argia.eus
INPRIMATU
Txoriak batu ditu berriz Zumeta eta Artze
Izaskun Jauregi 2021eko uztailaren 19a

JoxAnton Artze eta Jose Luis Zumeta, poeta eta margolaria, batu nahi izan ditu ARGIAk harpidedunei oparituko dien lan berri batean. Izan ere, euskal kulturan erreferentzialak bezain ezagunak diren bi pertsonaiak dira Durangoko Azokarako plazaratuko duen laminaren sortzaileak.

Artzeren «Txoria txori» poema ezaguna oinarri bezala hartuz, Zumetak txori baten marrazkia egin du ARGIArentzat bereziki. Bi elementuek osatutako lanak balio sinbolikoa du, izan ere, 1973an argitaratutako «Laino guzien azpitik... eta sasi guztien gainetik» izeneko liburuan egindako lanari nolabaiteko jarraipena ematen dio. Lan hartan Artzek idatzitako poemei (orduan «Harzabal» izenez sinatutakoak) gehitu zizkien Zumetak marrazkiak eta bi liburukietako azalak. Orduan bezala, oraingo laminan egin duen marrazkian ere, txoria da protagonista. Izan ere, liburu haiek eta Artzeren poema hartu ditu oinarritzat artistak. Ia hogeita hamar urte igaro dira ordea ordutik, eta txoriak, ordukoak eta oraingoak aldatu egin dira. Oraingoari, kolorea jarri dio Zumetak, eta azken urteotan landutako tekniken ondorioak nabari zaizkio. Gainera, «orduko txoriak ebakita zeuden, burua zuten alde batetik, hegoak bestetik... Oraingoan, txoria lotu eta collage baten modukoa sortu» duela aitortu digu Zumetak.

BALIO SINBOLIKOA.

ARGIArako egin duen txoria «arketipo» bat dela dio Zumetak, eta honen interpretazioak mota guztietakoak izan daitezke. Artzeren poemak berak ere izugarrizko balio sinbolikoa izan du euskal kulturan. Besteak beste, hainbeste aldiz musikatua izateak frogatzen ditu batzuei zein besteei poema honek barruan sorrarazitako sentsazioak. 1969an argitaratu zuen «Txoria Txori» poema lehen aldiz, «Isturitzetik Tolosan barru» izeneko liburuan. Eta ordutik, ez dela modaz pasa esan genezake. Marrazkiarekin bezala gertatzen da poemarekin. Ulertzeko mila era daudela, autoreak bat nabarmentzen duen arren: «Batez ere da ea maite duzun hori nahiago duzun zure ondoan mantendu ez dena izanik, edo nahiago duzun urrundu dadin dena izanik». Dena den, bakoitzak askatasunaz eta nortasunaz duen iritziaren arabera, interpretazio ezberdinak sor litezke: «Ama batek bere semearengatik, seme batek gurasoengatik, senar-emazteak elkarrengatik, lagun artetik, politikan murgilduta daudenetik.. edota heriotzetik» egin daitezke poemaren interpretazioak.

ELKARREKIN BERRIZ.

Usurbildarrak biak, Zumetak eta Artzek, bakoitzak bere atalean, eztabaidatu ezin den lekua irabazi dute euskal kulturan. Zumetak, esaterako, 1961ean egin zuen bere lehen bakarkako erakusketa eta ondoren hamaika lekutan paratu ditu bere lanak: Mexiko, Madril, Bartzelona, Donostia eta Gasteizen, besteak beste. «Gaur» taldearen sortzaileetako bat ere bada. Bere arrakastaren lekuko da hain zuzen, une honetan New Yorken lehen aldiz paratu duen bakarkako erakusketa. Bestalde, JoxAnton Artze «Ez dok Amairu» taldeko sortzaile izateaz gain, hainbat poema liburu plazaratu du eta Mikel Laboarekin ikusentzunezko ikustaldiak ere prestatu izan ditu. Bien lana batu du ARGIAk orain, lamina bakar batean

ARGIAk bakarrik
Lamina Durangoko Disko eta Liburuen Azokarako izango da kalean. Harpidedunek Azokako standean doan eskuratu ahal izango dute, beti ere, abenduak 1eko alean (hots, etxeetara azaroak 26 eta 29a bitartean iritsiko den horretan) izango den txartela eramaten badute. Horren truk eskuratuko baitute 30,5x40 cmko neurriak dituen tanto gadenezko 260 gramoko paperean inprimatutako lamina. Harpidedun ez direnek 12 euroren truk erosi ahal izango dute han bertan