezain polita eta gazteei esplikatzeko bezain profeziaz betea izan zen. Baina pasadizo hartaz aparte, Oria ibaia eta Aginagatik Oriorainoko erriberak defenditzeko orduan berriro adorea erakutsi zuen Pelixek duela 25 urte, beste hiru herritarrekin batera espekulazio operazio handi eta suntsitzaile bat gelditzen lagundu zuenean.
"Prestige" izeneko bapore erraldoia hondoratzen ikusi zen egunean, ur bazterrean sortutako askok jakin genuen gu ohartzerako Orioko barran izango genuela haren apar beltza. Pelixek oker handirik gabe asmatuko zukeen. Dagoen lekuan, ondo damutua egon behar du Fraga zahar horri aurrean eduki zuenean bastoiarekin kalabera hezurra hautsi ez ziolako