KOSOVOKO BERRI TXARRAK GAUEZ BANATZEN ZIZKIGUN E-POSTARIA


2021eko uztailaren 20an
Sevdije Ahmeti du izena, 57 urte ditu eta Europan oihartzuna izan duen liburua plazaratu du: «Journal d’une femme du Kosovo (février 1998-mars 1999)» (Kosovoko emakume baten egunkaria). Carlotte Valadek eman du liburuaren eta egilearen historia hunkigarriaren berri «Transfert» aldizkarian.

Ahmetik, izan ere, serbiarrek Kosovoko albaniarren kontrako garbiketa etnikoa hedatzen zuten egunetan, erresistentziako ekintza eraginkorra burutu zuen: egunean zehar lortzen zituen informazioak posta elektronikoz buletin batean bildu eta munduan zehar ezagutuak zituen pertsonei (1.300 helbidetara) banatzen zizkien gauero.
Buletin horiek osatzen dute NATOk serbiarrei erasotzeko erabakia hartu zuten eguna arteko gertakizun beldurgarrien kronika garratza. Kontakizun horiek aipatu titulua daraman liburuan argitaratu ditu berrikitan Parisen Gosearen kontrako eta Garapenaren aldeko Batzorde Katolikoak (CCFD).


ISOLAMENDUA HAUTSI NAHI.

1989a arte unibertsitateko biblioteka nazionalean ari zen lanean Sevdije Ahmeti, baina urte horretan kanporatu egin zuten, Milosevicek garbiketa etnikoa mamitzen joateko martxan jarri zituen neurrietako baten poderioz. Gizarte mugimenduetan hasi zen militatzen eta albaniarrez idatzitako aldizkari bakarretako batean, «Kosovaria»n, idazten ere bai.
Horrela harrapatu zuen gerraren hasierak 1998an. Ez zen armak hartzen hasiko... Baina berak aurrez pentsatu baino arrisku handiagoetan sartu bai. Lehen mezua 1998ko martxoaren 6an bidali zien bere 1.300 hartzaileei. «Gerra dago Kosovon. Baina dena 1989an hasi zen. Sinestezina da denbora honetan guztian guk inolako laguntzarik lortu ez izana (...) Ipuinean bezala ‘otsoa dator’ esaka ari ginela uste zuten. Pazientzia galdu dugu eta konfiantza ere bai. Esker anitz gerra ekiditeko ezer egin ez edo gerra lehertu dadin ahalegin guztia egin dutenei».
Azken mezua 1999ko martxoaren 25ean bidali zuen Ahmetik, NATOk Pristina hiriburua bonbakatu zuen biharamunean. Urte bete horretan, Kosovon jazotako erreketa, atxilotze eta hilketak kontatu zituen bere posta elektronikoetan, biktimen zerrenda eta guzti, gertatzen ari zen triskantzaren lekukotasun zehatzak.
Azken kronika igorri eta biharamunean telefono haria moztu zioten emakumeari, eta martxoaren 28ko gauean gizon ezezagunak azaldu ziren ate joka, jo eta bertan hilko zutela oihuka. Ihes egin behar izan zuen.
Ahizpa baten etxean ezkutaturik zegoela, maiatzaren 4an azaldu zitzaizkion lau gizon mozorrotu. Etxean ziren guztiak (ahizpa, senarra eta koinatua) bi orduz jipoitu eta torturatu ondoan, bederatziak arteko epea eman zieten alde egiteko. Eta garrantzizkoagoa zena: bere ordenagailua eraman zuten. «Ongi zekiten -dio Ahmetik- zeren bila zebiltzan. Biktimak arriskuan ez jartzeko ordura arte plazaratu gabe nituen agiriak, argazkirik onenak». Horietako asko betikotz galdurik dira.


HARREMAN UGARIKO EMAKUMEA.

Informazioa eskuratzeko, iturri sare zabal baten jabe izan da urte horietan Sevdije Ahmeti. Milosevicen politikagatik 1989an unibertsitatetik kanporatu zutenean, Giza eskubideen eta Askatasunaren aldeko Pristinako Batzordean (KPMDN) hasi zen parte hartzen. Eta 1993an Vjosa Dobruna mediku lagunarekin beste elkarte bat sortu zuen, Emakume eta Haurren Babeserako Zentroa. Honek Italiako GKE baten laguntza handia zuen, baita Bruselan den Osasunerako Mundu Erakundearena ere.
Harreman horiei esker bidaia ugari egin ahal izan zuen Ahmetik, eta kontaktu berriak egin. «Joan-etorri horietan guztietan ezagutuz joan nintzen pertsonalitateen helbide elektronikoak bildu nituen pixkanaka, eta laster 1.300eko kopurua osatu nuen». Gerra lehertutakoan, guztiek jasoko zuten bere eguneroko kronika-buletina.
Kronikak bidaltzen hastearekin, Europako Segurtasun eta Elkarlan Erakundeak (OSCE) bi ordenadore eta argazki kamera digitala utzi zizkion. Eta tresna horiek lagun, Nazio Batuen Erakundeak eta batik bat Errefuxiatuen Aldeko komisarioak Kosovora egiten zituzten bidaietan laguntzaile gisa joaten zen. Mugarik Gabeko Medikuek eta Save The Children GKEak antolatzen zituzten konboiekin ere joaten ziren, Ahmeti eta bere laguna Vjosa medikua. Eta hala kurritu zuen Kosovo osoa, serbiarren desmasien lekukotasunak, elkarrizketak eta argazkiak bilduz.
Bidaietatik etxeratutakoan, Pristinan, gauean hasten zen bere egunkaria idazten, senarra eta haurrak ohera bidalita. 7 eta 15 orri arteko kontakizunak. «Nire helburua, informazio gordina idaztea zen, ez ikuspegi eta ez analisirik gabe. Horregatik, nire kronikak berez mintzo dira: egunak, bilakaera politikoak, sutu dituzten eskualdeak, biktimen kontakizunak, manifestaldi bakezaleak...».
Europan egindako kontaktu horiek izan ziren serbiarren mehatxuen kontrako garantia ere. «Kronika bat bidaltzen ez nuenean, nire lagunak (kazetariak, ikasleak, diplomatikoak, frantses, italiar edo belgiarrak) hasten ziren bazterrak astintzen».


INTERNET, «MIRARIA».

Hala definitu dio sarearen garrantzia Ahmetik kazetariari. 1995ean izan zuen tresna honen lehen albistea, nazioarteko bilkura batean aurkeztu ziotenean NBEen babesean sortu berria zen Women Watch web gunea. Garai hartan Kosovo guztian ez zegoen web gunean nabigatzeko operatzaile komertzialik, soilik sare militante bat (Zana.pr) eskualdeko hogei ordenadore lotzen zituena.
1992an Association for Progressive Communication erakundek Jugoslaviarako antolatutako Zamir sarearen partaide zen: erakunde horrek kazetari independenteei eta bakearen aldeko erakundeei sare paraleloak antolatzen zizkien. Hori zen egoera 1995an. Baina 1998an gerra lehertu zenean, jadanik hemen ere Internet gorputz hartua zen, eta hari eskerrak hedatu zituen bere egunkariak Ahmetik.
Gerra bukatuta, 2000ko udan, Milosevic epaitu behar zuen nazioarteko epaitegiko jueza Sevdije Ahmetiren bila joan zen Pristinara: ordenagailuko informazio baliotsu asko ohostua izan arren, Internet bidez zabaldutako lekukotasunak baliagarri izan zitzaizkion bere lanerako Epaitegiari.
Baina bera ez da Hagan azaldu, epaiketan. «Orain biktimek behar dute mintzatu. Nik nire lana egin nuen». Hark Pristinan segitzen du, Emakume eta Haurren Babeserako Zentroan batetik, eta bestetik emakume eta neskentzako doako Internet gune bat mantentzen. «Zail egiten zaigu Kosovotik ateratzea. Eta enbaxadarik ez daukagu. Internetekin, emakume eta neskak ere klik batekin munduko edozein herrialde eta gunetan daude, bestela eskuratuko ezingo lituzketen dokumentuak ikusten»

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude