Bi oriotar eta bermeotarra elkartu dira mahaian. Oriotarrak ondo ezagutzen dira Orioko traineruan elkarrekin aritu baitziren. Orain bata Hondarribian eta bestea Castron daude. Hala ere, bai Orbañanos, bai Korta eta baita Bilbaok ere elkarri arrazoia ematen diote sarri. Klub handietako entrenatzaileak dira eta helburuak askotan antzekoak dituzte.
Arrauna profesionalizatzen ari dela esaten da. Nola eragiten dio aldaketa prozesu horrek arraunlariari? Prestaketa fisikoa nola ari da aldatzen?
JOSE LUIS KORTA. Orain kobratzen duten arraunlariak lehen baino gehiago dira, baina lehen ere baziren kobratzen zutenak. Profesionalizazio kontua aipatu behar badugu ordea, kontuan izan orain, arraunlariek kobratzen dutena limosna bat dela. Esate baterako, duela 80 urte arraunlariak diru gehiago irabazten zuen orain baino. Nik aitonari entzun diot esaten garai hartan arraunlariak gehiago irabazten zuela. Oraingo egoera aipatzekotan nire kasua aipatuko dut, Castrokoa. Traineruan sartzen direnek (iaz 24 izan ginen) urteko 3.000 euro inguru kobratzen dute. Beste arraunlari batzuek soldata bat ere kobratzen dute. Nahiago nuke denok horra helduko bagina. Hori bai, profesionala izatea urtean 3.000 euro irabaztea baldin bada… horraino iritsi gara.
PATXI BILBAO. Ados nago Jose Luisek esandakoarekin, baina ez dut uste aldaketa handiena jasan dutenak arraunlariak izan direnik. Arraun munduan, profesional batzuk sartu dira, hala nola, entrenatzaile, prestatzaile fisiko eta medikuak. Hauen sarrera izan da arraun munduko aldaketarik handiena. Arraunlariak limosna bat kobratzen jarraitzen du, nahiz eta orain batzuk hasi diren soldata kobratzen. Nik ez dut uste hau txarra denik. Entrenatzaileak adibidez dedikazio handia jarri behar du bere taldearekiko eta gauza asko albo batera utzi behar ditu: familia dela… Eta kontua da arraunlariari ere beste hainbeste exijitzen zaiola eta ez dauka konpentsaziorik.
MIKEL ORBAÑANOS. Arraunlari batek urte bukaeran bere klubean diru aldetik konpentsazioren bat lortzeko aukera izatearekin ados nago. Ez dut dudarik egiten hori oso ondo dagoela, arraunlariak asko eskertzen du, urte osoko sakrifizioa handia delako. Klubetako zuzendaritzek saiatu beharko lukete arraunlarientzako diru laguntza hori lortzen. Ez dakit zenbateraino emango lukeen arraunak, baina bide hori jorratzea oso ondo iruditzen zait. Zer gertatuko litzateke ordea diru iturriak amaituko balira? Harrobia ezin da ahaztu. Prestaketari dagokionez, zalantzarik gabe, asko hobetu da. Iruditzen zait dena doala hari beretik. Dena dela, azken 10-15 urteetan entrenamenduak ez dira asko aldatu.
J. L. KORTA. 1968an hasi nintzen arraunean eta hortik aurrera berdintsu mantendu da prestaketa fisikoaren gaia. Ordura arteko arraun denboraldia motza izaten zen, lehiaketa gutxi izaten ziren eta 2-3 hilabetetan entrenatzen ziren. Akordatzen naiz Orio Kontxako Bandera prestatzeko San Pedrotan hasten zela. Arraunlariak ere itsasokoak izaten ziren batzuk eta fisikoki ondo egoten ziren. 70eko hamarkadan etorri zen aldaketa. Orio izan zen entrenamendu aldetik-eta oraingo tankeran lanean hasi zen lehen taldea, 1968an. 20 minutuko estropada egiteko 2 orduko entrenamenduak egiten hasi ginen, korrika, gimnasioan pisuekin… Ordura arte edo arraunean egiten zen, edo mendira joaten ginen bihotza jartzeko. Klubera hurbiltzen zen jendea ere harria jasotzen zuena, aizkolaria edo korrikalaria izaten zen, jende indartsua. Orain berriz, mutila egiteko gimnasioan urte asko egin behar dira. Orain profesionalen eskutan daude arraunlariak. Beraiek esaten dute zer egin behar den, zer jan behar den…
Arraunlariaz gain, bada makina bat jende klubean: prestatzaile fisikoa, medikua, patroia, entrenatzailea, zuzendaritza. Lehen horrela al zen? Orain nola koordinatzen da talde hau?
J. L. KORTA. Lehen mediku, aita, patroi, masajista, entrenatzaile… denetik egiten genuen. Arraunlariak entrenatu eta tira egiten du eta errieta asko entzun. Klubean bertan gauzak asko aldatu dira, baita instalazioetan ere. 68an prestaketa kontuak aldatu ziren, baina dutxa hotza hartzen jarraitzen genuen. Orduan herriak egiten zuena zegoen. Orain kluba familia handia da, talde handietan behintzat eta urte guztiko lana da.
P. BILBAO. Medikuaren adibidea hartzen badugu, orain taldean aritzen diren medikuak eta lehengoak ez dira berdinak. Lehengoa agian dermatologoa zen edo traumatologoa edo familiako medikua. Orain kirol medikuak ditugu, espezialistak dira.
M. ORBAÑANOS. Orain infantiletatik hasi eta senior mailara arteko mugimendu handia egoten da klubetan. Nik entzunda dudanaren arabera lehen patroia zen entrenatzailea eta klubeko eguneroko jarduera berak antolatzen zuen. Orain berriz, kategoria bakoitzak bere entrenatzailea du, seniorretan entrenatzailea, prestatzailea eta patroia dago. Lan taldea handia da eta esku bat botatzeko jende gehiago duzu aldamenean. Eta Patxik esan duen bezala, nik uste dut medikuak lan garrantzitsua egiten duela. Lehen anbulatorioko medikuarengana joaten ginen zerbait genuenean eta orain berriz ia egunero zure eskura duzu taldeak aukeratutako medikua.
P. BILBAO. Orain entrenatzailea arduratzen da lan taldea prestatzeaz, klubetako zuzendaritzek ez dute esperientzia handirik gai hauetan. Entrenatzailea tekniko bat da orain, alderdi teknikoaz arduratzen da eta prestaketaz prestatzailea arduratzen da.
M. ORBAÑANOS. Taldeari forma emateko gu, entrenatzaileok, pieza garrantzitsua garela uste dut. Entrenatzaileak gidatuko du prestaketa eta medikuntza kontua. Eta nire kasuan gertatzen den bezala, entrenatzailea eta arraunlaria izateak ere asko balio du. Prestatzailearekiko harremanetan duda asko konpontzen dira. Entrenamenduak nola doazen hitz egin dezakezu, arraunlariak nekatuta dauden ala ez…
P. BILBAO. Oraindik medikuek lan espezifiko asko daukate egiteko arraun munduan eta arraun mundua esaten dudanean beste edozein kirol esan nahi dut. Entrenamenduen adibidea jarriko dut. Zuk, entrenatzaile moduan ikusten duzu halako egun batean arraunlariak lan gogorregia egiten ari direla, bezperatik nekatuta daudela… Medikua ez dago egunero taldearekin eta entrenatzailea bai. Horrelakoak ere gertatzen dira.
J. L. KORTA. Zaila da. Kontuan izan prestaketak profesionalentzako modukoak direla eta arraunlari gehienek lana egiten dute.
P. BILBAO. Hori da, hori da!
M. ORBAÑANOS. Afizio oso gogorra da.
J. L. KORTA. Goizeko 06:00etan jaikitzen den jendea daukagu. Arratsaldeko 20:00etan klubera etortzen dira eta gaueko 22:30ak 23:00ak aldean oraindik hor dira. Zaila da neurtzen. Medikuak plan bat jartzen dizu eta niri esaten didate nik ikusteko noiz eman egurra eta noiz ez. Arraunlariak beti kexatzen dira. Patxik esan duen bezala, guri (entrenatzaileoi) dena prestatuta ematen digute, baina azkeneko orduan tortillari gustua guk eman behar diogu. Lehen dena patroiak egiten zuen. Patroia gainera zaharra izaten zen, itsasoko gizona eta errespetua sartzen zuen. Lehen zaharrei errespetua genien.
M. ORBAÑANOS. Nik ere Orion hori da entzun dudana. Beti patroia zein zen galdetzen zen. Hura zen entrenatzailea edo agintzen zuena behintzat. Patroiak traineruan agintzen du, baina… entrenatzailea ere badago, prestatzailea ere bai.
P. BILBAO. Aurrerapen teknologikoek ere eragin dute honetan. Orain traineruan doanean, patroiarekin komunikatzeko aukera dago. Lehen iniziatiba patroiarena izaten zen eta orain estropadan ari garela patroiari entrenatzaileak lehorretik ematen dizkio aginduak, kalea dela, korronteak direla… Patroiak orain lemazainak dira, ez patroiak. Patroiak jakin behar du korronteekin, haizearekin… moldatzen, orain trainerua zuzen daramate eta kito.
J. L. KORTA. Pilotu automatikoa daramate.
P. BILBAO. Bai, horixe.
J. L. KORTA. "Pingadilloa" (aurikularra) atzerapena da.
M. ORBAÑANOS. Oraindik ez dut sartu ere egin. Ez dut uste beharrezkoa denik.
J. L. KORTA. Nik erabili dut eta ez da ezer entzuten, burrunba bakarrik eta azkenean haserretu. Mutila deskuidatzeko da hori. Entrenatzaileak askotan kostatik ez du ikusten. Beste kiroletan (futbolean adibidez) entrenatzaileak mugimendu guztiak ikus ditzake baina arraunean? Nola asmatzen du patroiak lehorretik nora joan esan diotenean? Zuzen joateko esan eta hala ere jo egiten gaituzte!
P. BILBAO. Aurrerapen teknologikoak alde batera utzita, harrobitik bertatik ikusten da ez direla lehen bezalako patroiak. Patroi oso onak banaka batzuk dira. Hor arazoren bat dago. Edo patroiari lana egiteko independentzia hori kendu diogu edo… zerbait gertatzen da. Lehen esan du Jose Luisek patroiak itsasoko jendea zirela eta horrek asko lagunduko zuen, baina orain pilotu automatikoak dira, bi edo hiru ezik.
J. L. KORTA. Denak.
M. ORBAÑANOS. Patroi polit bati traineruan urtean zehar aukeraren bat ematea zaila izaten da. Klubek asko jokatzen dute eta pisu handia da patroi bati ikas dezan trainerua uztea. Dena dela, konfiantza eman behar zaio patroi gazteari.
J. L. KORTA. Animatzen da patroia, baina gaizki ateratzen bada patroiaren errua izaten da. Orain lehen baino aukera gehiago ematen zaie. Lehen patroia etxe onekoa bazen betirako zen. Orain traineru asko dago eta patroi gutxi eta gainera izenaren bila joaten gara, ondo ibilitako traineruko patroiaren bila, nahiz eta patroi hobea egon klub txiki batean.
Nola ari dira eragiten aurrerapen teknologikoak, kirol tresnarengan, traineruarengan?
J. L. KORTA. Trainerua materialean aldatu da, baina orain dela 30 urte bezala 200 kilorekin joan behar. Tristea iruditzen zait. Gauza batzutan asko aurreratu dugu, materialaren kasuan adibidez, baina traineruaren pisuari dagokionez ez dugu batere aurreratu. 160-170 kiloko trainerua egokia balitz pisu horretakoa erabiltzen utzi beharko lukete. Gauzak erraztu beharrean oztopoak jartzen dizkigute. Lehen egiten ziren traineruak arinak eta gogorrak ziren eta orain egiten direnak astunak eta bigunak dira. Teknikoren batek esplikatu beharko du egoera hau. Legeak lehen baino okerrago jarriak daude. Alferrikako karga hori jartzea hanka sartzea da. Norbaitek pisu gutxi eraman nahi badu arrisku maila hori bere gain hartu dezala.
P. BILBAO. Arazorik handiena da ontzigile bakarra dagoela, Amilibia. Hobekuntzak bere denboraren eta gogoaren arabera egiten dira. Ez dago konpetentziarik eta beraz, ez da hobetzen ahal den guztia. Begira belan zer-nolako aldaketak egiten dituzten. Baina gu Amilibiaren erritmoan goaz, ez gure erritmoan. Aldaketak egiten dira, baina lasai-lasai. Hori bai, denok traineru berberarekin aritzen gara.
M. ORBAÑANOS. Materialari dagokionez, alde handia egin dugu, egurretik zuntzera pasa gara. Neurrien kontuan ordea badira arazoak. Traineruaren luzera ez da aldatu aspaldian eta oraingo mutilak altuagoak dira. Kontu hori begiratu beharko litzateke. Traineruaren pisuari dagokionez, ez da kontu erraza. Eremu batzuk markatu beharko lirateke, baina zaila da klub guztiekin neurri batera iristea. Traineru egileak ontzia 150 kilotan ateratzeko abildadea daukala-eta ezin duzu libre utzi. Bestetik, egurrezko arraunaren ordez zuntzezkoak atera zirenean jende askok gaizki hitz egiten zuen zuntzezkoagatik. Atzerapena zela uste zen. Nik uste dut berriz, aurrerapenari begira jarri behar dugula. Patxik bela aipatu du. Aurrerapen horrek emango dio berriz ere bizitasuna arraunari. Aurrera begiratu behar dugu.
J. L. KORTA. Erritmoa jartzen digute arraunari buruz ulertzen ez dutenek. Trainerua ezin da aldatu, arrauna ere ez, pilotu automatikoekin goaz. Ez dut ezer ulertzen. Zeinek egiten ditu legeak? Arraun munduan ez dagoenak, epaile batek. Federazioan egon liteke jendea arraun bat nola jartzen den ez dakiena. Uretan gabiltzanokin egin behar dira legeak.
Arraunlari, entrenatzaile eta patroiak trainerutik traineru dabiltza. Oraingo kontua al da fitxaketaren gaia?
J. L. KORTA. Talde batetik besterako mugimendua beti izan da, baina orain diruagatik izaten da. Lehen bila joaten ginen eta ez zuten kobratzen. Orain, albokoa izorratzeagatik ere egiten dira fitxaketak. "Zuk niri halako kendu didazu eta orduan nik zuri beste hura kenduko dizut". Zaila da arraunlari ona zein den jakitea. Bermeora joango banintz Aizperro hartuko nuke, baina ezagutzen dudalako, ez dut esan nahi hori baino hoberik ez denik. Bestetik, arraunlari mugimendua denboraldia bukatu baino lehen egiten da orain, horretan desmadratu gara. Oriotarrek esan didate ea ez al dudan nahikoa Goñitarrekin, baina beraiek patroia ukitu dute denboraldian zehar. Hanka sartzea da fitxen erretentzioa egitea mutilei. Gai honetan errespetua galtzen ari garela uste dut. Niri ondo iruditzen zait arraunlariak erabakitzea nora joan eta soldata txiki bat irabazteko aukera badu, fenomeno! Bermeoko arraunlari batekin gertatu zitzaidan niri. Nik ekarriko nuen gustura, baina diru pixka bat irabazten zuen eta gustura zegoen. Arraunlariak diru pixka bat eramateko zer egin behar da? Estropadak irabazteko asko entrenatu behar da eta klubetan zuzendaritzek lana egin behar dute. Inork ez dizu esango: "hartu, 600.000 euro gastatzeko!". Lehen Castron hala zen, 12.000 euroko aurrekontua eta superabita, baina trainerua azkena edo lehorrean. Aurten 300.000 eurokoa bada aurrekontua 6.000 euro faltako dira urte bukaeran, baina apustua egin zen dirua lortzeko. Dirua lortzeko aukerak badauzkagu, baina elkarri harrika ari gara.
P. BILBAO. Kirol aldetik lan asko dago egiteko, baina baita alderdi ekonomikotik ere. Zuzendaritzen abildadea dago hor babesleak-eta erakartzeko. Guk fitxaketak egin ditugu beharra sentitu dugulako. Talde polita genuen, baina hamar arraunlarikoa. Arraunlariei esan genien duela hiru urte-edo: "talderen batekin elkartzen gara edo jendea ekarri beharko dugu". Arraunlariek erantzun ziguten jendea ekartzeko eta ahal bazen jende ona. Zuzendaritza lanean hasi zen eta arraunlariak heldu ziren. Arraunlari hauek ordea beren etxeetan zeuden eta ez beste klubetan. Gertatu izan da gu norbaitekin harremanetan jarri eta konturatzea kluben batean lanean ari dela (ez arraunlari moduan, baina bai entrenatzaile moduan). Automatikoki bertan behera utzi dugu gure ahalegina. Guk argi daukagu ordaindu egin behar dugula, jendea ekartzeko ez daukagulako arraunlaririk. Baina beste batzuek jendea segituan topatzen dute. Oriok asko kritikatu gintuen iaz, baina beraiek ere horrela egiten dute: "jausi egin da!" diote, baina gauzak ez dira horrela izaten eta garbi esan behar da egiten dena. Oriok erraztasuna dauka arraunlariak topatzeko izen handia duelako taldeak eta beti egongo da hara joan nahi duenik. Guk ez daukagu erraztasun hori, eta ordaindu egin behar dugu. Zer egin behar dugu, trainerurik ez atera? Arraunlariak hor utzi? Beste klub bat indartu dezaten alde egiten utzi? Gure irteera hori da, baina bestalde, harrobia gutxika-gutxika aurrera doa. Guk gure proiektua argi daukagu, besteena ez dakit. Gainera beste kontu bat. Hor dira zurrumurruak ez Euskal Ligari buruzkoak bakarrik baizik eta Kantabriako Ligari buruzkoak. Argi daukagu prest egon behar dugula, zeren honek edozein unetan saltoren bat eman dezake eta hor puntan ez dabilena ez da egongo. Txarto edo ondo guk gure helburuak lortu ditugu eta bakoitzak bere arazoak dauzka eta etxean konpondu behar ditu. Kontua ez da kritikatzea eta gero gauza bera egitea.
