Belaguako haranetik Maulera espartinak egitera

  • Nafarroaren ekialdeko muturrean ibiliko gara gaurkoan, Belagua haranean eta Zuberoako mugetan, Camille Euskal Herriko hartz ospetsuenaren ibileren lurrean. Euskal Herriko mendi handienen eskualdea da hau, eta edertasun bitxiko eremuak ditu Larrako ingurunean. Askok Belaguan izan dugu haurtzaro edo gaztaroan goi mendiarekin lehenengo kontaktua; eta, bai udan eta bai neguan, jende askoren irteeren helmuga dira inguru honetako mendiak. Juan Pito benta izango dugu abiapuntu, Izabatik San Martin Harriaren leporantz doan errepidearen bihurgune batean, aspaldiko espartingileen bidea ezagutzeko. Bailaratik airoso itxuran ikusten den Keleta mendiaren gailurretik pasaz, Arrakoko Amaren baseliza eta izen bereko benta zaharrera gerturatuko gara gero.


Juan Pito benta 1820 urtean existitzen zela dokumentatua dago. Ez dakigu noiztik, baina urte horretan hortxe zegoen jada. Denborarekin itxuraldaketa gutxi izan duen benta honek, esaten denez, Juan Pito deitutako gizon batengandik hartu omen zuen izena. Dirudienez, Erronkariko dultzaina jole bat zen, Zuberoarako bidean benta bat zuena. 1962an berritu zuten eta 1964an jatetxea jarri, urte horretan bertan heldu zen errepidea honaino. 1971-72an gaurko errepidea ireki zen Belaguako haranetik Zuberoaraino, Erraizeko lepotik. Honela bi isurialdeak errepidez elkartuta gelditu ziren, gaur ezagutzen dugun bezala. Artzain borda berritu honetako berezitasuna "artzainaren ogi mamiak" dira. Janaria ordubatetik bostetara ematen dute, baina ez da erreserbarik egiten.

Juan Pito eta Arrako bentekin batera, ezin aipatu gabe utzi Pedregon borda edo Gorria taberna ia mitikoa. Gorria taberna zaharra bailarako zelaien erdian dagoen artzain borda txiki bat da, errepidearen ertzean. Belaunaldi ezberdinetako mendizale ugariren pasaeraren lekuko gisa, taberna autentiko hau, bisitatu duen jende mordoak utzitako pegatinez, txartelez eta argazkiz betea dago barrualdean. Bertan gazta saltzen dute eta edariren bat eman ere bai.
Ibilbidea Juan Pito bentaren aparkalekutik hasi dugu, Jordan errekarantz zuzentzen den bidezidorretik, etxearen atzeko aldetik pasaz (1.150 m). Bidea harri batean seinalatua dago pinturaz, baina hasieran bakarrik, aurrerago ez. Ezkerrean basoa eta eskuinean belardi bat ditugula, maldarik gabe joan gara minutu gutxiren buruan errekaren ondora heldu garen arte. Berau gurutzatu, ur jauzi baten gaineko aldetik (ur jauzi honetatik hasi ohi da arroila honen jaitsiera), errekatik aldendu gara, maldan gora, eta pagadian sartu gara. Basoko tarte honetan ez dugu bide garbirik topatu, baina mendi bizkarrean gora igotzen segituz, berehala heldu gara gain borobildu baten gaineko soilune batera, leku ederra lehen geldiunea egiteko, eta Belaguako mendien ikuspegiaz gozatzen hasteko (1.235 m).
Gain honetatik gora, oroitarri zuri bat ikusten da urrunean. Igo behar dugun maldaren erdian jarria dago, piolet batekin apaindua. Pixka bat gorago, mendi bizkarretik igotzeari utzi diogu ezkerraldeko malkarretatik zehar joateko, horizontalean doan bidexka estu batetik. Honela goialdeko zelaietara gerturatzen joan gara pixkanaka, lepo nagusi bateraino (1.416 m) iritsi arte: Arrakogoitiko lepoa deitzen zaio Nafarroako aldean, Urdaiteko lepoa Zuberoako aldetik. Bi lurraldeon arteko muga da. Arrakogoitiko lepoa zen Nafarroa eta Zuberoaren arteko oinezko komunikabidea, hauxe baita aurrean ditugun mendi hauen beste aldera pasatzeko leporik baxuena; gaur egungo errepideak jarraitzen duen ibilbidea askoz altuera handiagotik doa. Lepo zabal honen beste aldean Zuberoako lurrak agertu zaizkigu aurrean, gure oinetara justu, Kakuetako arroila handia dugula. Gure atzera begiratzen badugu, berriz, Belagua gaineko mendiak ikusten dira udazkeneko lehenengo elur geruza fin batez jantzita: Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema, Txamantxoia eta abar. Gure eskuinen, aldiz, Lakora daukagu, eta ezkerrean Binbaleta. Hona heldu baino lehenago, Maulera espartinak egiten lan egitera lepo honetan barna joaten zirenen oroimenezko monumentu bat dago, soilik "d'un monde a l'autre" esaldia dauka idatzita, mugaren alde batetik besterako bidaia hura gogora ekarriz.
Oroitarria Mauleko elkarte batek jarria da, Zuberoako hiriburura lanera joaten zen jendearen omenez. Jende hura Arrakogoiti lepotik eta Kakueta arroilaren gainaldetik Santa Grazira jaitsi, eta handik Maulera autobusez joaten zen. Espartingileak mendearen hasieratik 1940-50 alderaino joan ziren Maulera lanera. Garai haietan, Juan Pito bentan jendeak lo egiteko ganbara bat zeukan, eta hor hartzen zuten ostatu bizimodu bila joandako jende pobre hark. Antzeko oroitarri gehiago dago Fago, Izaba eta Anso herrietan, herri horietatik abiatzen baitzen jendea mugaren beste aldera.
XIX. mendean, Maulek aurrerapen ekonomiko garrantzitsua ezagutu zuen espartinen industriaren garapenarekin. Izan ere, Zuberoako hiriburua 1.600 espartingile izatera heldu zen, dozena bat lantegitan banatuak. Bezero oso garrantzitsuak ziren meatzariak: astebetean Mauleko bi espartin pare gastatzen baitzituzten. Industria hau, ordea, pixkanaka garrantzia galtzen joan zen, eta gaur egun Mauleko ekonomia Pirinioetako ardi esnea eta gazta ekoiztera dedikatua dago gehiago, espartinak gauza berezi moduan saltzen jarraitzen badira ere.
Arrakogoiti lepotik Binbaletarantz igotzen hasi gara pixka bat, eta berehala, bide on eta garbi bat topatu, mendia ezkerreko maldetatik zehar inguratuz doana. Gure parean garbi ikusten den lepora iritsi behar dugu, eta haraxe zuzentzen da bidea, azken zatian malda gogorxeagotik gora. Lepo txiki honetan (1.820 m) Zuberoako mendien ikuspegi berria daukagu zain: Ori, Txardekagaina edo Barazea, Holtzarteko arroilaren goialdea eta Arballak, Behorlegi, Hauskoa eta Zaboze.
Gure ezkerrean dugun malda arras gogorrari ekin behar diogu segidan, Lakartxelaren (Kartxela eta Kartxila ere deitua) gailurrera iristeko. Zigi-zaga igotzen den bide garbiari jarraituz, Lakartxela eta Keletaren arteko gailurrerian irekitzen den beste lepo txiki batera heldu eta azken metroak ibili ditugu tontorreraino (1.982 m). Anaitasuna elkartearen postontzia eta haize orratz bat daude bertan. Zelai ederrak ikusten dira gure azpian justu, beherago, Mintxateko bailara, Otsogorrigaina mendebaldean, eta hegoekialdera segidan igotzera goazen Keleta mendia. Horra iristeko, Lakartxelaren ondoko lepo txikira itzuli eta gailur ertzeko gain guztian barna joan gara, tentuz, leku batzuetan eroriko arriskua baitago. Elurra edo izotzarekin izan ezik, ez du batere zailtasunik, arreta pixka bat jartzea besterik ez. Bidexka lauso bat jarrai daiteke zati batzuetan, eta gailurren bat igo gabe pasa behar denean beti eskuineko aldetik inguratzen da, ezkerrean amildegia baitago. Keletako tontorrera iritsi gara honela; ez dauka postontzirik, burdin zahar bat bakarrik (1.902 m).
Keletako gailurretik ikuspegiak Belaguako harana luze-zabalean menperatzen du. Garbi ikusten da, urrutian, honaino iristeko hasieran ekarri dugun bidea, eta lehen geldialdia egin dugun baso arteko soilune berezi hura. Baina itzulerako bidea geratzen da, eta horrela, hegoalderantz zuzentzen den gandorretik hasi gara jaisten, malda gogorrean behera, bidexka txiki bati jarraituz. Gure parean Larrondoa ikusten da, belardiz estalitako mendi borobildua; bere oinean dagoen Lapatia lepora goaz (1.530 m). Lepo honetatik ezkerreko alderantz jaitsi beharko dugu haranera bueltatzeko. Lepotik beherako lehenengo tartean belardia da nagusi, gero basoan sartu beharko dugu. Ez dago bide garbirik. Zelaiak pasa ondoren basoan sartu, ezkerrerantz joz, eta basoan bizkar batetik behera jaisten hasi behar da. Aurrerago bada bide bat, haranean dagoen Arrako bentaraino eramaten duena, baina Lapatiako lepo inguruan hasiera aurkitzea ez da erraza. Edonola ere, adi ibili beharra dago hemen: lepoaren azpialdean bertan dagoen errekatxotik behera jaisten hasiz gero, erreka zulo txar eta zail batean sartuko gara, gero eta beherago malkar gogorragoa duena. Ibilaldia bukatu eta gero izan solasaldian, Gorria tabernako gizonak zioenez, nahi gabe arroila horretan sartzea jende askori gertatzen omen zaio.
Bide ona bilatuta beraz, Arrakobeitiko oihana zeharkatuz, Arrako bentaraino iritsi gara (950 m). Baseliza eta aspaldi benta zen eraikuntza haraneko zelai zabalen ondoan daude, eta metro gutxitara, oso ongi kontserbatutako trikuharri bat, ikusteko oso polita. Arrako benta ez da ziur noiztik egon den hor, dakiguna da oso aspaldi utzi ziola benta lana betetzeari, eta azken urteotan ukuilu gisa erabiltzen zen. Abandonatu samarra zegoen Donostiako ikastola batek erosi eta konpontzen hasi diren arte umeak-eta bertara eramateko.
Bentaren eta ermitaren artetik pasatzen den bidetik segitu dugu oinez, ibilbidearen azken tarteari ekiteko. Arrako erreka gurutzatu dugu hormigoizko zubi txiki batetik, eta hor berriro maldan gora hasi. Berehala, belaze batean, espartingileen beste oroigarri baten ondotik pasa gara: "Nous avons fait ce voyage pour trouver notre vie" dio, ogibidea bilatzera joaten zen jende hark ibilitako bide bera egiten ari garela gogora ekarriz. Hemendik Juan Pito bentaraino bide ona dago, tarte batzuetan basotik. Eguneko azken argiekin eman dugu bukatutzat gaurko ibilaldia, benta zaharraren atarian
Belagua harana: interes kontrajarriak
Belagua balio handiko ingurune naturala, eski instalazioen kokalekua, artzaintza bezalako erabilpen tradizionalen eskualdea eta hartzaren ibileren eszenatokia da. Artzain askok beren ofizioa eta hartza "bateraezinak" kontsideratzen dituzte. Desagertzear dauden animaliak babestu beharra ikusten da beste aldetik. Baina kontua da bai artzain eta bai hartzen eskualdeak, eskia eta turismoarekin lotutako hainbat azpiegitura sortzeko proiektuen itzala duela gainean.

