argia.eus
INPRIMATU
«Nobelak bi gai nagusi ditu: xakea eta heriotza»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 16a
Literatur sari ugari eskuratu duzu: Iruñeko Udalarena, Irun Hiria "Itzalaren baitan" lanarekin, eta Agustin Zubikarai "Xake Mate"rekin. Zer dela-eta titulu hori?
Izan ere, izenburu horren baitan nobelan zehar agertuko diren bi gai nagusi biltzen dira: xakea, alde batetik, eta heriotza, bestetik. Nobelaren protagonista eta narratzaileak, hamaika bat urteko mutiko elbarriak, hasiera-hasieratik garbi adierazten du bera ez dela besteak bezalako haurra. Nahiko lotsatia eta uzkurra da, eta ez ditu oso gustuko bere adinekoen jolasak. Berak beste zerbait maite du: xakea. Eta harentzat xakea, hasieran, denbora-pasa baizik izango ez den arren, denboraz zaletasun hori grina bihurtuko zaio, eta hori baino gehiago ere bai: mundua ulertu eta harekin jokatu eta borrokatzeko bide edo tresna bat.

Eta nola ematen da aldaketa hori mutikoaren bizitzan?
Xakeak eramango du mutikoa bere hiriko plaza batera, non biltzen baita xake jokalari talde bat, zaharrak gehientsuenak. Baina laster hasiko da mutikoa haiekin xakean, eta baita plaza horretan mugitzen diren hainbat pertsonaia ezagutzen. Denborak, ordea, mutiko hori konturatuko da han gertatzen diren hainbat gauza ez direla berak uste bezain atseginak.

Zein helbururekin idatzi zenuen "Xake Mate"?
Nobela erakargarri bat egin nahi nuen, irakurlearen arreta hasieratik bukaeraraino harrapatuko zuen nobela bat. Horretarako, argumentu sendo bat behar nuen, eta gainera Alemaniaren Gerra osteko giroa birsortuko zuten xakea edo nazi ohiak bezalako hainbat elementu. Elementu horiek agian ez ziren hain beharrezkoak gaia ulertzeko, baina gatz eta piperra emango zioten nobelari.