J. L. KORTA. Oriori begiratuta zera pentsatzen nuen nik: "Esaten dutena esateko begiratzen al dute zer jende daukaten traineruan?". Kanpotik etorritako asko dago, Goñi, Iriondo, nafarra, asturiarra, Urkitik, Trintxerpetik… Esaten da Oriora joaten den arraunlaria berak nahi duelako joaten dela. Baliteke hala izatea, baina orain gauzak aldatu dira, eta denontzat aldatu dira.
P. BILBAO. Bai, gauzak aldatu dira denontzat, baina batzuk egoera berria kritikatzen dute. Aurten kritika handienak Koxtapetik etorri dira eta zeinek esan! Beraiek ekarri zituzten lehenengo errumaniarrak duela urte asko. Memoria historikoa, zero patatero! Guk argi egiten dugu berba, beste batzuek ez.
M. ORBAÑANOS. Lehen ere esan dut, ez dut sekula kritikatu klubak arraunlariari ordaintzen dionean. Politika hori arriskutsua izan daiteke harrobia lantzen ez baldin baduzu. Diru iturri hori falta baldin bada, beharbada arraunlari horiek ez zaizkizu itzuliko herriaren ilusioagatik edo banderaren ilusioagatik. Dirua faltako zaio eta zaila egingo zaio arraunera itzultzea. Patxik esan duen bezala, Bermeon traineru indartsu bat egiten baduzu, hurrengo urtean herriko gazte jendearen arreta piztuko du eta hurbilduko da. Arraunerako ilusioa sortu duzu eta harrobia lantzen ari zara. Niri Ondarroan nenbilenean gertatu zitzaidan. Bi mutil dudan zeuden arraunean hasteko. Urdaibaitik deitu zieten dirua eskainiz. Nik esan nien nahi zutena egiteko, nahikoa helduak bazirela erabakiak hartzeko. Nire aldetik ez nien oztoporik jarri. Beraiek jakingo zuten diru asmoengatik edo kirol emaitza hobeak lortzeko asmoengatik edo zergatik joan nahi zuten Urdaibaira. Dena dela, noski, pena ematen du klub batean ibilbide guztia egin ondoren (hasi infantiletatik eta senior mailara arte), arraunlaria heltzen denean, orduan, beste talderen batek eramatea. Urte horietan guztietan taldekoek lan handia egiten dute mutilari erakusten.
P. BILBAO. Zuk diozun arraunlari haiek ez ziren arraunean ari eta gurekin hitz egin eta gero deitu zieten Ondarroatik.
M. ORBAÑANOS. Hitza eman zuen horietako batek Ondarroan hasiko zela arraunean. Dena dela, gure klubetara arraunlari berriak etortzen direnean ez dugu begiratzen zer utzita etorri diren.
J. L. KORTA. Denok nahi dugu kanpokoa, baina kentzerik ez.
M. ORBAÑANOS. Hala ere, fitxen erretentzioa dela-eta, ez zait ondo iruditzen bi urteko fitxak egin behar hori. Kirol amateurra da eta arraunlari bakoitzak eskubidea izan behar luke nahi duena egiteko. Bere ilusioak izango ditu arraunlariak eta aukerak izan beharko lituzke nahi duena egiteko.
J. L. KORTA. Errealitate hau ez du ondo hartzen irabazten ez duenak, normalean klub handiak. Orio klub handia da eta esango dizu gustatuko litzaiokeela Castroren aurrekontua izatea. Castrok adinakoa badauka, baina ez du esaten. Ez du esaten arraunlariek zenbat kobratzen duten.
P. BILBAO. Azkeneko urteetako entrenatzaile gehienak ere Oriotik datoz, Mikel, Aizperro, Ibon Urbieta… Normala da kexatzea, baina nire ustez zuzendaritza ez dago maila onean, lo dago. Duela 40 urteko egoeran geratu da.
M. ORBAÑANOS. Hondarribiko zuzendaritzak urtean arraunlarientzako 3.000 euro lortuko balitu, harro esango nuke. Baina hori esaten badut, badirudi emaitza onak lortzera behartuta nagoela eta hori ez da horrela.
J. L. KORTA. Oriok justifikatu behar ditu izan dituen emaitzak. Ez du Kontxarik irabazi azken bi urteotan, baina kirola horrela izaten da. Arazoak denok dauzkagu eta denon beharra daukagu gauzak lortzeko. Orain elkarri harrika ari gara. Uretan onenak irabazi behar du, baina aurretik denok hitz egin behar genuke. Euskaldunok daukagun txarrena inbidia da, geu ondo egiten saiatu baino bestea nola izorratu ibiltzen gara.
Orain nola funtzionatzen ari zareten azaldu duzue. Funtzionamendu horrekin ados zaudete ala ez da bide egokia?
P. BILBAO. Orain kolpeka gabiltza. Logikoena litzateke klubak elkartu eta bideragarritasun azterketa bat egitea. Honetarako badago jende espezializatua. Federazioa alde batera utziko nuke eta klubak bildu. Castroko zuzendaritzak, Hondarribikoak, Oriokoak… lana nola egiten duten ikusi behar da eta hor ikusi zein den bidea.
J. L. KORTA. Klub txikiak ere bai. Goiko taldeak ondo ateratzen bagara, atzekoek saiatu behar dute handiekin egoteko. Hori gertatzen da kirol guztietan.
P. BILBAO. Bai, bai, baina talde txikiei gertatzen zaiena da beti negarrez ari direla. Gu ere txikiak izan gara. Lanik egin barik ez dago ezer.
J. L. KORTA. Castro ere txikia izan zen.
Harrobia zein egoeratan dago?
P. BILBAO. Arraunlariak falta dira, baina arazoa ez da orain dela urtebetekoa.
J. L. KORTA. Arazoa da zer ematen diogun gazteari. Orain dela urte batzuk estropada asko izaten ziren. Orain traineruarekin bakarrik geratu gara.
P. BILBAO. Zuzendaritza gehienek trainerua eta trainerua, besterik ez dute buruan, harrobia begiratu ere ez dute egiten.
M. ORBAÑANOS. Lan asko dago egiteko.
P. BILBAO. Zuzendaritzetako jendeak ordea, urte asko daramatza klubean eta erreta dago.
J. L. KORTA. Askok faborea egingo lioke klubari bertan arituko ez balitz, baina askok txanponik irabazi gabe kristoren lana egiten du.
Zein da klubaren egitura ekonomikoa? Zein dira diru iturriak? Nola lortu daiteke diru gehiago?
M. ORBAÑANOS. Arraunean trapu zaharrak ateratzen ari gara beti eta berriketa pixka bat falta zaio kirol honi. Diru iturriei dagokienez, zerbait aurreratzen ari gara, baina arrauna gehiago bultzatuko balitz emaitza hobeak lortuko genituzke.
P. BILBAO. Entrenatzaile izan aurretik zuzendaritzan ere egon nintzen. Ez dago sarrera finkorik. Beti ari zara eskatzen Udalari, babesleak bilatzen… beti lana egin behar duzu. Adibide bat kontatuko dut. Argazki agentzia batekin jarri nintzen harremanetan gure argazkiak eskuratzeko eta 20 argazkirengatik 360 euro eskatu zizkidaten. 360 euro nire argazkiengatik? Kontua da profesional asko bizi dela gure kontura, kazetariak tartean. Eta nola edo hala erregulatu behar da egoera hau.
J. L. KORTA. Guri (Castrori) egin digute segimendua ea telebistan zenbat minutuz atera garen. Pentsatzea bakarrik zenbat kostako litzatekeen hori! Klubek hori lortzeko egin behar dute lan. Esate baterako, Castrok erabaki dezake berak liga egitea. Gure esku dago eta azkenean kanpotik harrapatuko digute. Zergatik? Bozketara joan eta arbitroek, epaileek, trainerurik ez daukatenek… hartzen dute parte. Kantabriarrak bai kantabriarrak ez, eztabaidatzen hasten gara eta azkenean kaka egiten dugu. Hemen liga ona egin behar da, gorako eta beherako aukerak izango dituen liga.
M. ORBAÑANOS. Tristea da, baina arraunlariak eskaintzen duen sakrifizioa ez doa bat arrauna ematen ari den mailarekin. Arraun ligak askoz hobea beharko luke.
J. L. KORTA. Ikaragarri erraza dago.
M. ORBAÑANOS. Bost puntu dira hori hobetzeko behar direnak. Ekonomia aldetik babesle bat egongo litzateke liga bultzatzeko, seguru.
P. BILBAO. Federazioak ez du lortzen babeslea ligarako, baina klub bakoitzak berea lortzen du. Enpresaren bat aterako balitz… pilotan Asegarce dagoen moduan…
J. L. KORTA. Guk faborez estropadak emititzeko eskatzen diogu ETBri. Uste dugun baino jende gehiagok ikusten ditu estropadak.
P. BILBAO. Baina guk ez ditugu kobratzen irudi eskubideak. Lehen kontatu dudan argazkien kontuarekin hori ikasi dut. Internetetik argazki bat jaisteko 60 euro. Ni ez naiz ezaguna, baina begira Jose Luis. Pentsa berari bere argazki bat Internetetik jaisteagatik 60 euro eskatzen badiote! Erregulatu behar da nolabait! Ez dago Euskal Herrian beste kirolik telebistaz bota eta etekinik ateratzen ez dionik!
J. L. KORTA. Arraun munduan, 5, 6, 8 klubek elkartu behar dute. Hemen, mahaian, hiru gaude (Hondarribi, Urdaibai, Castro), Orio lau, San Juan, San Pedro… ni kanpokoa naiz… Ikaragarri erraza dago, baina zer gertatzen da? 10 talde handi eta 20 txiki daude eta bozketetan txikiek irabazten dizute. Gainera, arbitroek, epaileek ere botoa izaten dute. Bozketetan arraunaren botoak, federazioarenak eta arbitroenak egon beharko luke.
Zer iritzi duzue kirolaren kudeaketari buruz?
M. ORBAÑANOS. Federazioari seriotasun gehiago eskatuko nioke estropadak antolatzeko orduan. Bost bat puntu dira garrantzitsuak: ontziratzea behar den bezala jarraitzea, estropada eremuan balizak-eta behar den bezala neurtuta eta botata egotea, traineruaren pisaketa kontua ondo egitea eta antidopina ondo kontrolatzea. Seriotasun horrekin arraunak asko irabaziko luke. Eta babesle batek liga bukaeran klub guztiak konpentsatzea lortuko balitz… Estropada guztiak antolatzeko talde jakin batek egon beharko luke prestatuta.
J. L. KORTA. Orain ez dakigu hurrengo Euskal Liga nolakoa izango den ere. Eta, dudarik gabe, galiziarrak ligan sartu behar dira. Nik azken bi ligak irabazi ditut, baina ez dakit hurrengoan sartzen utziko nauten, elastiko gorriagatik kanpoan utziko nauten… Liga onenek jokatu behar dute eta gora eta behera egiteko aukera jarri. Zerbait saldu behar badiogu norbaiti, daukagun onena erakutsi behar diogu.
P. BILBAO. Urtero tontakeria berdinekin gabiltza. Ligan kantabriarrak bai, kantabriarrak ez… Castrorik gabeko ligak ez dauka zentzurik. Kontua da ligan onenak egotea, ikuskizuna hori da.
M. ORBAÑANOS. Klubek diru gehiago jasoko dute onenen mailan onenak badira, ikuskizuna ematen badute, babesleek hori nahi baitute.
P. BILBAO. Euskal Ligan hori gertatzen da, baina Bizkaiko federazioa ere berdin ibiltzen da. Kantabriarrekin hitz egiten aritzen da liga bat eratzeko eta gero Euskal Liga antolatzeko berriketan hasi eta orduan euskaldunen liga defendatzen da.
M. ORBAÑANOS. Arraun munduan borondate gutxi ikusten dut. Beti atzera begira, lehen gertatutakoak gogoratzen: "Halakok hau egin zigun…" eta segi… Aurrera begiratu behar da eta jende berria behar da, federaziotik hasita.
Gustura al zaudete komunikabideen tratamenduarekin?
J. L. KORTA. Lan asko egiten duzue. Zuek ez bazinateke gu ere ez ginateke ezer izango. Baina, batzuetan ikusitakoa ez duzue jartzen, ez zarete ausartzen. Klub handien kontra ez da ezer esaten, Kortaren kontra errazago esaten da, nahiz eta ni klub handi batean aritu orain. Aurten eta iaz gertatu direnak itsuak ere ikusiko lituzke. Kazetari ona da norberak ikusten duena jartzen duena, urdina bada urdina da eta kito. Kazetarien lana balantzan jarriz gero irabazi egiten duzue.
P. BILBAO. Ados nago, komunikabideek lan handia egiten dute. Baina, Jose Luisek esan du kazetariek ez dutela jartzen ikusten dutena. Nire ustez, arrauna ulertzen duten oso gutxi daude. Arazoa hortik dator. Lehen, arraunaren kontaketa egiten zen: haizea zela, itsasoa… Orain, futbola, saskibaloia lantzen dira eta gero udan ez dagoenez ezer arraunari heltzen diote. Ez da estropadari buruzko kontakizun bat egiten, ez dira eguraldiaren aldaketak aipatzen, ez da itsasoa kontuan hartzen… Estropada ikusi gabe ere idazten dute. Bestelakoak ere badira. Txarto edo ondo Euskadi Irratian ahalegin handia egiten da. Hor dago Manu Maritxalar kazetaria. Arrauna bultzatu nahi dute eta horretan ahalegintzen dira. Balantza jarrita aldekoa da emaitza, baina ez dago arraun aditurik. Estropada amaituta beti dabiltza iritziren baten bila, beraiek gertatutakoa analizatzeko gaitasunik ez daukate-eta.
M. ORBAÑANOS. Biekin ados nago. Azken hiru bat urteotan asko mugitzen ari dira komunikabideak. Lan ona egiten dute arraunerako, baina Patxik esan duen bezala arraunari buruz ulertzen duen jendea falta da. Komunikabideek, ETBk eta Euskadi Irratiko "Tostartean" saioak bultzada handia ematen diote arraunari. Interesgarria litzateke arraunari buruzko kritikak, zentzuzko kritikak, arrauna ezagutzen dutenen aldetik etortzea.
Abordajeak direla, kale arteko dantzak direla... epaileen erabakiak airean jarri dira. Zer egin behar da horrelako iskanbilak sor ez daitezen?
P. BILBAO. Azken urteotako arraun munduko arazoetako bat irizpide sendoetako eta izaera sendoko epaileak ez izatea da. Federazioekin kristoren borrokak dituzte epaileek, badirudi epaile gutxiegi dagoela... ez dakit zein den horren arrazoia, baina kontua da estropadak telebistaz botatzen direla, babesleak atzean daude, klubak ahalegin handia egiten ari dira eta epaileek ez dute erantzuten. Ez dut esan beraien errua denik, baina datozen urteetan ere arazo handia izango da gai hau. Epaileek beste lan bat egin behar dute eta beharbada semiprofesionalak izan behar dute, soldata kobratu behar dute.
J. L. KORTA. Epaileak ere profesionalak dira!
P. BILBAO. Isildu egingo naiz orduan.
M. ORBAÑANOS. Lan serioagoa egin behar da.
P. BILBAO. Txarrerako edo onerako, hainbat arau edo egitura ezarri beharko lituzkete.
M. ORBAÑANOS. Nazioarte mailako aulki mugikorreko lehiaketetan beste seriotasun bat ikusten zaie epaileei. Kaletik ateratzen bazara abisua emango dizute eta hurrengoan bandera gorria ateratzen badizute gera zaitez, bestela... Irteera puntuan egon zaitez bost minutu lehenago bestela ez duzu lehiatuko eta gehiegi kexatzen bazara denboraldi osoa jokatu gabe igaroko duzu.
J. L. KORTA. Epaileek ez dute agintzen, ez daukate autonomiarik, lehorretik datoz aginduak.
M. ORBAÑANOS. Klubek edo arraunlariek osatutako elkarteren bat egon beharko luke epaileekin bildu eta estropadak nola gidatu behar diren erabakitzeko.
Ez pentsa mahai-ingurua hitz hauekin amaitu zenik. Beste ordubetez aritu ziren hiru mahaikideak berriketan. Azken bi Kontxako Banderetako iskanbilak, traineruen kale arteko dantzak, Portugaleten BBK Banderan Ertzaintza agertu zenekoa… Arrauna eta itsasoa ondo baino hobeto ezagutzen dutenek soilik ulertzeko moduko azalpenak eman zituen Jose Luis Kortak. Harrika aritu beharrean klubak elkartu eta hitz egin behar dela zioten behin eta berriz. Lan asko dagoela egiteko eta aurrera begiratu behar dela beti.