1976an "Belaguako plan berezia" delakoa aurrera eraman nahi izan zuen elkarte pribatu batek. Belaguako zokoa 20.000 turista jasotzeko prestatutako hotel, apartamentu, kanpin, piszina, zentro komertzial eta aparkalekuekin urbanizatzea eta eskiatzeko 1.500 hektarea prestatzea zen asmoa, baina ez zuten lortu. 1978an, Izabako udalak ingurune babestu urbanizaezina deklaratu zuen Larrako eremua.
1985ean prestatu zen Eskilzarra eremuan iraupen eskirako lehenengo pista, lehendik zeuden bideak aprobetxatuz, ez baitzen makinarik erabili. Geroago beste pista batzuk egin ziren, baina Larrako arroka eremua makinaz txikitu gabe.
1987tik Erreserba Naturala da, eta Txamantxoian Erreserba Integral izendatutako alderdi bat dago, bi eremu hauek baitira gizakiak gutxien aldatutakoak. Belaguak edertasun paisajistikoaz gain, interes zientifikoa ere badu, Larrako labirinto karstikoa eta pinu beltzeko basoa, esaterako.
Gaur Erronkari bailarako batzordeak Belaguako eski eremua zabaldu nahi du, pista berriak eginez, baina Espazio Naturalen Legea du oztopo, eta legea aldatzeaz hitz egiten da...
Larrako eremuan artzaintza, iraupen eskia, mendizaletasuna eta espeleologia egiten dira eta neurri batean ingurumena nahiko ongi kontserbatu da. Politiko batzuek erreserba naturalak izateak bailararen garapen ekonomikoa oztopatzen duela esan arren, Belaguako natur-guneak bisitariak erakartzen ditu, lehen eta orain. Jarduera ekonomiko ia guztia turismoan oinarritu eta elurra egin edo ez egitearen kapritxoaren menpe egoteak, bideraezina egiten du asmo hori. Bestalde, Areta-San Martin Harria eski alpinoko estazioa dago distantzia gutxira, gaurko iraupen eskiko pistek dagoen eskaera betetzen dute, eta onena: bakoitza nahi duen ingurunean ibil daiteke raketa edo mendiko eskiekin


Azkenak
EHUk eskolak ematea debekatu dio, behin-behinean, “mezu faxistak” zabaldu dituen irakasleari

Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi duenez, gutxienez astebetez ez du eskolarik emango Zuzenbide Fakultateko irakasleak. Astelehen goizean Leioako campuseko ehunka ikaslek sare sozialetan frankismoa goraipatzea eta mezu xenofobo, matxista eta homofoboak hedatu izana salatu... [+]


Turistifikazioaren Aurkako Urria antolatu dute, hiri bizigarri baten alde

Turismoaren Nazioarteko Egunean, joan den ostiralean, aurkeztu zuen Bizilagunekin plataformak Turistikazioaren Aurkako Urria egitasmoa.


2024-09-30 | ARGIA
Barakaldoko tiroketaren harira zazpi pertsona atxilotu dituzte

Gizon bat hil eta beste bi pertsona zauritu dituzte igandean, Barakaldon izandako tiroketan. Ertzaintzak zazpi lagun atxilotu ditu –bost gizon eta bi emakume–, eta ikerketa zabalik da oraindik.


2024-09-30 | ARGIA
Israelek dozenaka lagun hil ditu Libanon eta Yemenen, Hezbollah eta Hamaseko buruak tartean

Israelen bonbardaketek ez dute etenik. Beirut (Libano) eta Yemengo hainbat azpiegitura izan ditu jo-puntuan azken egunotan, eta dozenaka herritar hil erasoetan. Horien artean, Hezbollah erakunde xiitako buruzagi Hassan Nasrallah eta Segurtasun Prebentiboko komandante Nabil... [+]


2024-09-30 | ARGIA
Ultraeskuinak irabazi ditu hauteskundeak Austrian, lehen aldiz Bigarren Mundu Gerraz geroztik

Botoen %28,8 lortu ditu FPÖ alderdi ultranazionalistak, 2019an baino %13 gehiago. ÖVP Alderdi Popularrak botoen %26,3 jaso du eta hirugarren indarra izan da SPÖ alderdi sozialdemokrata, botoen %21,1ekin. Alderdi nagusiek uko egin diote ultraeskuinari gobernatzeko... [+]


Pilar Garaialde, Gogora Institututik kanpo utzi duten estatuaren biktima:
“Beti zoru etikoa ahoan, baina ez dakit hori non ote dagoen”

Iragan asteazkenean, Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko bost kide independenteak hautatu zituzten Gasteizko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean. EAJren eta PSE-EEren abstentzioek Pilar Garaialde Salsamendi zuzendaritzatik kanpo utzi zuten. Bera zen,... [+]


Eguneraketa berriak daude