EUSKAL HERRIKO LANDARE KARNIBOROAK


2021eko uztailaren 19an
Mende luzeetan zehar herri mitologiak eta obskurantismoak eta azken hamarkada hauetan literaturak, komikiek eta alegiazko zinemak gizaki osoak ere irents ditzaketen landare erraldoi eta beldurgarri gisa identifikatzeak, erabat baldintzatu du izaki bizidun harrigarri hauetaz dugun irudia. Ospe txar honen zergatia elikadura ohitura karniboroez gain, agertzen direneko alderdiekin zerikusi handia du; lakuak, putzuak, zohikaztegiak, zingirak eta era honetako ingurune istiltsu eta misteriotsuetan garatzeak, azaltzen duten morfologia bereziarekin batera, aspaldidanik begi txarrez ikusiak izatea eragin baitu. Honek, espezie batzuk azaltzen dituzten ahalmen sendagarriak eta belar biltzaileen aldetik jasan duten presio handiak, espezie gehienak mantentze egoera kezkagarrian egotera eraman dituzte. Baina errealitatea oso bestelakoa da, landare karniboroak bizi diren inguruneetako elikagai mineralen urritasunari aurre egiteko animalia txikiak erakarri, harrapatu eta liseritzeko moldaera eta mekanismo harrigarriak garatu dituzten eite txikiko belar espezie bitxiak baino ez dira-eta.

Landare karniboroen lehenengo aipamena Junius Rember Dodoens alemaniarrari zor diogu. Botaniko horrek 1554. urtean Drosera izeneko landare sendagarria deskribatu eta marraztu zuen, baina ez zen ohartu aipatu landarearen izaera karniboroaz. Hala ere, espezieen eboluzioaren teoria plazaratu zuen Charles Darwin naturalista ospetsua izan zen zenbait landarek, elikagaien urritasunari aurre egiteko garatutako mekanismo karniboroen deskribapen zehatza egin zuen lehenengoa; 1875. urtean argitaratu zuen «Insectivorous Plants» liburuan.
Landare hauek bizi diren habitatetako elikagaien kontzentrazio baxua ingurune horien baldintzetan bilatu behar da: leku horietan nagusi diren ur geldiek oxigeno kontzentrazioa txikia izatea eragiten dute eta ondorioz, hildako materia organikoa erabat usteldu gabe pilatzen da. Gainera, leku horietako ura, normalean, azidotu egiten da eta beraz, ustelketan lagun zezaketen hainbat eta hainbat bakterio ezin dira bertan bizi. Horren guztiaren ondorioa, batez ere, nitrogeno eta fosforo mineralen urritasuna da eta baldintza mugatzaile horiei aurre egiteko landare karniboroek mineral horiek beste iturrietatik lortzeko moldaerak garatu dituzte, animalia txikiak erakarri, harrapatu eta hiltzea ahalbidetzen dutenak, hain zuzen ere.
Landare hauen biktimak tamaina txikiko animaliak dira beti, hala nola, errotiferoak, kopepodoak, uretako intsektuen larbak, inurriak, euliak, erleak, tximeletak, matxinsaltoak... eta soilik tamainarik handieneko aleek harrapa dezakete noizbehinka ugaztun, igel, arrain edo hegazti txikiren bat.


Harrapaketa mekanismoak.

Landare karniborismoaren prozesuak hiru fase dauzka: erakarpena, harrapaketa eta liseriketa.

Erakarpena: Erakarpenaren fasean landareak animaliak hurbiltzea lortu behar du. Horretarako, landare karniboroek mekanismo desberdinak azaltzen dituzte. Batzuek, usain atseginak jariatzen dituzte; beste batzuek nektar goxoak ekoizten dituzte eta azken talde batekoek kolore deigarriak erakusten dituzte.
Harrapaketa: Harrapaketaren fasean, ordea, landare karniboroek hurbildutako animaliak harrapatzea lortu behar dituzte. Harrapaketa burutzeko landare karniboro espezieek mekanismo ugari azaltzen dute. Hiru motako mekanismoak daude: aktiboak, erdiaktiboak eta pasiboak.
Mekanismo aktiboak harrapakinaren mugimenduarekin automatikoki itxi egiten diren malguki edo zurrupaketako tranpak dira. Mekanismo ikusgarriak dira landarea mugitzen ikus daitekeelako. Mekanismo aktiboak ere bi motakoak izan daitezke: baraila itxurakoak eta xurgatze tranpak. Lehenengoetan hosto ertza hortz itxurako zenbait luzapenez beteta dago. Kuskuaren barruan landareak ekoizten duen nektar goxoak erakarrita, intsektuak barrura sartzen dira eta ile txiki batzuk kitzikatzen dituzte eta horiek kuskua ixteko agindua ematen dute, intsektua barruan harrapatuta gelditzen delarik. Xurgatze tranpak, ordea, uretan bizi diren zenbait landare karniborotan agertzen dira. Tranpak txikiak dira eta hustuta daudenean airerik gabeko poltsen itxura hartzen dute. Tranpa horiek operkulo izeneko irekidura bat dute eta ur arkakusoren bat edo beste uretako organismo txikiren bat bertara hurbiltzen denean, iletxo batzuk kitzikatuko ditu, horrek operkuloa ireki eta aurrean duen guztia xurgatuko duelarik.
Mekanismo erdiaktiboak tentakulu eranskorrez osatutako tranpak azaltzen dituzten landare karniboroetan agertzen dira. Horiek zertxobait mugitzen dira harrapakinaren mugimenduarekin, baina lehenengoak baino askoz ere mantsoago.
Mekanismo pasiboak mugimendurik gabeko tranpak dituzten landare karniboroetan agertzen dira. Horiek ere bi motakoak izan daitezke: tentakulu eranskorrak dituztenak eta pitxar edo inbutuak dituztenak. Tentakulu eranskorrek animaliak ikutu bezain laster bertan itsatsita gelditzeko substantziez estalita daude. Pitxar edo inbutuek, ordea, kolore biziak, nektar goxoak edo usain erakargarriak izan ohi dituzte intsektuak bertaraino erakartzeko eta gainera, hormak substantzia labainkorrez bustita egoten dira, behin sartu eta gero, irteera galarazteko. Pitxarraren barruan euri uraz eta liseriketa entzimez osatutako "salda" dago eta bertan ito egingo da animalia liseriketa hasi baino lehen.
Liseriketa: Liseriketaren fasean, harrapatutako animaliak liseritu eta horrela inguruan lortzen ez dituzten elikagaiak eskuratu egiten dituzte landare hauek. Liseriketa landarearen kanpoaldean gertatzen da eta landare berak edo elkarketa sinbiotikoen bidez, berari lotutako zenbait onddo eta bakteriok ekoiztutako entzimei esker burutzen da. Prozesu kimiko horien eraginez, harrapatutako animalietatik funtsezkoak diren hainbat mineral lortu eta organismoaren barruan sartuko dituzte.

Euskal Herriko landare karniboroak.

Euskal Herrian aurki daitezkeen landare karniboroen espezieak bi familia desberdinetakoak dira: droserazeoak eta lentibuliazeoak.
Droserazeoak (edo eguzki ihintzak euskaraz) neguan erraboiletan bihurtu eta udaberrian berragertzen diren belar espezie bizikorrak dira. Landare txikiak dira, normalean zentimetro gutxi batzuk baino neurtzen ez baitituzte. Hostoak harikara edo disko itxurakoak dira eta errosetoietan antolatzen dira zurtoinaren oinarrian. Baina zalantzarik gabe, droserazeoen morfologiako aspekturik deigarriena harrapaketa burutzeko hostoen gainean azaltzen dituzten gorri bizi koloreko filamentuak dira. Mekanismo erdiaktiboak diren filamentu horiek muturrean substantzia eranskor bat ekoizten dute eta horrela, koloreak erakarrita, intsektuak bertan pausatzen direnean, itsatsiak gelditzen dira. Gainera, bertatik ihes egiteko animalia mugitzerakoan filamentuak aktibatu egiten dira eta pixkanaka itxi egiten dira animaliaren inguruan. Mugimendu horrek, gainera, animalia hostoaren erdialdera eramaten du, bertan kontzentratuta baitaude liseriketa glandula gehienak.
Euskal Herrian dauden droserazeoen ordezkari guztiak, zohikaztegi, inguru heze, txilardi eta era honetako inguruetan bizi diren Drosera generoko hiru espezietakoak dira. Hauen artean, Drosera rotundifolia dugu espezierik naroena, beste biak, Drosera intermedia eta batez ere Drosera longifolia, askoz bakanagoak baitira. Hiruen arteko desberdintasunak hostoaren itxuran aurkituko ditugu. Lehenengoak hosto handi eta borobil-borobilak azaltzen ditu. Bigarrenak, berriz, arrautz itxurako hosto txikiak dauzka. Drosera longifoliak, azkenik, lantza eta arrautz itxurako hosto luzeak izateagatik bereizten da.
Lentibuliazeoak ere, inguru heze edo istiltsuetan garatzen diren belar espezie karniboroak dira. Euskal Herriko lentibuliazeoak bi generokoak dira. Alde batetik, euskaraz muki belarrak izenez ezagunak diren Pinguicula generoko espezie lehortarrak ditugu. Hauen itxura, errosetoiak eratzen dituzten lurzoruaren gainean garatzen diren hostoak eta horiek inguratutako lore zurtoin tentea azaltzeagatik bereizten da. Hostoen azala, harrapaketaz eta liseriketaz arduratzen diren guruinen presentziaren ondorioz, distiratsua, koipetsua eta eranskorra da. Loreek, ordea, intsektuak erakartzeko, txanpinoi usaina jariatzen dute. Aipatzekoa da muki belarrak soilik udan direla karniboroak, udazkenean, intsektuak harrapatzeko ahalmenik ez duten hostoak agertzen baitira. Muki belarren harrapaketa mekanismoa pasiboa edo erdiaktiboa ote den ez dago erabat argi; izan ere, hostoen ertzek barrurantz biltzeko joera dute. Prozesu mantsoa da eta bi egun inguru behar izaten du guztiz bukatzeko. Beraz harrapaketa baino, liseriketarekin du zerikusia, era horretara harrapakinaren gorputza liseriketa glandula gehiagorekin jartzen da kontaktuan. Horrez gain, hostoaren azalak beherantz egin ohi du biktima itsatsita gelditu den lekuan eta horrela liseriketa jarioetan urperatuta gelditzen da.
Euskal Herrian Pinguicula grandiflora dugu muki belarrik ugariena, baina beste espezie batzuk ere, ikus daitezke, hala nola, Pinguicula lusitanica edo Pinguicula alpina.
Azkenik, arrainjaleak izenez ezagunak diren Utricularia generoko landare karniboroak ditugu, normalean uretako izaki bizidun mikroskopikoez elikatzen badira ere, noizean behin arrainkumeren bat harrapa baitezakete. Landare hauen ezaugarri morfologikorik nabarmenena, bere harrapakinak harrapatzeko uraren azpian azaltzen dituzten "utrikulu zurrupatzaileak" izeneko xurgatze tranpak dira. Lehen deskribatu dugun harrapaketa mekanismo hori landare karniboroetan garatu den sistemarik konplexuena da eta berari esker uretan ugari diren ur arkakusoak, eltxoen larbak, protozooak... eta noizbait arrainkumeren bat harrapatzen dute. Utricularia minor eta Utricularia vulgaris dira genero honek Euskal Herrian azaltzen dituen espezieak.

Arriskuan dagoen ondare naturala.

Azken hamarkadetan, gizakiaren eraginez, hezeguneek ezagutu duten gainbeherak ekosistema horietara hertsiki lotutako landare karniboroak mantentze egoera kezkagarrian utzi ditu. Nekazaritza eta larre lur eremu berriak edo uraska urmaelak sortzeko egindako eraldaketek zohikaztegi eta hezegune txiki ugari suntsitu eta desagertarazi dute eta horrek eragin ikaragarria izan du habitat horietan bizitzeko espezializazio handia azaltzen duten landare karniboroengan.
Hori gutxi balitz, azken urteetan landare haragijaleak etxean hazteko moda agertu da eta hori ikaragarrizko presioa da landare karniboroentzat, izan ere, landare saltzaileak zohikaztegietara hurbiltzen hasi dira landare horiek lortzearren. Hala ere, esan beharra dago landare horiek etxeetan haztea ikaragarri zaila dela, bizi baldintza oso berezietan bizi baitira naturan eta oso sentikorrak baitira aldaketekiko


Azkenak
Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


2024-09-29 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. Azken eguna.
Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


Zezenaren tortura babesten duen dokumentalak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]


2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


Elon Muskek bilatzen ditu Trumpen botoak AEBetako estatu giltzarrietan

Munduko gizon aberatsenetakoa den Elon Muskek bultzatzen du America Pac ekimen politikorako batzordea, The Guardian-ek jakinarazi duen arabera. Bere zeregina da AEBetako hainbat estatu giltzarritan Donald Trump-entzat botoak biltzea.


700 hildakotik gora Libanon eta Israelen lurreko erasoa gero eta gertuago

Israelek jarraitzen du Libanoko hegoaldeari eta Beiruteko hainbat auzori airez eraso egiten eta, nazioarteko eragileen deiak gero eta handiagoak badira ere, oraingoz ez da su-etenerako aukerarik ikusten.


2024-09-27 | Gedar
Palestinako Agintaritzak erresistentziaren kontra betetzen duen lana salatu dute berriz milizianoek

Palestinako Agintaritzaren segurtasun-indarrek rol aktiboa dute erresistentziako kideen kontra: jazarpena, lapurretak, boikotak eta abar aipatu dituzte, beste behin ere.


Anglosaxoi hitza arrazista da?

Nottinghameko Unibertsitateak Anglosaxoiei eta Vikingoei buruzko Ikasketak masterrari izena aldatu dio: Ingalaterrako Goi Erdi Aroko Ikasketak. Cambridgeko Unibertsitateko Anglo-Saxon England Journal aldizkariari ere izen aldatu zioten lehenago: Early Medieval England Journal... [+]


Victoria Woodhull, lehen hautagaia

New York, 1870eko apirilaren 2a. New York Herald egunkariak Victoria Woodhull (1838-1927) ekintzaile eta brokerraren eskutitz bat argitaratu zuen, 1872ko AEBetako presidente hauteskundeetarako hautagaitzaren berri emanez. Inoizko hautagai gazteena zen; 34 urte izango zituen... [+]


2024-09-27 | Ahotsa.info
Urtarrilaren 11n izanen da presoen etxeratzeko ohiko hitzordu nazionala Bilbon

Datorren urtarrilaren 11n Bilbon Sare Herritarrak deitutako mobilizazioaren leloa “Behin betiko konponbidea” izanen da, eta urtero bezala milaka lagunen babesa espero du Sarek.


Eguneraketa berriak daude