BARANDALLA KASUA EDO EGOERA LARRI BATEN KRONIKA IRAGARRIA


2021eko uztailaren 19an

Bautista Barandalla 1990ean atxilotua izan zen. Joan den irailaren 18an hamabi urte bete zituen espetxean. Carabanchel, Iruñea, Alcala-Meco, Alcazar de San Juan, Salamanca eta Zaragozako espetxeak ezagutu ditu. Zaragozako Torrero espetxe zaharrean sortu zitzaizkion «kolitis ultzeraduna» izeneko gaixotasun larriaren lehen sintomak.

Bautista Etxia herri ekimena edo plataformako Jose Luis Erdoziak azaldu digu nola diagnostikatu zizkioten lehen sintomak: «Duela bi urte, Bautista urdaileko mina eta kaketan odol isuria zeuzkala espetxeko medikuarengana joan zen. Behar bezalako arretarik eskaini ez ziotenez gero, Zaragozako Miguel Servet ospitalean ‘colonoscopia’ bat egin zioten. Mediku txostenak ‘Proctitis ulcerosa moderadamente activa’ zuela zioen. Beharrezko tratamendua emango ziotela hitzeman zuten baina okerrera egin zuen. Martxoan larri ospitaleratu zuten. Apirilean behin betiko diagnosia eman zuten: kolitis ultzeradun larria».
Bautistaren egoera larriak Bautista Etxia herri ekimenaren antolamendua ekarri zuen. Presoaren aldeko askatasunaren aldarrikapena herritar guztien oihu bateratua bihurtu da harrezkero. Joan den martxoaz gero, Zigor Kodearen 92. artikulua aplikazioa eskaera bizi-bizia da Sakanako herrietako karriketan.

ePAILEEN JARRERA.

Herriko apaizak, Batasuneko Fernando Flores alkateak eta familiako kide batek ordezkatua izan dute Bautista Etxia plataforma. Herri ekimen honen aldarrikapena herriko udaletxearen onespena jaso zuen lehenik, ondoren Nafarroako Legebiltzarrera eta Gobernura eraman izan zelarik. Aldarrikapena eta eskaera Bautista Zaragozako espetxean zegoela hasi zen jada. Hasi eta modu paradoxiko batez bukatu ere. Lehen mediku-txostena egin ziotenean epailea ez zen berau irakurtzen moldatu, ez eta erabaki bat hartzera ausartu. Epailearen iritziz, medikuaren txostenean ez zen eritasunaren larritasuna zehazten. Herri ekimeneko kideek Bautistaren eritasuna oso larria zela aditzera eman zioten medikuari eta hona haren arrapostua: «Arraioa, ohartzen naiz. Heste lodiaren pusketa bat mozten badizute eta poltsa batekin pasa behar dituzu eguna eta gaua, bada, jakina egoera larria dela». Herrikideek ‘halaxe nahi dugu guk txostenak azaltzea’ adierazi zioten. Medikuak, berriz ‘zuek esango didazue nola egin behar dudan txostena-edo?’ erantzun omen zien.
Bautistaren senitartekoen eta lagunen esanetan honelako egoera bat bizitzeak sorrarazten duen ezintasuna izugarria da. Esaterako, presoen zigorraren hiru laurdena aplikatzerakoan epaileek erraz aurkitzen dituzte aplikazioaren aurkako aitzakiak. Interpretazio ugari erabili dezakete presoen baldintzapeko askatasuna zehazterakoan, erabakia hartzea erlatiboagoa baita kasu honetan baino. 92. artikuluaren aplikazioa, ordea, oso zehatza da.
Epaileak ez zuen txostenean eritasuna oso larria zela ikusi baina konturatu zen nonbait kasua ez zela samurra, eskuak erretzen zizkion «patata beroa» zen txostena. Familiak, epaileak artikuluaren aplikazioa ez zuela onartuko ohartu zenean, presoa Iruñera alda zezatela eskatu zion. Presoa eta ingurukoentzat behin-behineko irtenbidea izan zen. Epaileak erdibideko erabakia hartu zuen, errazena berarentzat.

FORU LEGEBILTZARREAN.

Joan den irailean, Bautista Barandalla Iruñera ekarri zutenean plataformako ordezkaritza berbera zuzendu zen Nafarroako Foru Legebiltzarrera. Herri ekimenaren kideen harridurako, Legebiltzarreko sarreran polizia foralaren presentzia handia aurkitu zuten. Sakanan bildutako 2.500 sinadura eraman zuten, baina Legebiltzarreko mahaiak Bautista Barandallaren Jose Campos emaztea baino ez zuen errezibitu.
Nafarroako Legebiltzarreko alderdien bozeramaile guztiekin biltzeko eskaera egina zuten arren, UPN, CDN eta PSNkoak ez ziren azaldu. Gainontzeko alderdiek (Batasuna, Batzarre, EA eta IU-EB) Legebiltzarreko Jose Luis Castejon presidenteari epailearengana zuzendu zedin eskatu zioten presoaren egoera azaltzeko, eta hala egin zuen: «Jose Luis Castejonek neuri ere deitu zidan. Epaileari Bautistaren egoeraz arduratzeko eskatu ziola esan zidan», azaldu digu Jose Camposek.
Orain arte bildutako sinadurak eta osaturiko txostenak alderdi eta sindikatu guztiei helarazi izan zaizkie. UGT, UPN eta PSN alderdiek izan ezik, gainontzekoek oniritzia eman diote txostenari. PSNren jarrera eskasa izanik, Sakanako hainbat udaletxetan PSNk 92. artikulua aplikatzearen aldeko botua eman du.
Azkeneko herri mobilizazioa azaroaren 17an izan zen, Sakanako Etxarri-Aranatzen. 2.500 lagun bildu ziren eta manifestazioak herri erdigunea kolapsatu zuen. 2.500 sinadurak Nafarroako Espetxeratuen Zaintza Epaitegira igorri zituzten halaber. Sinadurak, alabaina, Bautista Etxia herri ekimenari itzuli izan zaizkio. Espetxe Zuzendaritzak ez ditu onartu sinadurak. Beste mila sinadura bildu dituzte azkenaldion, eta aurki, guztira, 3.500 sinadura eramango dituzte Nafarroako Legebiltzarrera.
Zaragozako epaileak ez zuen onartu eta Iruñekoak ere ez du onartu ere herri ekimenaren ordezkaritzarekin biltzea orainokoan. Barandalla Iruñera ekarri ostean, ehun lagunek Iruñeko Epaitegiaren aurrean kontzentrazioak burutzen dituzte astero: larunbatean goizeko 11:00etan eta igandean arratsaldeko 08:00etan.

TXOSTENAREN GARRANTZIAZ.

Herri ekimenaren iritziz, epailearen aldeko erabakia txosten berria ondo prestatzean datza. Epaileak beti argudiatzen du txostenean ez dela eritasunaren larritasuna argi eta garbi azaldu, ez eta eritasuna sendaezina denik. Hau izan da Zigor Kodearen 92. artikulua ez aplikatzeko arrazoi bakarra edo «zabarra», Bautista Etxiako kideen iritziz. Iruñeko ospitaleko medikuak txosten berri bat osatzen ari dira eta horren arabera ebatziko du epaileak. Jose Campos emazteak hitz egin digu egungo egoeraz: «Koldo Morrasek, familiako konfiantzazko medikuak, txostena ondo prestatu behar dela esan digu, pazientziaz hartzeko. Orain arte txostenak oso teknikoak izan dira, epaileek ez omen dute berauek aise ulertzen. Egoera oso larria da, baina eritasuna modu argian azaldu behar dela esan zidan ere Iruñeko epaileak. Bera medikua ez izaki hitz egokiak behar dituela 92. artikulua aplikatzeko».
Zaintza Epaitegia oso zuhur jokatzen ari den arren, herri ekimenekoek artikulua onartua izanen dela espero dute, legea eskuetan beste erabaki hartzerik ez dago: «Frogak begi-bistakoak eta sakonak dira. Txostena ondo osatuz gero, Bautistari artikulua aplikatuko zaion ziurtasun osoa daukagu. Alabaina, presioak daude epaileen inguruan eta epaile honek erabaki bat hartu ezean, kasua Madrilera eraman lezakete», diosku Erdoziak.
Emazteak senarra libre ikustearekin amesten du, baita hamairu urteko Garazik ere, bion alabak. Bautistak Eguberrietako garai seinalatu hauetan askatasuna berreskura dezakeela pentsatzeak dardaraz jartzen omen ditu biak. Bautistak 25 kilo galdu zituen aurtengo maiatzean eta hil zorian egon zen. Harrezkero 10 kilo irabazi baditu ere, bere ohiko pisua baino 15 kilo gutxiago dauka. Hil zorian izatetik etxean izan dezaketela pentsatzera igarotzea bizipen izugarria da

«Bautista bere gaitza kontrolatzeko bizi da, ezin du askoz gehiago eg in»
Bautistak kolitis ultzeraduna dauka, gaixotasun kronikoa. Hala izanik, nola ezagutu zenuten gaur egun jasaten duen eritasun sendaezin honen lehen diagnosia?

Duela bi urte Zaragozako espetxean zegoela mina sentitzen hasi zuen eta bertako Miguel Servet osptialean «hemorroides internas» (odoluzkiak edo almorranak) diagnostikatu zioten. Okerrreko diagnosia egin zioten eta hartara kontrako tratamendua jarri ere. Geroago, diagnosiaren okerraz konturatu ziren eta «kolitis ultzeradun» gaitzaren hasiera antzeman zioten, artean arina zela. Hala ere, ez zioten behar bezala artatu.

Zein egoeretan ikusi izan duzu harrezkero?
Bautista egoera guztietatik pasa da. Zakur bat bezala tratatu dute, hil zorian izan dute, odola zeriola, odola galtzen eta oka eginez, bakar-bakarrik. Zaragozako ospitalean hil zorian zeuden beste presoekin egotea tokatu zitzaion, musika ozen eta tabakoaren kea artean, medikuen eskuetatik utzia eta poliziaren esku. Preso haietako bat azkenik bere ondoan hil zen.

Orain larri denean Iruñeko ospitalera eramaten dute.
Iruñeko ospitalean polizia ondoan dauka. Hasieran, poliziak bere gelan zeuden, erre eta guzti egiten zutelarik. Epailearen aurrean egoera salatu genuen eta poliziak kanpoaldean egotera behartu izan ditu. Bautista espetxean dago baina espetxeko eritegian edo ospitalean egon behar luke. Bera bakarrik dago, bere ziegan dago, egunean hiru aldiz aldatu behar du hesteetako poltsa. Hogeita hamar aldiz hustu ere bai. Bere burua artatu behar du berak, bakar-bakarrik. Jaten duena bota egiten du, beno zerbait gelditzen zaio eta horri esker bizi da.

Bazkari aldetik dieta-edo segitu ahal du?
Espetxean badaukate janari zuria deitzen dutena, baina horrelako elikagairik oso gutxi izaten du eskura. Elikagaien aldetik oso mugatuta dago.

Edozein unean txarrena gerta dakioke orduan.
Aurtengo apirilaren 30ean egin zioten lehen ebakuntza. Azken sei hilabeteetan hamar aldiz larri-larri atera behar izan dute espetxetik ospitalera. Hesteetan butxadurak egiten zaizkio, hestea ixten zaio eta ezin libratuz jartzen da. Halaber, peritonitisa edo beste gaitzaren bat sortu dakioke. Egunean une larriak pairatu izan dituenean, bere alarma sistema bakarra atea joka edo oihuka hastea izaten da. Orain arte, larritasun une guztiak egunez sortu zaizkio, baina gauez gertatuz gero bere bizia galdu lezake. Egoera izugarria da.

92. artikuluaren aplikazioa eman gabe ere, osasun artatze berezia beharko luke eta ez zaio ematen.
Bautista bere gaitza kontrolatzeko bizi da, ezin du askoz gehiago egin. Poltsa hiru aldiz gutxienez kendu behar ditu egunean, azala erabat erreta dauka, ukendu bat hartu behar du zikina botatzen duen bitartean. Espetxean izanik, higiene berezi bat beharko luke, ez dira horretaz jabetu nahi ordea. Mediku-txostenak izan arren epaileak ez dira jabetzen edo ez dira jabetu nahi bere egoera larriaz. Espetxeko ordutegia eta baldintzen arabera bizi da eta ospitalean izan behar luke. Epaileak ez du txostenean hori jasotzen nonbait, ospitalea artatua izateko duen beharraz, alegia. Ez gaitza sendatzeko, zeren eta kasu onenean ere ez da sendatuko, baina behintzat, bizitza modu erosoago batez eraman dezan nahi dugu

«Espetxean den bitartean, ezinezkoa da jarraipen mediko psikologikoa egitea»
Dagoeneko igaro dira bost hilabete Bautista Barandalla Zaragozako Zuerako espetxetik Iruñekora aldatu zutela, eta hantxe dago orain itxita. Bistan denez, ez da denbora luzea, espetxez espetxe giltzapean daramatzan hamabi urteekin konparatuz gero. Nolanahi ere, libre egon beharko lukeen pertsona batez mintzo gara, zeren Zigor Kodearen 92. artikulua aplikatua izan behar bailuke. Ez da hala, ordea. Libertatearen ordez, egoera gorri ugari bizitzea egokitu zaio eta, ondorioz, gaurko errealitate gordinera iritsi da.

Hogeita hamazazpi urteko preso etxarriar honek artean Zaragozan zela eskatu zuen lehenbizikoz eskubide hori aplika ziezaioten. Alabaina, ukatu egin zioten, argudiatzen zutelarik bere kolitis ultzerosoa ez zela libertatean uzteko bezain larria. Zoritxarrez, denborak arrazoi gabe utzi ditu justizia administrazioko kudeatzaileak. Geroztik, Bautista behin eta berriz eraman dute ospitalera hesteak ixten zitzaizkiolako. Ibilian-ibilian, gogotik murriztu zaio bizitza kalitatea, eta, egia esan, nekez itzuliko da bere onera, nahiz eta kondizio psikologiko onenetan eta bere inguru hurbilenean bizitzera heldu.
Hasiera-hasieratik, oso eboluzio txarra izan du bere gaixotasunak. Batetik, duela bi urte diagnostikatu zioten (berandu); bestetik, honelako patologietan kontraindikatua dagoen medikazioa eman izan diote. Horrela, aurtengo apirilean ere, kartzelan zegoela, gogor eraso zion eritasunak, ospitaleko tratamenduak ez zion balio izan, eta, azkenik, kolona kendu behar izan zioten.
Kirurgiako interbentzio horren eragina berekin zuela, zeina mutilazioa baita azken batean, eta jada kalitate aski eskaseko bizimodua egin beharrean zela, aurkeztu zuten Espetxeratuen Zaintzako Iruñeko Epaitegian baldintzapeko askatasunaren beste eskabide bat. Oraingoz, ez dute erantzunik jaso. Beraz, ebazpenaren atzerapena eta kartzelako errealitatea direla kausa, Bautistaren bizia ia-ia zoriaren eskuetan dago, zeren gerta baitakioke, kartzelan bertan noski, beste heste-ixte larri bat, eta gertaera hori izan daiteke bizia arriskuan ikusteko modukoa.
Bautistaren gaixotasuna kronikoa da eta, eboluzioa kontuan izanik, larria gainera. Diagnosi horren barruan, gogoan izan behar dugu, halaber, eritasun horren eboluzioan noiznahi ager daitezkeela arazoak edo konplikazioak. Hau da, erraz izan ditzake gibeleko, begietako eta artikulazioetako gaitzak, baita ipurtesteko minbizia ere.
Eskubidez dagozkio 92. artikuluaren aplikazioa eta libertateko bizimodua, eta eskubidez dagokio, berebat, kondizio horien ondoriozko bere patologiaren behar bezalako jarraipena. Esan beharrik ere ez dago, espetxeko baldintza higieniko sanitarioak, hango elikadura eta bizitzeko kondizioak... oztopo larriak dira Bautista sendabidean jartzeko. Bestela esanda, espetxean den bitartean, ezinezkoa da jarraipen mediko-psikologiko egokia egitea, baita eskakizun dituen erizaintzako zaintza bereziak ematea ere

Bautista Barandallak espetxearen hotzetik esandakoak
Baustista Barandalla preso politikoaren esanak ere jaso izan dira elkarrizketa desberdinetan. ‘Gara’ eta ‘ Euskaldunon Egunkaria’n bere gaitzarekikoak nola bizi dituen azaldu izan du azken asteotako elkarrizketa desberdinetan. Gaitzaren hotza eta elkartasunaren beroa agerikoak dira bere hitzetan.

- Gorputza nahiko baldartuta daukat. Ospitalera eramaten nauten bakoitzean gero eta okerrago pasatzen dut. Zorionez burutik nahiko ondo nabil eta horri esker aurrera jarraitzeko prest nago.

- Nire gaitza behar bezala tratatzen ez bada edozein gauza gerta dakidake: gibeleko arazoak edota minbizia sortzea.
- Nire familiak sufrimenduz eta inpotentziaz beteta bizi du egoera trakets hau, hala ere, ez du etsitzen.
- Nire osasunarekin eta bizitzarekin jokatzen ari direla salatzen dut. Epaileak nire egoeraz esandakoa lotsagarria iruditzen zait. Zigor Kodea aplikatu beharrean, presoek dauzkagun eskubideak defenditu beharrean, heriotzaraino zigortu nahi gaitu.
- Itxura guztien arabera, nire kasuan 92. artikulua aplikatua izan dadin hil zorian ikusi behar naute. Jarrera hau euskal preso politikoen kasuetan baino ez da hartzen, argi eta garbi. Ez daukat dudarik, Espetxe Zaintzako epaileak presionatzen ari dira euskal preso politikoen kasuetan ez ditzaten beren legeak aplikatu.
- Bautista etxia plataformak eratzen dituen bilkurak, ekintzak eta abarren berriak, denak iristen zaizkit. Nire alde borrokatzen ari diren guztien elkartasuna iristen zait.
- Euskal preso politiko guztiak laster kalean ikusiko ditugula amesten dut, baina amets hori egia bihurtu dadin borrokatzen jarraitu behar dugu


Azkenak
Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude