argia.eus
INPRIMATU
TXERTAKETA KANPAINA
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 20a
Urte honetan berri latzak heldu zaizkigu Iparraldetik, 100.000 biztanleko populazio batentzat 1,7 kasuko proportzioan agertu baitira meningitis kasuak eskualde horretan. Eta detektatutako hamabi kasuetatik 10 Euskal Herrian gertatu dira, bi heriotza eraginez gainera: hamar urteko haur bat eta 72 urteko emakume bat. Egoera ez da normala izan, begi bistakoa denez, eta horregatik adituek neurri epidemiologiko berriak hartzea erabaki dute, betiere prebentzioaren bidetik, Jean Marc Tourrenchau Osasun eta Gizarte Arazoetarako zuzendariak iragarri bezala.

Urrian hasita, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako etxe guztietan liburuxka batzuk jaso dituzte meningitisaren aurkako txertaketa kanpainaren berri emanez. Bertan gaitzaren sintomak agertuko dira eta baita gomendio bezala, inolaz ere ez derrigorrezko neurri bezala, aholkatzen den txertaketa kanpainaren ingurukoak ere: 2 hilabeteko haurtxoetatik hasi eta 25 urte bitarteko herritarrei gomendatzen zaie txertatzea, eta horretarako aski izango dute beren familiako medikuarengana joatearekin. Kanpainak sei zazpi aste iraungo ditu eta Ipar Euskal Herrian, Biarno, Landes eta Hautes Pyrénnées departamenduetan egingo da, azterketa epidemiologikoak argi utzi baitu departamendu horientzako C meningitisen artean "lotura mikrobiologikoa" zegoela