Begoña Murua kazetariak idatzitako artikuluaren zati bat da honakoa, «Zabalik» aldizkarian argitaratua:
«Ez dakit nor izan den ikusle-kopurua zenbatzeko tresna asmatu duena, baina hura banintz lotsatuta eta beldurtuta egongo nintzateke asmakizun horrek sortu duen munstroa ikusita. Izan ere, gauza bat da programa batek zenbat ikusle dituen jakitea eta beste bat, oso bestelakoa, programa hori ona dela esatea. Eta hori da etengabe entzuten duguna, telebista programatzaileek esaten digutena. (...) Umberto Ecok esana da urruneko bizimoduak eta kulturak ezagutzeko erabiltzen zela garai batean telebista, aspaldiko kontuen berri izateko; gaur egun, berriz, auzokoa ikusten gozatzen du jendeak. Auzokoaren miseriak esango nuke nik, zeren eta auzokoaren kontuak interesgarriak balira... tira! Baina ez. Gaur egun telebistan agertzen den jende gehienak ez du ezer esateko (...). Pantaila txikian entzuten diren inozokerien eta egiten diren ergelkerien atzean, jende askok telebistaren demokratizazioa ikusten du. (...) Ez dakit demokratizazioa edo berdintasuna gaizki ulertua den, baina kontua da askatasunaren izenean askatasunik eza ari dela zabaltzen. Telebistan agertzen den askatasuna oso murritza da, gero eta murritzagoa, esango nuke nik: beti agertzen da jende bera; gero eta gai gutxiago jorratzen dira, eta programa guztien tonua berdina da, hau da, nerabe kirtenena (...)».