argia.eus
INPRIMATU
NEGUGINTZA
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 28a
Urteko atsedenaldia datorkie frutarbolei: negua. Beraien egoeraz eta etorkizunaz gogoeta egiteko aukera ederra. Arbolan irakurtzen saiatu behar gara lehenik: pasa berri den urtea nolakoa izan den, loraldia eta uzta pulamentuzkoak izan diren, hazkunde egokia izan duten, gaitz edo izurriterik pairatu duten…

Ondoren, neguan zer egin? Arbolaren osasuna eta elikadura dira garrantzitsuenak sasoi honetan ere. Elikadura orekatua izateko, sustraietan jartzen dugu lana: ongarrien bidezko elikadura desorekatu eta artifiziala da, bizidun guztiena bezalaxe, arazo iturri nagusia. Ondo ondutako simaurra edo konposta da onena. Gehiegirik gabe, honek hazkundea azkartuz gaixotzeko arriskua areagotzen baitu. Hauxe da gaixotasuna: landarearen gainbeherakada abiatu eta azkartuko duen onddoen erasoa. Naturaren tresna ezagunena, arazoak izan edo bizimodu desorekatua dutenak baztertu eta akabatzekoa, alegia. Kontuz, beraz, gehiegizko ongarriketarekin. Eta amaitzeko aholku bat: enborrak luzitu: behi simaurra, silize hondarra eta buztina heren bana duen nahasketa bat isipuz zabaldu adar nagusietaraino. Azaletik elikatu eta arerio asko akabatuko dituzu