ZUNTZ OPTIKOA: ONA ETA AZKARRA, BAINA GARESTIA


2021eko uztailaren 19an
Errepideak eta kaleak hankaz gora, koloretako hodiak eta hainbat langile lan eta lan. Hori da azkenaldian Euskal Herriko hainbat txokok ematen duen irudia. Baina zergatik, zertarako eta zer helbururekin? Guztiaren atzean askorentzat aski ezagunak izango diren bi hitz ezkutatzen dira: zuntz optikoa.

Bai; teknologia erosoa, azkarra eta sekulako abantailak ekarriko dizkiguna. Horixe da zuntz optikoa, edo behintzat, horrela saldu nahi digute. Ziur bat baino gehiago, hainbeste aukera eta proposamenen artean, zorabiatzen hasia dela. Gure helburua askok izan dezaketen nahasmen hori zertxobait argitzea da, dauden eskaintza desberdinak aztertuz eta teknologia honen abantaila eta desabantaila nagusienak errepasatuz. Zenbait aditurengana ere jo dugu, beren iritziaren bila eta bateren batek gauza bat erakutsi digu: guztia ez dela arrosa kolorekoa.
Gure ingurua zuntz optikoz hornitzen ari direnak Euskaltel eta Retena edo Tenaria (Reteriojarekin batu ondoren) dira, lehena EAEn eta bigarrena Nafarroan. Iparraldean oraingoz ez dago enpresarik teknologia hau hornitzeaz arduratzen denik. Beraz, gure bizilekua EAEn edo Nafarroan badago, lehen aipatutako bi horietako batengana jo beharko dugu baldin eta gure etxean hainbeste aipatzen den kablea sartu nahi badugu. Dagoeneko telekomunikazioen azoka liberalizaturik dago eta ondorioz, enpresa bakoitzak bere apustua egin du: batzuek zuntz optikoaren teknologian inbertitu dute, beste batzuek, Telefonica kasu, ADSL teknologia bultzatu nahi dute. Baina hainbeste aukeren artean, zer aukeratu behar dugu? Zer da onena? Kasu guztietan gertatu ohi den legez, norberaren beharrek aginduko dute mota honetako erabaki bat hartzeko orduan. Beharrak, abantailak eta prezioak. Hiru esparru horien arteko oreka bilatzera jo behar da. Edonola ere, kablearen edo zuntz optikoaren goxokiari ezetz esatea nahiko zaila gerta liteke. Are gehiago, ekar ditzakeen aldaketa eta abantaila guztien berri izatean.


ALDE ON UGARI.

Banda zabalera handia du eta ondorioz informazio kopuru ugari jaso eta bidal daiteke, telefono linea arruntarekin baino kalitate hobea duena gainera, interferentzia edo zaratarik gabe. Abiadura azkarra ziurtatzen du, Interneteko edozein nabigatzaileren ametsa egia bihurtuz (bi milioi bps-ko abiadura izatera irits gaitezke. Gaur egun jende gehiena 28.000 edo 33.600 bps-eko abiadurarekin konektatzen da sarera). Beste adibide bat ematearren, orain arte kable koaxial arrunt batek Euskal Herritik Ameriketara 48 dei jasan bazitzakeen, orain zuntz optikoaren bidez 500.000 dei jaso daitezke. Eta gainera, mementoz interaktibitate handiena eskaintzen duen teknologia da. Horrek esan nahi du hartzaile pasibo izatetik igorle aktibo izatera igaro gaitezkeela, telebistako hainbat saiotan parte hartuz, bideohitzaldietan gure iritzia emanez, etxean eskola partikularrak jasoz eta abar luze bat.

Familiako kide bakoitzarentzat ahots erantzungailu bat, norberaren gurarien araberako telebista (kirolak, musika, zinea...), bankuko transakzioak eta supermerkatuko erosketak etxetik egiteko aukera, baita logelatik mugitu gabe ikasteko aukera ere. Etorkizuna hori dela dirudi eta neurri handi batean zuntz optikoak ahalbidetuko du.

Arropa «azkarraren» oinarria.

Gero eta aurkikuntza gehiago egiten ari dira teknologia honetan oinarrituz. Esaterako, duela gutxi France Telecom-eko ikertzaileek zuntz optikoz osatutako ehun batez eraikitako pantaila bigun baten aurrekaria sortu zutela iragarri zuten. Aurkikuntza honek arropa «azkarra» dei genezakeena osatzeko bidea erraz lezake. Hau da, gorputzaren tenperatura aldaketak igarri ditzakeen edo kolorez alda daitekeen arropa, hain zuzen ere. Garbi geratzen da beraz, zuntz optikoaren garrantzia noraino iristen den, nahiz eta aipaturiko guztia hasiera baino ez den.
Jada goxokia irakurleen ahotan jarri dugu. Baina erreparatu diezaiogun orain gure poltsikoari eta konpainiek eskaintzen dizkiguten prezioei.

Eskaintzen digutena.

Hasteko gu bizi garen herriko udalak baimena eman behar du kaleak altxa eta kablea sartzeko. Behin baimena emandakoan zuntz optikoa sartzeaz arduratzen den konpainia gurekin edo bizi garen ezkaratzeko presidentearekin harremanetan jarriko da beraien eskaintza luzatzeko eta kablea eraikinean instalatu ahal izateko baimena eskatzeko. Ez Euskaltelek, ez Tenariak ez dute hasierako instalaziorik kobratzen eta ordaindu beharrekoa hileroko kuotara mugatzen da. Konpainia bakoitzak bere prezioak ditu, baina Euskaltel eta Tenariaren arteko berezitasunik nabarmenena zera da, kablea nahi badugu lehenengoarekin telefono zenbakia aldatzea beharrezkoa dela, bigarrenarekin aldiz ez.
Baina bai batak zein besteak Internet, kable bidezko telebista eta telefonia batzen dituzten eskaintzak luzatzen dizkigute.
Nahastu aurretik gauza bat izan behar da argi: kasu hauetan oinarrizko tarifa finko bat kontratatzeko aukera ematen zaigu, baina ongi erreparatu behar diogu aukera horrek zer zerbitzu biltzen dituen, zeren hortik aurrera gure beharren arabera zerbitzu gehiago kontratatu ahal izango baititugu, baina gehiago ordainduz, noski. Esaterako, Euskaltelen oinarrizko eskaintza «Ventana» paketea da. Hilean 11,45 euro ordainduz Internetera sarbidea, telefonia eta gutxi gorabehera kable bidezko 19 telebista kate izango ditugu. Baina noski, telefonoz egiten dugun dei bakoitzeko ordaindu egin behar dugu eta tarifa trinkoa nahi badugu oinarrizko prezioa igo egingo da. Gauza bera gertatzen da Interneteko tarifa trinkoa nahi badugu.
Tenariak AVE 128 paketea saltzen du: telefonia zerbitzua, banda zabaleko Internet 24 orduz eta kable bidezko 40 telebista kate baino gehiago. Lehenengo hiru hilabetetan hilero 30 euro inguru eta laugarren hilabetetik aurrera 46 euro gutxi gorabehera. Hortik aurrera norberaren beharren arabera, abiadura gehiago edo eskaintza zabalagoak nahi izanez gero, badakigu zer egin; txaponak poltsikotik atera.

Inbertsioak eta aurreikuspenak.

Ez da ez makala konpainia hauek zuntz optikoan egin duten apustua. Euskaltelek dagoeneko 610 milioi euro inbertitu ditu. 2001eko abendurako 3.420 kilometro zituen kableatuak eta bere asmoa 2004. urterako EAEko gunerik garrantzitsuenak kableaturik izatea da.
Tenariak bere aldetik, 2005. urtera arte lanean jarraitzea pentsatzen du Nafarroa guztira zuntz optikoa zabaltzeko. 2002ko urte amaierarako 18 milioi eurotako inbertsioa egina izango dute eta beraien aurreikuspenen arabera, 18.000 bezero izango dituzte

Zuntza barnetik ikusita
Mondragon Unibertsitateko Josu Maiora irakasleak zuntz optikoaren ezaugarri teknikoak zein diren azaldu digu.

«Lehenik eta behin esan behar da zuntz optikoak argia bakarrik garraiatzen duela, inoiz ez elektrizitaterik, hori da beste kableekiko duen bereizgarri nagusia. Argi izpien bidez informazioa digitala igortzen da sistema bitarra erabiliz. Hau da, argia dagoenean «1» igorriko dugu eta ez dagoenean «0».
Oso arina eta mehea da (125 mikra hari bakoitzak), baita hauskorra ere. Ondorioz, ongi babestu behar da hainbat estaldurekin. Identifikazioa erraztearren kolore desberdinak erabiltzen dira horretarako. Gainera, igortzen dena argia izanik ez dago interferentzia elektromagnetikorik, horrela kalitate hobea lortuz.
Zuntz optikoaren funtzionamendua barne islatzean oinarritzen da. Argia zuntzaren muturrean sartu ondoren behin eta berriz islatzen da zuntzaren barnean eta errebotatuz beste muturreraino iristen da. Hori lortzeko nukleo bat eta bera inguratuz beste zuntz geruza bat jartzen dira. Argia nukleoan zehar hedatzen da, kanpoko geruzan islatuz»

«Bizitza erosoagoa egiteko aukera izango da ezbairik gabe»
Filmetan agertzen den etorkizuneko bizimodura iristeko zuntz optikoa erabakiorra edo funtsezkoa izango al da?
Bistan da aldaketok banda zabaleraren hazkundearen araberakoak izango direla. Baina galdera horri erantzun aurrez, gauza bat argi utzi nahi nuke. Zuntz optikoaren hazkundearekin batera, kable koaxialaren finkatzeak etorri behar du. Kable koaxiala ezezik, DSL eta satelite bidezko teknologiak ere zabaldu behar dira ezinbestez. Zuntz optikoa aurreko mendeko 70etako urteetatik datorkigu eta gauza batzuetarako oso ona den arren, ez dugu ahaztu behar zein diren era honek dituen eragozpenak: garestia da oso, zuntza oso ahula da, konektoreak lortzeko zailtasuna eta matxura egotekotan zuntza konpontzeko problematika. Hori esanda, zuntzak eta gainerako bitartekoek ekarriko dizkiguten teknologiek «tele» aurrizkiarekin zerikusia duen ororen hazkundean islatuko da. Telehezkuntza, telelana, telemedikuntza... Hala ere, pentsa dezakegu hori guztiori gauza batzuetarako txarra izan daitekeela. Esaterako, medikuarekin in situ egon beharrean pantaila baten bidez kontsulta egiteak sumindu ahal du jendea. Baina ohiturak aldatzea baino ez da, zeren telemedikuntzaren bidez zerbitzu onak eman baitaitezke. Medikua ordu gehiagoz egon ahal izango da gaixo bakoitzarekin, norberaren espedienteak kontrolatzeko prozesuak automatizaturik egon daitezke sare-teknologiak aplikatuz, gaixoak eskurago edukiko ditu ospitaleko zerbitzuak, gaixoaren premia larriko uneak hobeto kontrolaturik eta abar. Azken finean, medikua gugandik hurbilago dagoela sentitu ahal dugu, nahiz eta gure pentsamoldea orain bestelakoa izan.
Bizitza erosoagoa egiteko aukera izango da ezbairik gabe, eta aldaketa oso astiro joan arren, dagoeneko zuntz, kable, DSL eta satelite bidezko teknologien garapenak geroko urteetako bizimoduaren berri ematen digu.

Zuntz optikoak eskaintzen dituen abantaila edo aldaketa horiekin guztiekin hartzailea aktiboagoa bihurtuko dela uste al duzu? Bere jarrera aldatu egingo al da?
Bai, hartzailea aktiboagoa bilakatuko da, baina asko kostata, telebista analogikoaren aroak marka ikaragarria utzi baitigu. Egungo telebistak pasibo bihurtzen du jendea eta urte asko pasa arte eta hiritarrak ohitzen joan arte, ez dugu emaitza argirik ikusiko alor honetan.

Aurrekoari loturik nolakoa uste duzu izango dela telebista interaktiboa? Nolakoa Internet?
Telebista interaktiboa telebista pertsonalizatua da, gure nahietara egokitzen dena, igorleekin harreman estuagoa izateko aukera ematen duena. Bestalde, Internetek irentsi egingo du egungo telebista, telebista hori Interneteko parte txiki bat baino ez baita izango. Internetek dokumentazio izaera emango dio telebistari. Telebista askoz hobea eta erakargarriagoa izango da jende adimentsuarentzat. «Internet-urte» asko pasako dira, baina prozesu hori azkenean heldu egingo da. Edukiak beharko dira, eduki onak eta hedabide digital eta interaktibo berria aintzakotzat hartu behar dutenak

«Konpainiek beharra sortu nahi dute, negozio aukera bat ikusten dutelako»
Zure ustez zer motako aldaketa ekarriko ditu zuntz optikoaren teknologiak erabiltzaile arruntarentzat?
Nik uste dut hasieran aldaketa ez dela hainbesterainokoa izango. Alde batetik zerbitzu batzuk ordaindu egin behar direlako eta garesti direlako. Merkataritza elektronikoarekin gertatutakoarekin pareka dezakegu, hasieran boom bat izango zela pentsatu zen, baina merkataritza elektronikoari asko ari zaio kostatzen aurrera egitea. Zergatik? Ohitura aldaketa eskatzen duelako. Ikuspuntu horretatik aldaketak nik uste dut poliki joango direla. Internet munduan astiro joatea 5-10 urteri buruz hitz egitea da.
Emango diren aldaketa batzuk aipatzearren, hainbat teilatutatik antenak desagertzen joango dira, jende askok telebista kabletik hartuko duelako. Baina bestalde, niri pertsonalki, zuntz optikoan oinarritutako Euskaltelen zerbitzuak kontratatzeak telefono zenbakia aldatzea eskatzen dit eta nik ezin dut telefono zenbakia aldatu. Beraz, mementoz nik ez dut behar hori sentitzen.

Orduan, moda bat da? Beharra sortu egin nahi da?
Bai moda bat da. Baina moda garestia. Jende asko tarifa finko arrunt batekin konformatzen da eta ez du gehiago behar. Baina konpainiek beharra sortu nahi dute, negozio aukera bat ikusten dutelako. Uste dut hemendik 8-10 urtetara ideia berritzaileak eta interesgarriak sortuko direla. Eta gainera hori lortzeko, ikertu egin behar da, inbertitu egin behar da. Baina orain jendeari beharrak sorrarazten ari dira. Nire ustez zuntz optikoa beharrezkoa da enbor bezala eta abiadura handia behar duten zerbitzu berezientzat, baina erabiltzaile arruntarentzat ez da hain beharrezkoa garestia delako. Esaterako, jendeak nahiago du futbola ikusteko kate bati ordaindu ordez, tabernara joatea. AEBetan jendea bere etxean bizi da eta ez du bizitza sozialik egiten. Baina guk nahiago dugu tabernara jaitsi eta lagunekin zerbait hartuz partida ikusi, etxean egon baino.

Eta telebista interaktiboaren inguruan aipatzen diren aukera guztiak?
Ni zentzu horretan oso eszeptikoa naiz. AEBetan oso esperientzia polita egin zuten: bost bukaera desberdin zituen film bat zegoen eta filmaren amaiera aldera erabiltzaileak bukaera aukeratu ahal zuen, baina horretarako 10 zentabo ordaindu behar ziren. Hau da, zerbitzu horiek guztiak aurrera ateratzen dira, baldin eta dirua badago tartean. Beraz, telebista interaktiboa martxan jartzea oso garestia da. AEBetako esperientzia hark porrot egin zuen, jendeak nahiago baitu filma ikusi. Gauean telebistaren aurrean esertzen denean ez du pentsatu nahi, ez du erabaki nahi. Beraz, ez dago hori ordaintzeko prest.

