argia.eus
INPRIMATU
TERMOMETROA
2021eko uztailaren 19a

GARAIKOETXEAK ITXIALDIA EGINGO LUKE LEGEBILTZARREAN

IBARRETXE lehendakariaren planak euskal gizartearen baietza jasoko balu eta Estatu espainiarrak ezetza ematen jarraituko balu, Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak parlamentarien itxialdia bultzatuko luke Eusko Legebiltzarrean, Sobiet Batasunetik banatzeko prozesuan Lituanian Langsbergisek egin zuen bezala. Bere ustez, honek gatazka politikoaren internazionalizazioa ekarriko luke. ARGIAren zenbaki honekin batera banatutako LARRUNen egiten zaion elkarrizketa luzean aitortzen du honakoa Garaikoetxeak.


UDALBILTZAREN BATZAR BEREZIA URTE HASIERAN

EZKER abertzaleko hautetsiak biltzen dituen Udalbiltzak ezohiko batzarra egingo du urte hasieran maiatzeko udal eta foru hauteskundeen aurrean izango duten jarreraz erabakitzeko. Azken bi urteetan urteko batzarra abenduan edo urtarrilean egin dute hautetsi hauek, baina aurtengoan azaroaren 23ra aurreratu dute urte hasieran aipatutako batzarra egitearren. EAJ eta EAko hautetsiak biltzen dituen Udalbiltzak, bestalde, 53.500 euroko dirulaguntza eman die Euskal Kultur Elkargoa (30.000 euro), Sortzen-Ikasbatuaz (21.500) eta Orreaga (2.500) elkarteari.


IRUÑEKO GAZTELUKO PLAZAN GOIZEKO ORDU BIETAN LANEAN

EZAGUNA da agintariek nola azkartzen dituzten eraikuntza lanak hauteskunde batzuk gerturatzen direnean, alkatetza baten kasuan are gehiago eraikitzen ari dena hiriko plaza nagusia denean. Iruñeko Gazteluko Plazaren azpian egiten ari diren aparkalekuaren eraikuntza abiada bizian doa. Esate baterako, hilaren 9ko 0:30 orduetan lanean ari ziren eta hilaren 13an 0:2’30etan ere lanean jarraitzen zuten. Eraikuntza lanen eremu juridikoan, Nafarroako Auzitegi Nagusiak aparkaleku proiektuaren esleipena gaizki eginda dagoela ebatsi du, lehiaketaren emaitzak argitara eman zirelako baina horiek ez zirelako argudiatu.


IBARRETXEK HIRIBURUETAKO TXANDA BUKATU DU

EAE-KO hiriburuetako bere planaren aurkezpen txanda bukatu du jada Ibarretxe lehendakariak Donostiako aurkezpenarekin eta esparru politikoan oinarrituta planarekiko sostengua bere horretan dagoela esan liteke. Planaren erronka nagusietakoa ezker abertzaleko sektoreak bereganatzea da eta horretarako oraindik denbora badagoela uste dute EAJ, EA eta EBk.


ABERTZALEEN BATASUNA

ABERTZALEEN Batasunak azaroaren 17an egindako urteko bileran hautatu zuen zuzendaritza berria. Honakoak dira Abertzaleen Batasunaren zuzendaritzako kide berriak: Panpi Dirassar, Filipe Goietxe, Andde Sainte-Marie, Leonie Agergarai, Jakes Bortairu, Mertxe Colina, Peio Etxeberri, Peio Etxeberri-Aintxart, Ttotte Etxebeste, Richard Irazusta, Beatrice Peyrucq, Sandrine Reder eta Maialen Torre. Batzarrean aipatutakoen artean deigarria izan da Euskal Herrirako proposatu den burujabetza asimetrikoaren kontzeptua. Hau da, zazpi herrialdeek burujabetzarantz egin behar dutela, baina bakoitzak bere molde eta erritmotan egin behar duela.


ABOKATUAK ESPETXE ZAINTZA BAKARRAREN AURKA

ESPAINIAKO espetxeetan presoei zerbitzua doan ematen dieten txandako abokatuek arbuiatu egin dute Madrilgo Gobernuak espetxe zaintzarako epaitegi zentral bat sortzeko agertu duen asmoaz. 21 abokatu kolegioetatik etorritako abokatuek Donostian 7, 8 eta 9an egindako kongresuan ateratako ondorioetako bat da aipatutakoa.


TRAGIKOMEDIA

Espainiako Entzutegi Nazionaleko fiskaltzak erabaki beharko du Eusko Legebiltzarreko Mahaiak deliturik egin zuen Batasuneko taldea bere jardueran suspenditu ez zuelako, Baltasar Garzon epaileak hala egitea agindu zuenean. Hala balitz, Sozialista Abertzaleak taldea desegitearen alde bozkatu zuten EAJ, EA eta Ezker Batuko mahaikideak auziperatuak izan daitezke epaile baten agindua ez bete izanagatik. Enrique Molina fiskalaren erabakiak, halaber, berdin balioko du Gipuzkoa eta Bizkaiko Batzar Nagusietako mahaietarako. Sarritan bezala, Enrique Villar gobernu ordezkariak borobildu du egoera Atutxa eta Ibarretxe auziperatuak ikustea gustuko lukeela azpimarratuz.