argia.eus
INPRIMATU
Termometroa
2021eko uztailaren 19a

LARUNBATEKO MANIFESTAZIOA

DATORREN larunbat honetan Donostian istiluak izateko arriskua agerikoa da, Herrizaingo Sailak ezker abertzaleko pertsona esanguratsuek deitutako manifestazioa debekatu ondoren eta deitzaileek deialdiari eusten diotela erantzun dutenean. Ez da ulergarria manifestazioa debekatzea, areago Bilbon irailaren 14an izandakoaren tankerakoa dela esanda. Orduan ez bezala, oraingoan Herrizaingo Saila Baltasar Garzoni aurreratu zaio debekuan, herritarrek manifestaziorako duten eskubidea urratuz. Aurretiko txarra Ibarretxeren Gobernuarentzat, egoera hori behin eta berriro errepikatuko dela dirudi eta.


ESPETXERATZEEN HASIERA

BALTASAR Garzonek HB, EH eta Batasuneko buruzagitzan aritutako 22 pertsonaren inputazioak, egoera gero eta nahasiagoa nahi dela adierazten du eta, seguruenik, buruzagien espetxeratze lasterketa hasi dela. ETAkoak izatearen akusazioa egiten zaie eta halako akusazioak espetxea dakar berarekin. Ez da harrigarria Garzonek halakorik egitea, bai da harrigarria gizartea halakoetara nola ohitzen ari den ikustea, eta nola ez den ia ezer gertatzen. Egoerak korapilatzen jarraitzen du.


GOTZAINEI KRITIKA KATALUNIAN ETA EUSKAL HERRIAN

ESPAINIAKO Apezpikuen Batzarrak nazioez eta nazionalismoez esandakoek hautsak harrotu dituzte Katalunia eta Euskal Herrian. Pastoralean argi adierazten da «Espainiako burujabetzari alde bakarrez uko egitea» ez dela «zuhurra, ezta moralki onargarria ere» eta gainera «Espainiarren elkarbizitza arriskuan» jartzen duela. Euskal Herriko hiru gotzainek eta Kataluniako bostek aurka bozkatu zuten. PPk eta PSOEk gustura hartu dute agiria eta Ezker Batua kritiko agertu da. Katalunia eta euskal gizarteko alderdi abertzaleek gogor kritikatu dute pastorala.


ATZERRIKO KANPAINA

LONDRESEN aritu ondoren Txile, Uruguay eta Argentinan azaldu du bere plana temati Juan Jose Ibarretxe lehendakariak. Aldekoek, euskal gizartean plana azaldu ondoren atzerrian aritzea goraipatzen dute. Kontrakoek, hemen ezin izan duena saldu atzerrian saldu nahi duela. PSE-EEk egindako inkesta batean, EAEko herritarren %43k arbuiatu egiten du Ibarretxeren proposamena.


EUSKARAZKO KOMUNIKABIDEEN LARRITASUNA NAFARROAN

KALKULUEN barruan zegoen euskarazko komunikabideak bere diru laguntzetatik kanpo uzteko ahalegina egingo zuela Nafarroako Gobernuak. Oraingoan Euskalerria irratia eta ‘Nabarra’ hilabetekariari egokitu zaie. Sanz lehendakariaren gobernua prestatzen ari den dekretu berriarekin, bestalde, euskararen aurkako erasoaldia areago bizkortuko da. Protesta gisa, euskaltzaleek abenduaren 14an manifestazioa egingo dute Iruñean.


ESKUBIDEEN AGIRIA

EUSKAL herritarrek nazio bateko kide diren neurrian dagozkien eskubideak jorratzen ditu Udalbiltzak aurkeztu berri duen Eskubideen Agiriak. Hilaren 23an Tolosan egindako Batzar Nagusian onartu zen agiria. Batzarrean ezker abertzaleko 451 hautetsik parte hartu zuten. Datorren urte hasieran beste batzar nagusi berezi bat egingo da, maiatzeko udal eta foru hauteskundeen inguruan izango den egoeraz hausnartzeko.


SAIHESTU ZITEKEEN

Ramon Gil Ostoagaren heriotzak agerian jarri du zein eratako indarra eta presioa duten komunikabideek eta zenbait kanpaina berezik. Ezin da esan Ruth Alonso epaileak baldintzapeko askatasunean jarri ondoren zabaldutako kanpainaren ondorio bakarrik denik, baina seguruenik eragin oso handia izan duela bai, bere aurka esku beltzek egin izan duten intoxikazio kanpainak bezala. Bere egoerak espetxean behar bezalako tratamendu bat jaso izan balu, agian ez legoke bere heriotzari buruz idatzi beharrik. Euskal Herrian bizi den gatazkak beste heriotz bat gehiago sortu du, oraingoan baldintza oso gogorrak jasaten dituen euskal presoen kolektiboaren baitan.