50 LANGILE ETA ENPRESABURU AUKERATUKO DITUZTE


2021eko uztailaren 19an
LAB lehenengo aldiz aurkeztuko da Iparraldeko hauteskundeetara. Gaurkoz, bera da zazpi euskal lurraldeetan militanteak dituena eta lan sindikal errebindikatiboa egiten duena, eta, aurten modu horretantxe ispilatuko du izate eta jardun nazional hori. Datorren abenduaren 11n izango da. Egun horretan gauzatuko dituzte Iparraldean han "Prud'hommes" deritzen hauteskundeak, sektorekako eta lurraldekako ordezkariak hautatzeko eratzen dituztenak, esparru horietako ganberetan ebazten baitituzte enplegatuen eta enpresaburuen arteko diferentziak eta liskarrak. LAB sindikatuak bezalaxe, CGT eta Force Ouvriere sindikatuek eta enpresaburuen hainbat taldek aurkeztu dituzte hautagaiak, besteak beste.

Hauteskunde horietan, abagune ezin hobea dute enpresaburuekin aurrez aurre dabiltzan langileek. "Prud'hommes" organismoan aurkituko dituzte lan mundua ondo ezagutzen duten eta beren hizkuntzan komunikatzen dakiten pertsonak. Izan ere, erakunde horretako epaileak langileen lan sektore berekoak izaten dira, eta enplegatuek berek hautatutakoak. Halaber, enpresaburuen ordezkariak ere enpresaburuek berek aukeratutakoak izaten dira organismo horretan.
Gatazketan, maiz aski izan ohi da bi aldeen arteko dialogoa onera ekartzea, hala elkarri ulertzen hasteko, nola aterabide bat aurkitzeko. Horregatik, "Prud'homales" deritzen epaileek bi aldeena entzuten dute auzietan, eta batzuen eta besteen arrazoiei kasu eginez konpontzen dituzte gorabeherak. Kontuak horrela, hurbileko instituzio horren alde ageri dira sindikatuak, justiziaren jurisdikzio profesional urrunagoa baino hobea delakoan, eta, ondorioz, sindikatu guztiek gogoz dei egiten diete langileei, boza eman dezaten.


FRANTZIAN ERE EUSKALDUNAK BEREIZITA.

Datorren abenduaren 11ren ondoren osatuko den "Prud'hommes" organismoak 1997an baino zortzi lagun gutxiago izango ditu (58 zituen 1997an; 50 izango ditu hurrenak). Erakunde erregulatzaile horretarako, langileek hautatuko dituzte 25 epaile edo aholkulari eta enpresaburuek beste 25 (ordezkaritza bera dute bi aldeek). Iparraldeko ia enpresa eta langile guztiak Baionako "Prud'hommes" organismoaren jurisdikziokoak dira. Alabaina, Hegoaldean bezalaxe, Iparraldeko lurraldeak ere bereizirik daude: Frantziako legediak dauzka banaturik. Ondorioz, Iparraldeko hainbat langile eta enpresaburu euskaldunek ezingo dute Baionan bozkatu. Zuberoako biztanle gehienek, Oloronen eman beharko dute boza. Nafarroa Beheretik hurbilen dauden zazpi udalerrietako auzoek bakarrik eman ahalko dute botoa Baionan.
LAB sindikatuaren Ipar Euskal Herriko arduraduna den Jeronimo Prietok adierazi duenez, langileen interesak defendatzeko tresna ona dira datozen hauteskundeak, eta, sindikatu gisa estreinakoz aurkeztu arren, "Prud'hommes" organismoan ordezkaritza lortzeko itxaropen handia dute. Bestalde, Frantziako Gobernuaren inposizioa salatu du. Bere esanetan, erakunde horren ezarpena tarteko, Iparraldeko euskaldunak beharturik daude bereizita bozkatzera.

HAUTESKUNDEETAKO ERROLDA ETA HAUTAGAIAK.

Baionari dagokionez, 67.198 pertsona daude inskribaturik hauteskundeetan parte hartzeko erroldan. Lagun horietan, 64.035 dira enplegatuak (1997ko hauteskundeetan baino 7.503 pertsona gehiago) eta 3.163 enpresaburuak. Taulan ikusten den moduan, ekonomiako sektoreen arabera sailkatzen dituzte langileak. Era berean, hautatuko dituzten 50 epaile edo aholkulariak ere sektorekako hautagaiak edo ordezkariak izango dira: 18 merkataritzakoak, 10 industriakoak, 8 beste jarduera batzuetakoak, 8 tarteko koadroetakoak eta 6 laborantzakoak. Behin hautaeguna igarota, 50 aholkulari horietako 12 hautatuko dituzte taldeek, oraingo gatazkez edo auziez berehala ardura daitezen.

"PRUD'HOMMES" ORGANISMOAREN JARDUEREN GAINEKO ZIFRAK.

Iaz, 2001. urtean, 734 auzi erregistratu ziren erakunde horretan, 2000n baino %16 gehiago. Auzi konponduei edo ebatziei dagokienez, ordea, alderantziz gertatu zen: 644 erabaki zituzten 2000n; 534 2001ean. Hala, 614 auzi geratu ziren ebatzi gabe 2001eko urtearen hondarrean (2000n baino %50 gehiago). Bestalde, iaz luzatu egin ziren prozedurak aski nabarmen: 2000ren amaieran, 9,2 hilabeteko iraupena zen batez bestekoa; 2001ean, aldiz, 11 hilabetekoa. Horrez gainera, beste datu hau ere kontuan hartzekoa da: 2001ean, auzien %17 helarazi zioten goragoko epaileren bati; 2000an, aldiz, %14 soilik.
Azkeneko hauteskundeez geroztik, hots, 1997aren ondoren, organismo horrek, oro har, honako gai hauek izan ditu ebazgai: 35 orduko lanaldia, laneko bortxakeria, lanaldi partzialeko langileen arazoak, ordu gehigarrien eta osagarrien kalifikazioa eta garraiolarien alorreko beste zenbait

LAB: Sindikatu nazionala eta langile klaseari lotua
LAB sindikatuko militanteak hautagai izango dira abenduaren 11n egingo diren Ipar Euskal Herriko "Les Prud'hommes" organismoko hauteskundeetan. Bistan denez, Espainiako eta Frantziako Estatuek ezarri partizioa partizio, sindikatu hori hasi da praktikan jartzen bere programako politika territoriala. Rafa Diez idazkari nagusiak duela gutxi aurkeztu zituen Ipar Euskal Herriko nahiz Hego Euskal Herriko hauteskunde prozesuak, eta, egitate horren harira, ondoko hauxe esan zuen: "Euskal Herri osora hedatutako errealitatea izango da gure sindikatua; horretan ari gara". LABek 300 bat afiliatu ditu Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean, eta badu instituzio horretan ordezkariren bat izateko itxaropena.

Iparraldeko hauteskunde prozesu hori Hego Euskal Herrian datorren seihilekotik aurrera egingo diren hauteskunde sindikalekin batera egokituko da. Hego Euskal Herri osoan, 9.000 enpresa ingurutan egingo dira hauteskundeak, eta guztira 15.000 ordezkari berrituko dira. Gaur egun, 32.000 afiliatutik gora ditu LAB sindikatuak, eta 3.500 ordezkari baino gehiago lau herrialdeetako 2.100 enpresetan banaturik.
Rafa Diez Usabiaga buru deneko sindikatu abertzaleak estreinakoz lan mundura bildu diren gazte, gizon eta emakumeetan eragin nahi du bereziki datozen hauteskundeetan. Erakundeko idazkari nagusiak dioenez, honelakoxea da hauteskundeetan parte hartuko duen LAB sindikatua: "Etorkizuneko erakundea, politikoki eta sozialki proposamen eta konpromiso argiak dituena, egunero zapaltzen diren eskubideen alde borrokan gogoz jardungo duena eta esperientzia saiatzetik eta militantziatik jaso duena".
LAB helburu estrategiko oso definituko sindikatua da. Diez Usabiagaren iritziz, "politikaren eta ekonomiaren interdependentziazko testuinguru honetan, Euskal Herriaren independentzia lortzea da modelo sozialista bultzatzeko alternatiba onena". Eredu sozialistaren nolakotasunaz, aberastasunaren banaketa, osasuna, hezkuntza, kultura eta antzeko gorabeherak konponbidean jartzeko moduko modeloa izan behar duela dio. Azken batean, "langileen gehiengo sozialaren eskabideei" erantzun behar omen die ereduak. Horregatik egiten du LABek estatu baten alde, egitura hori beharrezkoa baita gure herria politikoki eta sozialki eraikitzeko, baita, kolaborazioan eta solidaritatean funtsaturik, gainerako herri eta estatuekiko harremanak garatzeko ere. Sindikatu abertzale horrek noraezeko jotzen ditu, halaber, harreman laboraletako euskal esparrua eta espazio sozioekonomiko propioa. Diez Usabiagaren hitzetan, langileen errebindikazioei lotutako eskabideak dira, baina, horrez gainera, Euskal Herrian demokrazia, burujabetasuna eta bakea erdiesteko bide ere badira.
Aurrekoez gainera, klase borroka ere ez dauka bazterrean uzteko. Adierazi zuenez, neoliberalismoa eta globalizazio kapitalista transformazio handiak ari dira eragiten, eta, bestalde, langileak sozialki esplotatzeko mekanismo berriak sortzen ere badihardute. Hortaz, azpimarratu duenez, "testuinguru horretan izango dira oraingo hauteskunde sindikalak. Egungo egoera soziala eta ekonomikoa kontuan izanik, inoiz baino beharrezkoagoa da klase borroka"


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude