Sehaskatik hartu du Imanolek musikarako zaletasuna, eta geroztik milaka haur lokarrarazi ditu bere sehaska kantuekin. Ikastolakumeon txikitako soinu banda osoa ere Imanol Urbietak jarri du. “Aitonaren batela”, “Bubu mesie!”, “Kote kote”, “Si re si re”... Abesti haiek gure neurrira eginda zeuden. “Kalera kalera, borrokalari kalera” kantua ere denok ezagutu arren, oso gutxik daki doinua Imanolena denik. Beti hor egon da Urbieta, baina sekula nabarmendu gabe. Anjel Lertxundik esaten duenez, “beti gogoratuko dizu zuk eman zeniona, sekula ez berak eman zizuna”. Hurrengo astean, bere ikasle eta lagunek omenaldi berezi bat eskaini nahi diote.
Zure bizitzako esperientzia aplikatu omen duzu umeekin. Zer esperientzia eduki zenuen umetan zuk musikarekin?
Bi urte neuzkan gerra etorri zenean. Garai hartan ez zegoen irratirik ere. Plazan bizi nintzen, eta nire musika iturri plazako kioskoa nuen. Nahiz eta gerra etorri, Zarauzko bandak jarraitu egin zuen. Zatiketa gogorrak izan ziren banda barruan, nazionalistak kanpora joan ziren, eta bertakoek Nafarroatik etorritakoekin osatu zuten banda. Baina gerran ere musikak jarraitu egin zuen, beraz. Besterik ez bada, Madrildik zetozenek martxa militarrak eta pasodobleak jotzen zituzten.
10 senideetan hirugarrena nintzen. Etxean tradizio handia zegoen sehaska eraginaz kantatzeko. Mutil koskorretan ez neukan kalera joaterik, sehaskako umea lokarrarazi gabe. Sehaska kantuak izugarri gustatzen zitzaizkidan, eta konturatu nintzen erritmoa ondo zaindu behar dela, alegia, alferrik zela kalera joateko irrikagatik sehaska azkar eragitea. Modu horretan umeak ez baitzuen lorik hartzen. Amari begira ikasi nuen hark nola kantatzen zuen, goxo, geldiro, sehaskaren erritmoa kantatzerakoan eramanez. Horrela lortu nuen, gerorako esperientzia.
Hamalau urterekin seminarioan hasi zinen. Bokazioz baino, zeure lekua bilatzera joan omen zinen.
Bi anaia zaharrenak fraide joan ziren, osaba ere bai, izeba moja genuen... Etxeko giroa oso erlijiosoa zen. Etxean errudun sentitzen nintzen, beti aurpegiratzen baitzidaten nire anaiak eta osaba lau pareta artean bizi zirela, eta ni berriz, egun osoan kalean.
Gainera ume berezia nintzen. Afektibitate gutxi ezagutu nuen, eta txikitatik goiztiarregia nintzen. Jende zaharragoarekin ibiltzen nintzen, eta ume batentzat ez zen giro aproposa. Gerra osteko kaleko bizitza bizioz betea zegoen.
Nire barruan sekulako kontraesanak nituen. Guri inork ez zigun heziketa sexualik eman. Masturbatzea ere bekatua zen...
Eskolan ere sekulako presioa neukan. Eskerrak mutil azkarra nintzen, bizia, ernea. Irakasleek ezin ninduten mendean hartu, baina gaitasun ikaragarriak neuzkan marrazketarako, idazteko, musikarako... Ez nintzen gaiztoa, nire enkantuak neuzkan.
Hitz bakarrean esateko, garai hartako hezkuntzaren fruitua nintzen. Ni berez nintzen iraultzailea. Hamalau urterekin seminariora joan nintzen nire kontzientzia baretzera.
Arantzazura joan nintzenean gure aitak negar egin omen zuen. Baina hori osabak kontatu zidan. Gure gurasoek ez zekiten euren sentimenduak adierazten. Izan ere, berandu hartu nuen seminariora joateko erabakia, eta gurasoentzat ustekabe handia izan zen. Ez zuten espero, niri zer karrera eman pentsatzen hasiak ziren ordurako.
Lagunartean zer moduz moldatzen zinen?
Koadrilarako oso elementu ona nintzen. Futbolerako, lehiarako, giroa jartzeko... Bandako kantuak pianorako moldatu, eta kafetegi batean jotzen nuen arratsaldeetan, gazteentzat. Erromantiko hutsa nintzen, beti maiteminduta bizi nintzen!
Bihurria eta onbera zinen, beraz.
Amak kontatzen zuen, nola behin kristorena egin nuen. Ama errezelotan zebilen, “orain ere Manolito zertan ari ote da!”. Ohera joan aurretik begiratu omen zuen nire gelako atearen morroilotik, eta ni belauniko aurkitu ninduen, beso zabalik errezatzen. Ama zur eta lur geratu zen.
Arantzazun zer aurkitu zenuen?
Goizetan esnatzean, sentitzen nuen beldurrik ez neukala. Ordura arte barruan gordeta neukan indarkeria askatu nuen.
Han baretasuna aurkitu nuen, baina kontrol handia ere bai. Eskolan ere, irakasle batzuek oso nire alde nituen, eta besteak oso nire kontra.
Denborarekin konturatu naiz nire arazoa hezkuntza sistematik zetorrela. Hezkuntza sistema umea mendean hartzea da. Nik bizi izandakoa oso gogorra da. Horregatik diot umeari errespetu ikaragarria.
Nolako hezkuntza ematen saiatzen zara?
Guk umearen osotasunari bakarrik begiratzen diogu. Heziketa integrala bilatzen dugu. Horretan erabat Oteiza zalea naiz. Arantzazu eraikitzen ari zen garaian, ezagutu nuen, ni ikasle nintzela. Gerora nire irakasle lanen berri izan zuen eta behin hala definitu ninduen: “Imanol, umeak sutsuki eraikitzen dituena”.
Nik eskolan beti defenditu dut gaitasun denak landu behar direla. Ez txikitatik, ume bat piano jole izatera bakarrik bideratu, gurasoen ametsa hala delako.
Ni eskolan zigortu egiten ninduten marrazkiak egiteagatik. Oso ona nintzen horretan. Arantzazura joan nintzenean ere karikaturagile petoa nintzen, eta debekatu egin zidaten marraztea. Hori pertsona bat elbarritzea da.
Pertsona libreak sortzea da nire helburua. Baina nahiz eta oso askatasun zaleak izan, diktadore txiki batzuk gara. Denok. Norberak egin behar dio aurre bere buruari. Autokritika eta terapia gogor bat behar dugu. Irakasleak umeak maitatu behar ditu. Eta irakasle batzuk badira maite dutenak bere jakinduria, bere esperientzia, eta ahaztu egiten zaie umeari libre izaten utzi behar zaiola. Eskolari interesatzen zaiona umeen sumisioa da. Oso zaila da umeen iritzia errespetatzea. Erreformismo asko dago, eta benetako iraultzak egin dira, baina gaizki atera dira. Hala ere, bide honetatik jarraitu behar dugu.
Mugimendu politiko eta kulturalean ere ibili zinen...
1957an Arantzazutik itzultzean hasi nintzen umeekin antzerkiak egiten, kantaldiak, lehiaketak... Euskararen egun bat izaten zen, eta hori zabaldu beharra sentitzen nuen. Giroa oso politizatua zen, Franco oraindik bizirik, eta hogei urte inguruko gazteak mugitzen hasi ginen. Inguruan koadrila aproposa suertatu zitzaidan, zorionez, eta erraza egin zitzaidan giro hura indartzea. “Irrintzi” taldean aritu nintzen, politika, kultura, eta euskaltzaletasuna berpiztu nahian.
Musikaren bidea bizi nuen orduan, konposatu egiten nuen. Baina nire helburua ez zen goi mailako musikari izatea. Gizarteari begira egiten nuen musika. 60ko hamarkada zortzikoteen garaia zen. Lagunek eskatu zidaten ea zortzikotea zuzenduko nuen. Tradizioa kantatzeko ondo zegoen, baina guk beste musika batekin hartu genituen eszenategiak. Polifonia egiten genuen, baina mezu bat, eta baloreak transmitituz. Alderdi politikoa hor zeukan. Oraindik ez zen “Ez dok Amairu” sortu.
Eskolan beranduago sartu nintzen, 70ean. Baina garai honetan konturatu ginen zein garrantzitsua zen euskarazko kantuak, dantzak irakastea eskolan. Euskaldun izateko euskal kulturaren oinarri bat ematea ezinbesteko estrategia da. Irakurtzen eta idazten irakastea ez da nahikoa.
Kontatu Zarauzko ikastolan irakasle izan zineneko esperientzia.
Euskadiko Kutxako zuzendaria nintzen, eta dena utzita Erromara joan nintzen irakasle titulua ateratzera, ikastolan irakasle hasteko. Nire semeei beste heziketa bat emateko hartu nuen irakasle hasteko erabakia.
Konturatu nintzen umeak gustura edukitzeko kantua oso garrantzitsua zela. Geografia, eta bestelako irakasgaiak ere kantuen bidez ematen nituen. Nire irakasteko modua ez zen konbentzionala, eta aztoratu egiten nuen ikastolako sistema.
Irakaslearentzat errazagoa da diziplina baten barruan beti orden berean irakastea. Nirea beste kontu bat zen, garai batean modan egon zen bizipenetan oinarritutako heziketa. Haurrak zerbait ikasi nahi badu, lehenengo bizi eta esperimentatu egin behar du, eta gero azalpena bilatu. Nik intuizioz erabiltzen nuen neure pedagogia propioa, ongi edo gaizki ari nintzen jakin gabe. Geroago etorri ziren teoriak.
Uste dut, ikastolak gaizki interpretatu zuela nire metodoa. Enbarazu bat nintzen eskola hartan, bakarti bat, eta hala ere beti jendez inguratuta nengoen.
Arrazoi politikoak ere izan ziren tartean. Eta azkenean, bidali egin ninduten ikastolatik. Nire bizitzako unerik latzena izan zen, osasun osoa galdu nuen. Zarautzen neukan lagunartea, koroa, dena galdu nuen. Eta neure herrian bizitza berregituratzeko, kontserbatorioa sortu nuen.
Lehengo eta oraingo umeak ezberdinak dira?
Ez ditut ezberdin ikusten. Orain ere umeekin oso ondo moldatzen naiz, oso estimatua sentitzen naiz. Gaurko umeekin orduan egiten nituen gauza berberak egiten ditut. Ni aldatu naiz, noski, zahartu egin naiz.
Nik ez dut sekula umea nigana ekarri. Ni sartu naiz, zentzu guztiak horretara jarrita, euren munduan. Trukean jaso dudan sentsaziorik gogorrena izan da umeek emandako maitasuna.
Adibide bat jarriko dizut. Astebete ibili naiz Orreagan hango ume eta irakasleekin. Ez nituen umeak lehendik ezagutzen. Iritsi nintzenean, hiru urteko ume bat beti gainean neukan. Bere amak esaten zidan, “bai, sorgin hutsa da, oso mimosa...”. Garrantzia kendu nahian umearen onarpenari. Umeak amari esaten zion “ama, begiak itxi eta Imanol ikusten dut”. Maitemintze erromantiko hori zuen. Amak azaldu zidan: “ez harritu. Nire etxean ume horrek jaioz gero ez du zurea ez den beste musikarik entzun.” Umeak barruan ideia bat egina zeukan, kantatzen zuen Imanol horrena, eta nire ahotsa entzun zuenean ez zuen erreparatu nire adinean. Horrelako beste hamaika kasuk erakusten dute umearentzat garrantzitsuena musikarekin bere alde afektiboa lantzea dela.
Umeengandik eman adina jasotzea ere ez da beti erraza izango.
Hiru urteko umeengandik ezin dugu espero hitza entzutea, eurek kantatzea. Gizartearen betebeharra da umeari musika ematea. Eta ez, askotan egiten den bezala, “umeak ez du kantatzen” esan eta gutxiestea. Ez du kantatzen, ezin duelako kantatu. Urte horietan umeak barneratu eta barneratu egiten du. Ausardia handia behar du ume batek kantatzen hasteko. Bere ahotsa gizarteratzea esan nahi baitu horrek, eta oso zaila egiten zaio.
Gogoan daukat “Lotan nago begiak itxita” kantuarekin gertatutakoa. Hiru urtekoekin landu genuen kantu hori. Hurrengo urterako, beste kantu bat asmatu nuen “Lotan nago lotan, ametsetan ta lotan...”. Umeetako bat erdalduna zen, euskal munduan integratua. Haserre etorri zitzaidan, eta erdaraz esan zidan: “Imanol, kantu hori ez da horrela! Lotan nago, begiak itxita da!” eta kantu osoa bota zidan. Ordura arte ez zuen sekula kantatu, baina ez du esan nahi kantua ez zekienik. Oso ume bizia zen, eta lau urterekin esan zidan: “Imanol, maite zaitudala esan baino lehen, banekien zuk maite ninduzula”. Gurea ematea da, eta erantzun txar baten aurrean, pazientziaz, nola buelta eman pentsatzea.
Gorroto dut “eman Imanoli muxu” esatea. Ez dut nahi umeak gerora pentsatzerik “zenbat muxu eman behar izan nizkion maisu zahar hari”. Pentsatu dezala, nahi badu, “zenbat muxu eman zizkidan gizon hark”. Ez dakiola maitasunik falta. Hori da nire lehen legea.
Nola sortzen dituzu kantuak?
Kantuak umeekin batera sortzen ditut, euren artean nagoela sortzen zaizkit, bat-batean. Donostiako Martutene auzoan klaseak ematen nituenekoa kontatuko dut. Oroimenean banituen trenari buruzko kantuak, “Pasa-pasa por la puerta de Alcala”, geuk txikitan asko kantatzen genituenak. 3-4 urteko haurrekin nengoen, eta “Triki-traka-trika-tra Martuteneko trena” sortu nuen.
“Ranroberra”rena da bestea. Umeetako batek ez zekien “r” ahoskatzen, eta beti isilik egoten zen, hitzik egin gabe. Autista zela ere pentsatu nuen. Beti itxita zegoen, baina bere begiak beti nirekin zituen.
Gabonak pasatu berri ziren egun batean, umeengana itzuli, eta denak hasi zitzaizkidan Erregeek zer ekarri zieten kontatzen. Gure ume hori, Aitor, etorri zitzaidan, eta ezinean, barruan zuena askatu zuen: “egegeak ekagi dit traktoga, motoga eta gangobega”. Erantzun nion “Aitor, dena martxan, e!”. Hurrengo klasean sortu nuen “Ranroberran, po-po-po-po-po-po-po-po!” kantua. Hitz egiteko beldur hori gainditu zuen. Hazitakoan, ama eta biak etorri zitzaizkidan eskerrak ematera.
Musika eta hizkuntza nola uztartzen dituzu?
Eskolan beti eman dut musika hitzari lotuta, sekula ez bere abstraktutasunean. Musika bide ikaragarria baita melodia eta erritmoaren bidez, pentsamenduak transmititzeko. Txikitatik umeak erritmoa bizi du gehiena, melodiak berotasuna ematen dio. Eta ez uste izan umeak musika bihurria edo mugimendu askokoa nahiago duenik. Hiru soinu nahiko dira umea gustura edukitzeko.
Umeari, hasieran, bost axola zaio hitzaren esanahia. Hitzaren erritmoa jasotzen du. Begira, bestela, “Aita gaiztoa tabernan dago, pikaro pekataria” seahaska kantua. Zentzu txarra du, baina hori kantatzen dion amarentzat. Umeak fonemen goxotasuna jasotzen du. Zentzu literarioa ez zaio interesatzen.
Zer da musikaren balio terapeutikoa?
Beti erreparatu diogu musikak lasaitzeko, lokartuarazteko duen balioari. Terapia askotarako behar dugu mugimendua koordinatzea. Nola entzuten dugun ezagutzea garrantzitsua da, gure tonalitatearen erreferentziak edukitzea ere bai...
Zenbat ume daude traumaz, ez dutelako ahotsaren indarrik. Lotsaren presioa sentitzen dute, eta esan nahi dutena eztarrian korapilatzen zaie. Pentsa, ahotsa zer arma garrantzitsua den komunikaziorako!
Zuen eskolatik ateratzen al da goi mailako musikaririk?
Ez diogu goi eta behe mailari erreparatzen. Guk beti hartu dugu musika bizitzarako lagungarri, ez helburu. Zaletasuna sortuz gero, ondoren nahi duenak egingo du musika karrera. Eta bai, nahi duenak landu du eta musikari onak atera dira.
Kezkagarriagoa da beste kasua. Ume asko gelditu dira bizi osoan frustratuta, bere etxean denak musikariak zirelako eta bera etxeko tuntuna bezala hartzen zutelako. Nirekin musika ikasi du jende horrek, kantatu eta flauta jo ere bai.
Kongoko Kansenia herrian egon zineten.
Esperientzia zoragarria izan zen. Musika irakatsi genuen bertan, eta disko bat grabatu ere bai. Beti harritu nau afrikarrek erritmorako duten dohain bereziak. Bai musikarako eta dantzarako. Konturatu nintzen umea beti amaren bizkarrean daramatela. Agian hori izango da, arrazoia. Hemengo umeak sehaskan egoten dira. Hangoek, berriz, amarekin lo egiten dute, kalera irtetean amaren ibilera sumatzen dute, bere mugimendua... Balio erritmikoa gehiago landu behar dugu eskolan.
Zer proiektu dituzue esku artean?
Musikaren historia irakasteko bideoak grabatzen ari gara. Urtero hiru tokitara mugitzen gara, bertako musika azaltzeko. Esaterako, iaz Italiara joan ginen, operari buruzko bideoa grabatzeko.
Horrez gain, ume txikienentzat, bi urtekoentzat orain arte ez dut ezer askorik egin, eta gai horri ere heldu nahi nioke l
Nekazari eta abeltzainentzat Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) irakurtzea etsigarria izan bazen –eta izan zen–, ez pentsa askoz alaiagoa izan denik 2023ko uztailean horri jarritako 4.217 alegazio-egileri emandako erantzunen txostena... [+]
María Chivite lehendakariak esan du kezkatuta dagoela Alemaniatik Volkswagenetik datozen albisteekin, baina aldi berean, konfiantza duela multinazionalak Iruñean duen lantegian, orain arte iragarritako planak betetzen ari direlako.
Sindikatuen ustez, absentismoa ez da arazoa, “baizik eta lan osasunerako araudia errespetatzen ez duen patronala”. Patronalaren jarrera salatzeko baliatu dituzte azaroaren 7an, Bilbon, Confebaskek gai horren inguruan antolatu dituen jardunaldiak.
Ostegun arratsean abiatu da Lurrama, Bidarteko Estian egin den mahai-inguru batekin. Bertan, Korsika eta Euskal Herriaren bilakaera instituzionala jorratu dute. Besteak beste, Peio Dufau diputatua eta Jean René Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, bertan... [+]
Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.
---------------------------------------------
Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Sendagaien garapena "bizkortzeko, tratamenduak pertsonalizatzeko eta barne-prozesuak optimizatzeko" erabiltzen ari dira adimen artifiziala. Enpresen % 33k erabiltzen du gaixotasunen analisian, eta % 29k sendagaien garapenean eta fabrikazioan.
Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen dabiltza –herritar mobilizazioak, agintari... [+]
Frantziako Estatuko diputatuak eta senatariak ados jarri dira. Orain arte, alokairu turistiko bat alokatzen zutenek etekinen %50 zergapetik kentzeko aukera zuten, urte osoko alokatzaileek, berriz, %30. Lege proposamenak biak hein berdinera ekarriko ditu, hots, %30era.
Lo Que No Te Cuentan De Donosti taldeak mobilizazio berri bat antolatu du datorren astelehenean, hilak 11, Amara Berrin, Kaleko Afari Solidarioak banatzen diren ordu eta leku berean. Hiriko hainbat eragile antifaxista eta antirrazista batzen dituen plataformak... [+]
Gasteizko Errotako (Koroatze) auzoan izan diren manifestazio "anonimoek" kolokan jarri dute auzokoen arteko elkarbizitza. Azalera atera dituzte ere hauetan parte hartu duten partidu politiko batzuen eta beste kide batzuen izaera faxista eta arrazista.
Israelgo armada urria osoan bereziki gogor aritu da Gazako iparraldean, eta egunotan ere azken urteko erasorik gogorrenak egiten ari da bertan, ehunka pertsona hilda, gehien-gehienak zibilak eta tartean hamarnaka ume. Herritarrei Gazako hegoaldera joateko agindua eman diete... [+]
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.