Euskal gatazkari irtenbidea bilatzeko premiaz adostasun osoa dago gure gizartean, eta horri erantzun nahi izan dio Eusko Jaurlaritzako hirukoak «Elkarbizitzarako Ituna» izeneko proposamenarekin. Halere, proposamen hori «kolore politiko» jakin batzuek egina izatean dago koska, jakina baita beste «koloretakoek» zer-nolako harrera egin ohi dioten arerioen planteamendu orori. Hartara, proposamen politiko batek aurkari politikoen babesik lortuko ez duenez, gehiengo sozialaren begikotasuna eskuratu beharko du; bestela, jai du. Hori lortzeko, alabaina, oztopo ugari daude.
Lehenengo oztopoa, mezu horren edukia euskal gizarteari ezagutaraztea da. Jendea proposamen horretaz jabe dadin komunikazio eraginkorra behar da, baina Estatuko «Brunete mediatikoa» ederki ari da saiatzen proposamenaren zinezko itxura zapuzteko, independentista, zatitzailea eta ezker abertzalearen ildokoa dela egotzirik.
JENDEAREN interesa piztea da proposamenak duen beste muga bat: euskal biztanleriaren erdiak jaramon gutxi egiten dio politikari eta, normalean, gorabehera politikoak nahikoa urruti gelditzen zaizkio; soilik apustu handiko erronka baten aurrean bueltatu ohi du burua politikarantz. Horrela, ezjakintasun politikoa eta iritzi finkorik eza medio, komunikabide nagusiek esandakoari men egiten dio neurri handian gizartearen zati horrek. Beraz, komunikazioa dugu hizpide berriz ere, Lehendakariak egindako proposamenaren arrakastarentzat duen garrantzia areagotuz.
Hirugarren muga alderdi politikoekiko bezeria da: jende asko oso loturik dago norberak gustukoa duen sigla politikoak dioenari, ideien benetako balioa nolakoa ote den sakon aztertu gabe. Horregatik, lan mardula du Jaurlaritzako hirukoak proposamenaren aurkako alderdien boto-emaileak konbentzitzen. Hemen ere, gakoa komunikazioa da.
Azkenik, jendearen beldurra dago. Izan ere, «Brunete mediatikoa» ederki saiatu da beldurraren hazia gizartean ereiten, Lehendakariaren proposamenak ustez dakartzan independentziaren kostua eta etorkinen bazterketa argudiatuz. Eta, egia ala gezurra izan, uste horiei darien beldurra erraz sustrai daiteke bere bizimodu erosoa inondik inora galdu nahi ez duen gizartean. Behin eta berriz, komunikazioa dugu giltzarri.
Alabaina, komunikazioa eraginkorra izan dadin, kontuan hartu behar den beste gizarte-mekanismo garrantzitsu bat ere badago: jendarteko komunikazioarena, hain zuzen. Izan ere, komunikazio garrantzitsua da goitik beherakoa, hots, komunikabideek igorria eta jendeak jasoa, baina ez bakarra; bigarren informazio-ibilbidea ere badago: jendartekoa. Zertan datza, baina?
MEZU bat kaleratzean -benetakoa zein gezurrekoa izan-, jendearen arteko zurrumurrua bihurtu eta abian jartzen da, hala nola familia, lagun arteko eta ikaskide edo lankideen artean. Zurrumurruak behin sortuak, hedatuz eta aldatuz doaz zabaldutako hasierako ideiaren mesede nahiz kaltetan. Hau da, mezuak ondoren hartzen dituen esanahia eta norabidea, ibilbidean igarotako gizarte partaideen deskodifikazioaren araberakoa izango da: gizarte multzoek nolako interpretazioa eman mezuari, halako esanahia izango du informazioak.
Eta euskal gizarteak ondo baino hobeto daki berdinen arteko komunikazio-mekanismo horretaz; pentsa, bestela, Francoren diktadura pean zer-nolako informazio hedatzen zuten hedabide ofizialek, eta nolako interpretazio egin ohi zuen euskal gizartearen multzo handi batek: hasieran zabaldutakoaren guztiz kontrakoa.
Horregatik, bere mezua zabaltzeko dauden zailtasun horiek aintzakotzat hartuta, Lehendakariak jendaurreko eta nazioarteko komunikazio zuzenari ekin dio. Baina, nahikoa ote da ekimen hori, komunikazio eraginkorra burutzea zein zaila den jakinda? Orduan, proposamen horrek porrot egin behar du, ezinbestez?
Batek daki; baina, duela bi urte ere Mayor Oreja eta bere lagunen erasoaren aurrean burumakur zegoen lidergo nazionalista, egoerari aurre egin eta hauteskundeetan garaile ateratzeko gauza izan zen.
Nork esan zuen historia errepikatu ohi dela?