Unai Elorriaga: "MUNDUA IRAULTZEKO AGINDU DIET NIRE PERTSONAIEI"


2021eko uztailaren 20an

Bizi duen egoeraz egin dugu berba hasieran, hedabideen eta argitaleletxeen zurrunbiloak sorrarazi dioen giroa ez dela oso literarioa izango aipatu diogu: «Ez pentsa! Literaturarako jokoa eman dezake. Quim Monzó idazleak idatzia du egoera honi buruz. Bere ipuin bateko protagonistari sari handi bat ematen diote bere lehen liburuagatik. Ostean elkarrizketak, hitzaldiak, topaketak eta itzelezko lanak burutu behar ditu. Artean, bizitza osoa joaten zaio bigarren liburua idatzi gabe. Azkenean, dena konplot bat izan dela esaten diote. Lagunek kontuz ibiltzeko esan didate, niri ere halako zerbait gertatzen ari ote zaidan...». (Irriak).

Joseba Sarrionandiak iazko azaroan ARGIAn honela esan zuen: «...Unai edota Kirmen izeneko jendeak oso ondo idazten dute...». Zure liburua irakurria zuen, antza.
Eskertzekoak dira bere hitzak, gainera, liburua saritua izan baino lehenago esandako hitzak dira. Gazte batzuek berak baino hobeto idazten dugula ere esan zuen, nik ez dut sinesten, baina eskertzekoa da.

Nola ikusten zenuen zure burua orduan, idazle bezala, eta orain, Narratiba Saria irabazi ondoren?
Liburu bat plazaratu dut, eta hori ez da ezer literaturan. Idazle bat ibilbide eta literatur obra batekin egiten da. Liburu bat egin dut, baina ez dut ibilbiderik, lehen eta orain idazle bera naiz. Denborak esango du zer naizen eta zer ez naizen, denborak eta liburuek.

Orduan idazle izan nahi zenuen?
Bai. Baina idazle izatea zer den ez dakit. Idazle izatea ogibidez idazle izatea bada, oso zaila da.

Suertean sinesten al duzu? Hau da, «SPrako Tranbia» zure bizitzako trena izan daitekeela jabetu al zara?
Argi eta garbi dago suertea izan badela, suertean sinesten dut. Esate baterako, Ramon Saizarbitoriaren «Gorde nazazu lurpean» 2001eko Sari Nazionalean finalista izan zen, baina ez zuen irabazi. Nik «SPrako Tranbia» joan den urtean publikatu izan banu, nire liburua ez zen joan ere egingo Sari Nazionalera, seguru dakit. Saizarbitoriarena joango zen, ez nirea. Berak ez zuen irabazi, eta bere liburua nirea baino hobea da. Beraz, egoeren menpe gaude guztiz, suertea eduki dut, begi bistako suertea.

Idazleen artean inbidia izaten dela aipatu du inoiz idazleren batek. Sari hau irabazi izanagatik sentitu al duzu inbidiarik inorengandik?
Ez dut honelakorik sentitu, orain arte behintzat. Ezagutzen ditudan idazleengandik poza sentitu dut, niregatik poztu dira. Besterik egongo den, ez dakit. Beharbada bai. Nik, berriz, inbidia badut beste idazle batzuekiko. Hau da, niri gustatuko litzaidake beste idazle batzuek dakitena jakitea, nik ez dakidana. Nik inbidia sano hori eduki dut, badut. Inbidia sanoa niretzat, beste batzuek idatzi duten bezala idazten jakitea da, esaterako.

Idazlearen konpromiso soziala delakoak beldurra ematen al dizu? Elkarrizketak, hitzaldiak, enkarguzko lanak... presio sozialaren eragina, alegia.
Beldurrik ez. Presio sozialik ez daukat, ez naiz Atxaga, Lertxundi, Izagirre edo beren mailako beste inor. Jakina, interesgarria da jendeak zer esaten duen jakitea, gizarte batean bizi naiz, ez mendiko punta batean. Presio delako hori jakin beharko dut bereizten edo galbahea ezartzen, jakiten nondik datorren, nork esaten duen, horrek zer sinesgarritasun daukan. Ez zaio denari kasu egin behar, merezi duenari baino ez.

Epe laburrean ikusten duzu zure burua idazlearen rola betetzen?
Hitzaldiak eman izan ditut, baina nik zerbaitetaz hitz egin beharko banu, interesatzen zaidan literaturaz hitz egingo nuke, ez beste ezertaz. Interesatzen zaidan literatura interesgarria izan daiteke beste batentzat edo ez, baina nik ez dut literaturaz orokorrean hitz egingo edo mugimendu literarioaz. Nik horretaz ez dakit, beno badakizkit gauza batzuk, baina ez naiz sistematizatzeko gauza. Orduan, hitz egingo dut interesatzen zaidan literaturaz, egiten dudan literaturaz, azken finean horretaz dakit. Eta bateren bati gustatzen bazaio ondo, bestela ez nazala kontuan har.

Zer da zentzu honetan literatura zuretzat? Artifizio...
... edo jolas bat. Bakoitzarentzat nahi duena izan dadila, ezta? Nik ez dut esango literatura jolasa edo artifizioa denik, edota mundua ulertzeko modu bat. Bakoitzarentzat gauza bat izango da eta hori da literaturak duen gauzarik handiena.

Zuretzat konkretuki zer da?
Neurri batean jolasa da, beste neurri batean mundua ikusteko gauza bat, gauza asko da niretzat.

Intelektualtzat jotzen al duzu zure burua?
Ez. Hasteko intelektuala zer den definitu beharko genuke. Nire ustez, esate baterako, Afrikako tribu batean bizi den pertsona batek idatz dezake munduko libururik hoberena. Eta inork ez luke pertsona hori intelektuala ez denik esango.

Idazle batzuek arazoak aitortzen dituzte literatura egiterakoan: hiztegi baten falta dagoela edota euskara herdoildua dagoela. Zuk zer harreman duzu hizkuntzarekin?
Ni herdoildua dagoen hizkuntza desherdoiltzen ahalegintzen naiz. Halako likido bat botatzen saiatzen naiz askatasun bat emateko eta askatasun horretatik literatura egiteko. Literaturaz hitz egitean, sarritan, euskara herdoildua dagoela esaten dugu. Agian, ez dugu erreparatzen jendeak nola hitz egiten duen, esate baterako, baserrian bizi den pertsona batek izan dezake guk bilatzen dugun formula, eta guk, berriz, Axularrengan edo Leizarragarengan bilatzen dugu, baina, ziur aski, hurbilagoa daukagu erabili behar dugun hizkuntza.

Hizkuntza honek behar duzun guztia ematen dizu nahi duzun guztia idatzi ahal izateko?
Problemak daude, baina problemak ere gaztelaniaz daude, edozein hizkuntzan. Nire nobelaren itzulpena egin dudanean problemak izan ditut, diferenteak, baina inork ez dizkit konpondu problema horiek.

Gaztelaniaz maila ona duzu, antza.
Uste dut baietz, baina ez da apartekoa, nirea da, euskaraz bezala. Gauza batzuk errazago idazten ditut euskaraz eta beste batzuk erdaraz. Problema handirik ez daukat ez batean ez bestean.

Darabilzun estilorako nahikoa.
Nire prosa sinpletasunean oinarritzen da, hein handi batean. Nire ustez, hori da literaturarako bidea. XIX. mendean hizkuntzarekin prosa landu bat egiten zen, baina orain hori ez da bidea. Nire bidea sinpletasuna eta zuzentasuna da. Hala ere, beste batek oso prosa landua egin nahi badu, itzelezko artifizioa egin nahi badu, ziur aski idazle ona izango da, bejondeiola, gustura irakurriko dut


Heriotza: Dena. Mundu guztia harrapatzen gaituena, nahiz horretaz pentsatu ez. Heriotzaren gainean gogoeta gehiago egin behar da.
Bizitza: Gauza bera. Bizitzak heriotzan du muga.
Jainkoa: Gauza kuriosoa da. Ez dakigu zer den, existitzen ote den, baina, oso erakargarria da.
Aita: 9 urterekin ezagutu nuen aitaren heriotza, agian horregatik umetatik gogoetatzen dut heriotzaz.
Ama: Dena. Aurrera eraman eta eramaten gaituena.
Neskalaguna: Oso inportantea da. Aurrerantzean bizitza berarekin egingo dut, Jainkoak nahi badu.
Sinestuna al zara? Ez dakit naizen edo ez, izan nahi nuke. Jainkoaren ideia gustatzen zait eta fedea izan nahi nuke, baina ez dakit daukadan.
Bilbo: Niretzat ez da ezer. Badakit oso erromantikoa dela esatea Bilbo modernitatearen zeinua dela, literarioa eta nahi duzuna. Niretzat lan egiteko hiria da, besterik ez.
Rugbya: Nire kirolik maiteena. Gozatzen dut ikusten.
Futbola: Ibili nintzen rugbian baina lehenago, baina gero eta gutxiago gustatzen zait. Gehiago da dirua kirola baino, gehiegi azaltzen da eta garrantzi gehiegi ematen zaio.
Kafea: Ez dut ezer kafearen aurka, enpresetan kafearen inguruan dagoen «mamoneoa»ren aurka baizik. Elkar topo egiten duzunean, kafe bat hartu behar hori erromantizismo txepel bat da. Nik nahiago dut paseo bat ematea edo parke bateko banku batean eserita egotea taberna zulo batean baino. Filosofo intelektualen zirkulu hori ez zait gustatzen nonbait, arraroa da, baina...
Topiko bat: Gaur egun egiten den literatura, gehien nagusitzen dena esan nahi dut.
Gizartea edo herria: pertsona.
Pertsona eta...: pertsona.
Idazle eta...: ez naiz idazlea

«Ongian sinesten dut»
Pertsona ona izan nahiko zenukeela irakurri dut egunkari batean. Ongia eta gaizkiaren gainean eraikitako gizartean sinesten al duzu?
Ongian sinesten dut. Hau esaldi titularra da, eh! (irriak). Nik ongian sinesten dut, azken batean elkarri laguntzen ez badiogu eta batak bestearen alde ez badugu egiten, ez goaz inora. Esaterako, aurrera egiteko modurik hoberena inoiz ez da gerra izan. Gerrak ez du egin aurrerako biderik. Aurrera egin nahi badugu, ongiaren bidea hartu behar dugu, bestea samintasunaren bidea da.

Koherentzia aipatu duzu inoiz, zeri erantzuten dio koherentziak?
Segun eta non koherentzia ongi dago. Adiskidetasunean inportantea da, edo politikan, baina beste lekuetan, agian ez. Esaterako, literaturan inkoherentzia ere polita da. Ni ez naiz sekula gauza baten aldekoa edo aurkakoa izan guztiz, ez nago sekula ertzeetan. Halaber, koherentzia munduko inportanteena dela esaten da batzutan. Bada ez, koherentzia pertsonen araberakoa da baita ere, hurkoa inkoherentea bada zurekin, zuk ez duzu zertan koherente izan behar harekin

«Atxagari kritika egin zioten, niri ez. Kritikatu nahi badute, kritik atu dezatela»
Zure eleberriak zenbait eztabaida sorrarazi du euskal literaturaren munduan. Hasteko, Igartza Beka sarira aurkeztu zenuen, baina ez zuten aukeratu.
Jasone Osororen «Korapiloak» eta Xabier Etxeberriaren «Egun denak ez dira berdin» liburuekin batera hautatua izan zen, boto berberekin. Beka bakarra zegoen ordea. Asko jota, beka bitan banatzea pentsatu zuten. Nirea kanpo gelditu zen baina publikatzeko aukerarekin. Dirurik ez nuen jaso, baina publikatzeko nuen helburua bete zen.

Kritika Sarian aipamenik ez, Euskadiko Sarien finalisten artean ez da agertu, eta orain berriz, Sari Nazionala.
Kritika Sarian finalista izan zen -baina orain arte ez da jakin izan- Joseba Sarrionandiaren «Lagun izoztua» nobelarekin batera; 6 eta 4 botoen aldean. Ondo. «Lagun izoztua» itzelezko liburua da eta merezita irabazi zuen. Euskadi Sariak, berriz... beno, literatura gustu kontua da, subjektiboa da. Bestalde, orain ematen du liburuak kritika onak baino ez dituela izan, baina kritika txarrak ere jaso ditu.

Txarrak edo zorrotzak?
Zorrotzak ez, txarrak. Nobelak ez duela ezer kontatzen ez duela pisurik, irakurri dut. Hor ez dago zorroztasunik, kritikari ez zaio gustatu, besterik ez. Kritika txarrak izan ditu, baina ez da ezer gertatzen.

Bernardo Atxagak Espainiako Literatur Sari Nazionala onartzeagatik kritikak jaso zituen. Hamahiru urteren ostean horrelakorik ez, antza. Zer adierazten du horrek?
Garai hartako politika giroa ez nuen ezagutu eta orain ere, oso gutxi. Politikaz ez naiz enteratzen, beno ez naiz martitzar bat, politika soziologia eta psikologiaren aldetik interesatzen zait. Atxagari kritika egin zioten, niri ez. Zergatik? Ez dakit. Kritikatu nahi badute, kritikatu dezatela.

Bigarren liburua idatzia duzu jada, «Van't Hoffen ilea» izenekoa. Beharrik saria jaso aurretik idatzia zenuela.
Bai. Eskerrak bukatua nuela, zeren sariak erdian harrapatuz gero, desastrea izango zen niretzat eta liburuarentzat.

«SPrako Tranbia»ren mailan ikusten duzu?
Nire gustuko hau liburu sendoagoa da.

Honek ez du Sari Nazionala irabaziko?
Ez. Hau bizitzan behin jasotzen den sari bat da, inork ez du birritan irabazi, eta ez dut nik irabaziko (irriak). Azken batean saria bultzada bat da, nik bultzada hori jaso dut, bigarren sari hori ez dut behar, onerako edo txarrerako. Hau bezalako beste sari batek ez lidake bultzada gehiagorik emango. Hemendik aurrera, jaso dudan bultzada honekin idazten dudana ona bada, aurrera


Azkenak
Eskolaz kanpoko jarduerek kanpoan uzten dituzte premia bereziak dituzten haurrak

Bai ikastetxeek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerek, bai aisialdiari loturiko ekintzek eta udalekuek desgaitasunen bat duten haurrak kanpoan uzten dituzte maiz, eta hain justu, jarduera horiek bereziki onuragarriak dira premia bereziak dituzten haurrentzat. Hala dio... [+]


2025-04-01 | Euskal Irratiak
Arrate Isasi: “Iparraldeko haur elebidunek euskara nola ikasten duten ikertu nahi dugu”

Euskal hizkuntzalaritza esperimentaleko katedra berria estreinatu dute Baionako fakultatean.


2025-04-01 | Gedar
Aurtengo Maiatzaren 1ean ere Bilboko kaleak hartzera deitu du EHKSk

"Gerra inperialistaren eta Europako estatuen berrarmatzearen aurka" mobilizatuko da Langileon Nazioarteko Egunean.


2025-04-01 | dantzan.eus
Zuberoa dantzan batuko da berriz ‘Aitzina Biga’ ikusgarrian

Aitzindariak elkartea Aitzina Biga ikuskizuna prestatzen ari da. Ehun parte-hartzailetik gora izango dira dantzan, musikan, antzerkian, kantuan eta bertsotan apirilaren 19an Maulen aurkeztuko den ikuskizunean. Uztaila bitarte, beste lau emanaldi izango dira: Miarritze, Arrasate,... [+]


2025-04-01 | Elhuyar
Antidepresiboen preskripzioak gora egin du pandemiaren ondorioz

Antidepresiboen kontsumoa aztertuta, Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19aren pandemiak sintoma depresiboen intzidentzia handitu zuela ondorioztatu du ikerketa batek. Halaber, azterlanak nabarmendu du herritarren osasun mentala arazo fisikoekin batera artatzearen garrantzia, bai... [+]


Emisio gutxiko eremua behin-behinean etetea erabaki du Euskal Hirigune Elkargoak

Frantziako legebiltzarrean Errepublikanoek eta Batasun Nazionalekoek egindako zuzenketen harira dator erabakia. Zuzenketak onartu dituzte, eta, beraz, Euskal Hirigune Elkargoak emisio gutxiko eremua ezartzeko gastu ekonomikorik ez egitea erabaki du.


Birundaren aldeko manifestazioa egin dute Donostiako Parte Zaharrean barrena

Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.


Euskal Herriko II. Ekotopaketak egin dituzte asteburuan, garaiko erronkez eztabaidatzeko

Jauzi Ekosizialeko kideek antolatzen duten bigarren edizioa da. Euskal Herriko trantsizio ekosozialak "inoiz baino premia handiagoa" duela adierazi dute, "datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada".


2025-03-31 | Ahotsa.info
Burlatako Gazte Asanbladak gaztetxearekin jarraitzeko akordioa iragarri du Udalarekin

Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.


Bost urterako inhabilitatu dute Marine Le Pen, Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik

Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]


BDZk CAFi exijitu dio Israelekin harremanak mozteko, igandeko manifestazioetan

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.


STEILASek eta LABek jakinarazi dute Hezkuntza Sailak bertan behera utzi duela gaurko deituta zuten bilera teknikoa

Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.


Armen lobbyek (Euskal Herrikoak barne) gerrara eraman nahi gaituzte

Joan den ekainaren amaieran bukatu genuen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuaren lehenengo zatiak Gerra badatorrela! du izenburu, bertan... [+]


2025-03-31 | ARGIA
Iruña-Veleia afera argitzea eta ondarea ez suntsitzea eskatu dute Gasteizen

Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura... [+]


2025-03-31 | Gedar
Etxebizitza-arloko arrazakeria salatu eta apirilaren 5ean mobilizatzera deitu dute hainbat kolektibok

Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.


Eguneraketa berriak daude