argia.eus
INPRIMATU
DETEKZIO GOIZTIARRA IRTENBIDE
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21
Aurreko astean esan bezala, Espainiako Senologia eta Bularreko Patologiaren Elkarteak bere XXI. Kongresua egin zuen urriaren 17tik 19ra bitartean, Donostiako Kursaal Jauregian, eta bertan bildutako 500 lagunen aurrean emakumearentzat hain garrantzitsua den patologiaren inguruko ikerketak, etorkizunerako aurreikuspenak, eta jende arrunta- rentzat atera daitezkeen aholkuak eta gomendioak jorratu ziren.

Detekzio edo atzemate goiztiarra aipatzen nuen aurreko astean minbiziaren aurkako biderik arrakastatsuenetakoa bezala. Dena den, Jose Antonio Alberro adituaren esanak bere osotasunean jasotzeko, "adin-tarte hori zabaltzea eskatu zuen, Nafarroako kasua hartuz adibide edo eredu gisa, bertan detekzioko proba horiek 45 urtetik 70 urtera bitarteko emakumeei eskaintzen baitzaizkie".
Eta behin diagnostikatu ondoren zer? Zoritxarrez, "oraindik ere ez dakigu gaitza nola sendatu, bere kausa edo arrazoia ez dugulako zehatz-mehatz ezagutzen. Baina kontrola dezakegu, eta kronifikatu, horrela emakumeari urte askotan bizitzeko aukera emanez" Arrate Plazaola onkologoaren hitzak erabiliz. Tratamendu horien biez tumoreen hazkundea kontrola daiteke, gero eta agresibitate gutxiagorekin gainera pazientearentzat. Gainera, kimioterapiaren efektu mesedegarri berberak lortzen dituzten botikak agertzen ari dira, haien eragin kaltegarri edo toxikoak nabarmen gutxituz: esaterako kimioterapia pastilletan. Gaur egungo biziraupen-tasak % 77koak dira 5 urtera, baina tumorearen detekzioa egitean bere tamaina 5 mm-koa besterik ez bada, 5 urteko biziraupena % 90era igotzen da