Ia hogei urte dira ametsa errepikatzen dela. Urtero, udazken oro, Santu Guztien egunaren inguruan, edota urte zeltaren hasieran, agertu egiten dira gatazkan dabiltzan gure hiru nazioen joera literario ezkutuak, hots, nazio galegoarenak, euskaldunarenak eta katalanarenak. Estandarteak aireratzen dira, bozeramaileak izendatzen eta segizioak prestatzen, epe laburreko enbaxada ibiltari bakar batean, hizkuntzak eta libertatea bat eta bera direneko errepublika deszentralizatu amestuaren alde elkar hartzeko. Izan ere, konbibentzia, errespetua eta duintasuna izango badira, horixe da noraezeko kondizioa; hizkuntzak eta libertatea bat eta bera izatea, alegia.
Batez besteko hogei urte horiek kontuan, ia hamarrez behintzat azal nezake hemen neure ikuspegi partikularra, zeren gero publiko egiten den norbere buruaren sail hibridoan mugitzen baita literatura, edota kezka propioen zentroan arrotz baten gisan iltzatzen den arlo kolektiboan. Horregatik, literaturak berak bezalaxe, niri neuri bederen, Galeuscak eman dizkit bestela inola ere jasoko ez nituen ondoko bi gauza hauek: Galeuscari esker ezagutu ditut, gaurko Espainiari buruz, hots, berak ezinbestez izan beharra daukana ignoratzen eta mesprezatzen duelako, ignoratzen duen oro gutxiesten eta zokoratzen duen Espainia honi buruz, bihotzarekin idazten duten buru ekidistante ugari, eta Galeuscari esker lortu dut haien adiskidetasuna.
Eta, nahikoa leku izango banu, hementxe idatziko nituzke banan-banan ezagutu ditudan pertsona horien guztien izenak; bai, hementxe seinalatuko nituzke, pentsamendu bakarraren industriari, hizkuntza estekatuari, literatura domestikatuaren feria sentimentalari edo histamina mediatikoak ezarri «egitate diferentzialaren» tolerantziazko baremoari jaramon egin gabe, sorkuntzaren harian bizi diren lagun horien guztien izenak. Galeusca nazioan, ez gabiltza arrakastaren atzetik, zeren porrotik gabeko nazioa baita berez, edota, berdin dena, amets baten zaintza.
Alabaina, ametsa ez da paradisua. Apika, ez du zertan izan, baina, edonola ere, gure zoritxarrerako, izan ez da. Are gutxiago, berriz, Galeusca, zein somnanbuluen esku itsuekin eta bizirik irauteko senaren begi irekiarekin amestu behar baita. Hogei urte hauetan, gatazkan dabiltzan gure nazioen bide gurutzatuak ikuspegiz aldatuz joan dira; bereiziz eta garaiera ezberdinetan berriro elkarrekin gurutzatuz, zola ezberdinekin eta patu ebentual bereiziekin. Arindu egin da hitzen pisua, eta hutsarte ideologikoak salgai suntsikorrekin eta etengabe berritzekoekin bete dira. Literaturak elikagaien departamentua hartzen zuen lehen; orain, aldiz, oparitako gauzakien saila betetzen du. Gure hiru tradizio ezberdinek ez dute beste erremediorik: landa-turismora igaro behar dute, edota, bestela, hiriko geriatrikoetan eskatu behar dute plaza, sinesten dutelarik, egungo modernitateak, beste abantaila ugariz hornitzeaz gainera, utziko diela zahartzaro luze bezain gozoa bizi izaten, eta, beharbada, zergatik ez?, asmakizunak hainbeste izanik, in vitro ernalketak emango diela irauteko itxaropena, nahiz eta betiere muga batzuen barruan izan.
Beste urte askotan ospatuko ote dugu Galeusca? Ederra izango litzateke ez ospatzeko modua iritsi dugulako agerpen horren beharrik ez izatea, hots, urteko egun guztiak betetzea. Agian gure esku dago, baita gaur egun ere, hala gertatzen ohi baita beste amets askorekin