argia.eus
INPRIMATU
ESTASIAREN KALTEAK
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 26a
Gazte jendearen artean asko igo da era guztietako drogak kontsumitzen dituztenen kopurua, aurreko astean ikusi genuen bezala. Baina benetan ba ote dakite gure gazteek zer nolako kalteak dakartzaten hain sarritan kontsumitzen dituzten substantzia horiek?

Gaurkoan estasiak eragiten dituen txikizioak aipatu nahi nituzke, zalantzan legokeen gazteak (edo ez hain gazteak, berdin dio), ohitura txarra alde batera utzi eta bizimodu osasuntsuagoan bideratzeko.
New Yorkeko Bellevue ospitalean estasiak jotako (inoiz baino egokiago erabilia hitza, estasiak "jo" egiten baitu zuzen-zuzenean) gazte asko ikusi ditu Robert Hoffman toxikologoak. Eta bere iritzia argia da: "Estasiak tenperatura-igoera handia dakar, odoleko sodio kopurua gutxitzen du, garuneko edema eta baita heriotza ere eraginez".
Dosi letala (hau da, heriotza eragin dezakeena) zein izan daitekeen erabakitzea ez da batere erraza, beste hainbat faktorek ere eragin zuzena baitute: edandako ur kopurua, izerditzea, ingurugiroan dagoen tenperatura (normalean leku itxiak izaten baitira, taberna edo diskotekak, adibidez), gorputzeko tenperatura (43° C-raino irits daiteke). Eta faktore horiek guztiak asko gehitzen dute estasiak berez duen toxikotasuna.
Estasiak beti ez du heriotza eragiten, noski. Baina edozein izanik ere dosia, estasiak beti egiten du kalte, serotonina produzitzen duten neuronak txikitzen dituelako. Eta neurotransmisore hori ongizatearekin lotua dagoenez, estasiak depresioa eragiten du