Nolakoa uste duzu izango dela telebista interaktiboa? Nolakoa Interneten?
Alde batetik, Internet ez duen edo abiadura txikiko konexioa duen jendea eta bestetik, sekulako abiadurarekin konektatuko direnak egongo dira. Zenbat eta aberatsago izan telekomunikazio aukera handiagoak izango ditugu eta alderantziz. Bill Gates berak, Davos-eko foroan aitortu zuen duela urtebete, Internet ez zela guztientzat izango eta konexio garestia izango zela. Mundua den bezalakoa da, aberatsek sekulako aukerak dituzte eta txiroek berriz, aukera gutxi. Telekomunikazio munduan berdina gertatuko da.

Hartzailea aktiboagoa bihurtuko da edo pasibo izaten jarraituko du?
Bere jarrera antzekoa izango da. Hor arazo bat dago, gero eta informazio gehiago jasotzen dugu, geroz eta kalitate okerragokoa eta geroz eta iturri gutxiagotatik. Gertatzen dena da berez aktiboa denak eskutan lehen baino tresna indartsuagoak dituela eta beraz, aukera gehiago ditu gauzak egiteko. Baina horren aurrean errepresioa ere askoz bortitzagoa izango da seguraski. Zentzu honetan emango den aldaketa bat kontrolarena izango da. Orain Euskal Herrian segurtasun konpainia bat baino gehiago telekamerak jartzen ari da segurtasun gizonak dauden lekuetan. Telekamera horiek guztiak Donostiako postu batetik kontrolatuak daude. Hori Internet erabiliz bakarrik da posible eta horretarako gero eta potentzia handiagoa behar da, gero eta zuntz optiko gehiago

E-debagoiena proiektua: zuntz optikoak ematen dituen aukeren eredu
Aurtengo martxoaren 25ean sinatu zen E-debagoiena proiektua, Leintz Gatzagako Gatz Museoan. Bertan izan ziren ekimenaren sustatzaile guztien ordezkariak: Mondragon Unibertsitatea, MCC, Goiena Komunikazio taldea, Debagoieneko mankomunitatea eta udal guztiak, Euskaltel eta Eusko Jaurlaritza.

Zuntz optikoan oinarrituriko proiektu honek bereizgarri bat du, bere asmoa Debagoieneko bailara osoan kable azpiegitura eta zerbitzua batera garatzea da. Mikel Irizar, E-debagoiena proiektuko komunikazio arduradunak dioen bezala, «hori ez da oso normala», baina ekimenaren oinarri filosofikoak eskatzen duen zerbait da: «Sareak berez aukerak ematen ditu, baina morrontza handiak ere sor ditzake. Sarea jartzen bada edukiak besteek jarri ditzaten eta gu eduki horien hartzaile pasibo izateko, hori kasik gure kalterako da. Imajinatu inprenta asmatu zen mementoan ikasi izan bagenu irakurtzen baina ez idazten. Orduan besteek idatzitakoa irakurriko genuke, baina adibidez ez genuke sekula euskaraz irakurriko. Beraz, hemen kezka garrantzitsu bat geneukan. Sarea bai, baina bai edukiak eta bai zerbitzuak ere geuk sortuak izatea. Hau da, sarea geure zerbitzurako».
Gauzak horrela eta Euskaltelen aldetik zuntz optikoaren azpiegituraren hornitzea atzeratzen ari zela ikusirik, 2001. urteko ekaina-uztaila aldera bilera prozesuak hasi zituzten proiektuaren sustatzaileek. Eragile horiek beraientzat aukerarik garatuena zuntz optikoa zela ikusi zuten. «Kableak beste guztien aukerak ematen ditu eta gainera irudiak behar bezala gestionatzeko eta interaktibitaterako aukera guztiak zabaltzen ditu. Horrek ez du esan nahi leku guztietan eta denerako gure gomendioa kablea ezartzea denik, bakoitzak bere egoeraren arabera ikusi beharko du zer egin. Distantzia handiak diren tokietan beste formula batzuk pentsatu beharko dira. Debagoiena berez bailara nahiko bildua da eta aldi berean puntu desberdinen artean lotura estua dago eta horretarako ikusi dugu kablea dela aukerarik onena», dio Irizarrek.
Proiektuak, paperak eta bilerak. Horren guztiaren ondorioaren lekuko Leintz Gatzagako Gatz Museoa izan zen martxoaren 25ean. Egun horretan aipatzen ari garen bezalako teknologia batek zer nolako aukerak ekar ditzakeen ezagutu genuen. Funtsean E-debagoienak zortzi proiektu biltzen ditu bere baitan:
Cyberindustrialdeak proiektua: Debagoieneko edozein industrialdetan dauden enpresei laguntzeko baliabide elektronikoz hornitutako gune berezi bat sortu nahi da, ezagutzen ditugun industrialdeek dituzten zerbitzu komunen antzerako zerbait, baina kasu honetan birtuala.
Discol proiektua: Ekimen honek egoitzak edo bezeroak leku bat baino gehiagotan dituzten enpresei beren produktuak elkarlanean diseinatzeko aukera emango lieke, leku batetik bestera mugitu beharrik izan gabe.
Iparcom proiektua: Bere helburua sarean enpresaren bulego bat garatzea da, kanpoan dabiltzan saltzaileek esaterako, beren enpresako agenda eta beste zenbait datu kontsultatzeko aukera izan dezaten, baina horretaz gain, beste hainbat erabilera ere izan dezake.
e-administrazio proiektua: Udalek hainbat zerbitzu emateko ate bat sortzea nahi da. Horrela hainbat ekimen gauzatu ahal izango da; lehiatila administratiboa, udal artxiboaren kontsulta birtuala, herritarren partaidetza bultzateko hainbat formula eta abar.
Sare proiektua: Azpiegituraren plan zuzendaria da. Euskaltelek hasiera batean zuntz optikoa Debagoieneko bost herri handienetan sartzea zuen helburu, baina E-debagoienak sarea mankomunitateko herri guztietara iristea nahi zuen eta horrela egingo da. Ildo honetatik, Euskaltelek hitzarmena sinatzerakoan bi urtetan bailara osoa kableaturik izateko konpromisoa hartu zuen.
Hezkuntza XXI proiektua: «E-learning» edo irakaskuntza birtuala bultzatu nahi da, aurrez aurreko eskolen osagarri edo ordezko izan daitekeena.
Biblio XXI proiektua: Gaur egun deskatalogatuta geratu den hainbat material lortzeko aukera eskainiko du liburu elektroniko formatoan.
GoienaNet proiektua: Goiena Komunikazio taldeak GoienaNet sortu du, Interneteko atari bat. Lortu nahi dena zera da, GoienaNet izan dadila Debagoieneko internauta batentzat bere sarbide naturala, bertan aurkituko baitu behar duen informazio praktikoa eta bere intereseko datuak (autobus ordutegiak, kaleen izenak, foroak, bilatzaileetara loturak eta abar).
Azken finean azpiegiturak dira Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den Informazio Gizartearen oinarria eta E-debagoiena horren lekuko izango da, zuntz optikoan oinarrituz. Horregatik Gobernuak ekimenean parte hartu nahi izan du, berarentzat esperientzia pilotu izan dadin, ondoren beste bailara edo inguru batzuetan antzeko dinamikak bultzatu ahal izateko


Azkenak
Euskara: makila guztien zahagia

Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]


2025-04-02 | Mara Altuna Díaz
Arberoa ikastolaren suteak elkartasuna piztu du Ibarran

Nafarroa Behereako Arberoa ikastola erre zen pasa den urrian. Administraziotik laguntzarik jaso ez duten arren, herritarrek berehala erantzun dute. Astelehenean, hain zuzen, elkartasuna eta berotasuna jaso dute Gipuzkoako Ibarran. Elkartasunak eraikitako sarea da gakoa.


Okupazioaren kontrako epaiketa azkarrak indarrean sartuko dira ostegunetik aurrera

Azaroaren 19an Justiziaren Eraginkortasunari buruzko Legea eta Prozedura Kirminalaren Legea aldatu zituen Espainiako Kongresuak, beste lege sorta batzuk onartzearekin batera. Horrek epaiketa azkarrak egitea, pisu turistikoen erregulazioa aldatzea edo kaleratze zehatz batzuen... [+]


2025-04-02 | Hala Bedi
Haizea eta Mikelsa (Euskal Udalekuak):
“Adin baten ematen du gauza guaiak ezin direla euskaraz egin”

Hemen da "uda bete abentura bizitzeko aukera." Zabalik dago aurtengo Euskal Udalekuetan izena emateko epea. 6 urtetatik 17 urtera arteko haur eta gazteentzako hamaika txanda antolatu dituzte Bernedo, Abaigar eta Goñi herrietan.


Bridgestonek 335 langile kaleratu nahi ditu Basauriko plantatik

Japoniako multinazionalak egin nahi duen erregulazio txostenak plantako langileen herenari baino gehiagori eragingo die. Enpresa batzordeko kide Luis Escalonak adierazi du "langileen aurkako eraso bat" dela, eta lanuzteak egingo dituztela iragarri du.


2025-04-01 | Axier Lopez
Eskuindar nahiz progre, 10 urtez mozalarekin

Duela hamar urteko martxoaren 31an Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten denok Mozal Legea gisa ezagutzen dugun araudia. Espainiako Estatuan ez ezik, nazioartean parekorik gabeko aurkakotasuna eragin zuen lege makurra. Hamarkada pasa da eta jaio zenean bezain... [+]


Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan

Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]


Apirilak 6, justizia euskararentzat

Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]


Espainiako polizia bat bi urtez infiltratu zen Lleidako mugimendu politiko eta sozialetan

Directa hedabideak ikertu eta argitaratu du poliziaren infiltrazioa. 2019ko irailean hurbildu zen lehen aldiz Lleidako Ateneu Cooperatiu taldera, Joan Llobet García izenpean, eta 2021eko azaroan utzi zuen militantzia, Bartzelonan lana aurkitu zuela eta amonaren... [+]


Migratzaileen kontrako makro-operazioa: 135 pertsona atxiki ditu Poliziak Irun-Hendaia artean

350 poliziako "Force Frontière" dispositiboa baliatu dute Gipuzkoako eta Lapurdiko mugetan migratzaileen kontra egiteko martxoaren 26 eta 27an. Aurrez "terrorismo islamistaren" aurka egiteko aitzakiaz erabiltzen zituzten dispositiboak, orain "migrazio... [+]


Asteazkenean ere kanpaldia egingo dute irakasleek Lakuan, Jaurlaritzak ez baitu negoziatuko “mobilizazioak amaitu arte”

ARGIAri jakinarazi diotenez, 40-50 irakasle inguruk Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren pareko belardian igaro dute gaua. Dozena bat kide identifikatu ditu gauerdian Udaltzaingoak.

Gaurko greba deialdiak %75eko jarraipena izan du sindikatu deitzaileen arabera... [+]


EAEko espetxeetako kultur emanaldiei Jaurlaritzak ezarri nahi dien “zentsura”-ren aurkako manifestua sinatu dute 51 kulturgilek

'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]


Laborantza lur sail bati buruzko eztabaida piztu da berriz Arbonan

Kriztian Borda hautetsi ohia eta Lurzaindia elkarteko kideak sare sozialetan zabaldu duen bideo baten harira piztu da ika-mika. Arbonan laborantza lurrak "arriskuan" daudela salatu du Bordak, eta jakinarazi du Arbonako Herriko Etxeak bere kirol zelaia Baionako promotore... [+]


Eguneraketa berriak daude