argia.eus
INPRIMATU
Termometroa
2021eko uztailaren 19a

HONDAMENDIA SAIHESTU NAHIAN EUSKAL KOSTAN

Zenbat fuel iritsiko den, hori da Euskal Herrian dagoen zalantza handiena. Kantauri itsasoan zehar barreiatutako orban beltzak ugariak dira, eta dena prest dago etor daitekeen hondamendiari aurre egiteko. Galizian gertatuak oso gogor astindu du herritarraren kontzientzia, bi arrazoirengatik gainera: batetik, hondamendi ekologiko eta ekonomikoagatik, eta bestetik, hondamendiari aurre egiteko Espainia eta Galiziako agintariek erakutsi duten eraginkortasun eskasagatik. Fuelak eragindako lekuetako beste agintari batzuk ohartu dira hortaz eta neurriak jarri dituzte abian. Oraingoz, hala dirudi behintzat.


UDALBILTZAREN NAZIOARTEKO KONFERENTZIAREN ARRAKASTA

MUNDUKO herri desberdinetako ordezkari ugari bildu ditu Udalbiltzak bere Nazioarteko Konferentzian. Bizipenen elkar trukatzeaz gain, Europako Herrien Legebiltzarra sortzeko Udalbiltzak egin duen proposamena nabarmendu behar da. Ez da erraza izango halako proposamen bat aurrera ateratzea, baina proposamena hor da horretarako beharra, gogoa eta bitartekoak dituenarentzat. Ezker abertzaleak kudeatzen duen Udalbiltzaren ekimen garrantzitsuenetakoa izan da konferentzia hau, eta gizarte mailan ere, sorrera ekitaldia aparte utzita, Udalbiltzak orain arte lortu duen oihartzun maila handiena izan du seguruenik.


MANIFESTAZIOA ETA-REN AURKA

IBARRETXE Lehendakariak hilaren 22rako ETAren aurka deitutako manifestazioan azkenean zeintzuk egongo diren ikusteko dago oraindik. Hiruko gobernuko indarrak seguru izango dira, badirudi PSE-EE ere bertan egongo dela eta ikusi behar PPkoek zer egiten duten. ETA bi hilabetez geldi egon eta Santanderren jarritako bonba-autoa eta Ibarretxeren planaren aurka ateratako agiriaren ondoren etorri da deialdia. Lehendakariak bere proposamenaren alde erabiltzearen beldur dira PPn eta PSOEn. Sozialista Abertzaleen aldetik kontramanifestaziotzat hartu da deialdia, beren ustez Bilbon eta Donostian ezker abertzaleak egin dituen manifestazio jendetsuei Ibarretxek erantzuna eman nahi dielako.


DIRULAGUNTZARIK EZ ORAINDIK

EUSKO Jaurlaritzaren dirulaguntza jasotzen duten komunikabide asko urte bukaera zaila pasatzen ari dira diru aldetik, oraindik ere Jaurlaritzak aurtengo dirulaguntzen jakinarazpen ofiziala egin ez duelako eta, beraz, dirurik ere banatu ez duelako.


SEGURUENIK BERRIZ LUZAPENA

AURTEN ere aurrekontuek hilaren 27ko osoko bilkurarainoko bidea egingo dutela dirudi, aurreko prozeduretan akordiorik erdiestea gaitza ikusten delako. PPk eta PSE-EEk arrazoi batzuk erabiliko dituzte aurrekontuak arbuiatzeko, Sozialista Abertzaleen aldetik beste batzuk, baina hiruko gobernuak ezezkoak elkarrekin agertzera behartuko ditu. Ikusgai, halaber, negoziazioaren zurrunbiloan EAk eta Ezker Batuak onartuko al duten Sozialista Abertzaleek haiekin zuzenean negoziatzeko egindako gonbitea. Seguruenik, horiek guztiak ikusi beharko dira agortzen abenduko azken aste bi hauetan, datorren urtean berriz aurrekontu luzatuak izan aurretik.


BATASUNAREN ILEGALIZAZIOA

ERREALITATEAN, gaur egun Kode Penalaren bidetik legez kanpo badago ere, Batasuna behin-betiko legez kanpo uzteko erabakia ez ei da martxoa baino lehenago ezagutuko ‘El Mundo’ egunkariak jakitera eman duenez. Prozedura geldo doa eta horregatik Espainiako Auzitegi Gorenak ez ditu lekuko gisa deituko aldez aurretik horretarako izendatutako zenbait pertsona. Ikusmira handia dago, halaber, ostiral honetan HB, EH eta Batasuneko buruzagi desberdinen deklarazioa hartu ondoren, Baltasar Garzonek espetxeratuko dituen ala ez jakiteko.


UDALBILTZAK 240.000 EMAN DIZKIO SEHASKARI

EAJ eta EAk kudeatzen duten Udalbiltzak 240.000 euro eman dizkio Seaskari Hazparnen eta Donibane Garazin egin behar diren bi ikastola egin daitezen. Iparraldeko zenbait sektoretatik halako jokaerak EAEko instituzioen eskuhartze okertzat jotzen dute.