«DATOZEN UDAL HAUTESKUNDEAK ERLOJU-BONBA BAT DIRA»


2021eko uztailaren 12an
Abenduan hauteskunde sindikalak izango dira Iparraldean. LAB lehenengoz aurkeztuko da horietan. Zer espero duzue?
Guretzat erronka handia bezain polita da, bost sektoretako zerrendak osatuak ditugu, Iparraldean inurri lana egiten ari gara, eta sektore abertzaleetan LABi bozka ematea Iparraldeko dinamika sozialerako ona dela zabaldu nahi dugu datozen asteotan.

Eta ondoren, hauteskunde sindikalak Hegoaldean. Ordezkaritza sindikalari eustea al da helburua?
LAB indartzen doan sindikatua da eta hauteskunde hauetan gure proiektuak batez ere gazteei, etorkinei eta emakumeei zabaldu nahi dizkiegu. Gazte independentistek badute tresna bat sindikatu honetan beraien eskubideak defendatzeko, eta eraikuntza nazional eta sozialean beren ahalegina bideratzeko gune bat. Oraingoan ere gure proiektua indarturik aterako delakoan gaude.

Maiatzaren 13ko hauteskundeetan EHk kolpe handia hartu zuen. Politikoa eta sindikala bi mundu oso desberdinak dira, baina ematen al dizue beldurrik batean gertatutakoa bestean ere islatzeak?
Langileen mugimenduan legitimazioa eguneroko lanarekin lortzen da. Abagune desberdinek ere eragina dute, baina gure historian zehar ikusi dugu ezker abertzalea egoera desberdinetan egon arren, sindikatuak aurrera egin izan duela. Afiliazio datuak eta enpresa handiei begira ditugun datuen arabera, baikor gara.

ELA izango da zuen lehiakide handiena seguruenik. ELAk negoziazio kolektiboa eta borroka armatua ikusten ditu oztopo nagusi zuen harreman kaskarrean.
Azken finean, elkar lanean aritu beharrean, lehiakide bezala ikusten gaitu eta horregatik gugandik bereizteko egiten duen ahalegina. Gu isolatuz, gu desgastatzea nahi izan du, LABentzat bere maiatzaren 13a bilatu du. Niretzat pertsonalki eta LABentzat ere bai, azken bi urteak oso etsigarriak izan dira ELArekiko, batasun sindikalarekin aurrera jarraitzeko traba gisa jartzen dituen arrazoiak aitzakia direlako. Duela lau, bost, zazpi urte, osagai horiek hor zeuden eta elkarlanean aritzen ginen. Berriz batasun sindikalari heldu ezik, sindikalgintza abertzaleak harmailetatik jarraituko du prozesua.

Ezker abertzaletik ELAri egin izan zaio LAB irentsi nahi izatearen akusazioa. Halakorik ikusten duzu?
Azken garaian hori izan daiteke bere helburuetako bat bai, eta ESK ere antzerako egoera batean harrapatu nahi izan du. Apustu horrek porrot egin du. Gu gaizki pasatzen ari gara garai honetan, baina bi sindikatuok, hegemonia kontuak alde batera utzi eta mahaian eseri beharra dugula argi dugu.

Beraz, halako giroan, hauteskunde sindikalen garairik gogorrena pasatu arte, harremanak bere horretan izango direla pentsa liteke.
Hauteskunde sindikalak ezin dira izan elkarrekin diagnostiko bat egiteko oztopo. Sindikatu bakoitzaren tokia onartuz, burujabetzaren aldeko dinamikan ikuspegi estrategikoa izango duen akordioa lortu behar dugu, eta zenbat eta lehenago hobeto.

LABek nola ikusten du ELAk burujabetzaren inguruan egin zuen proposamen hura?
Guk horretaz hitz egin nahi dugu ELArekin, duela bospasei hilabete esan ziguten barne eztabaidan zirela gaiarekin eta harrezkero zain gaude. ELAk aspaldi du LABek batasun sindikalari berrekiteko egin duen lau hankatako plan bat: diagnostiko politikoa, burujabetzaren aldeko prozesu baten oinarriak, lan harremanetarako euskal esparrua eta konfrontazio demokratikoan sindikatuok izan behar dugun zeregina.

Bere garaian proposamen interesgarria zela aipatu zenuten.
Zer eztabaidaturik bazegoela, baina interesgarria zela esan genuen, ELAk burujabetzari buruzko azterketa praktiko eta analitikoa lehenbiziz egiten zuelako. Aztertu beharra dago nola egiten den beste egoera bateranzko iragaite politikoa, fase horretan zer zeregin jokatu behar duten egungo instituzioek, zer instituzio berriek, zer Udalbiltzak, zer motako ariketa subiranistak egin behar ditugun estatuek jarritako harresiak gainditzeko... Badago zer aztertu, eta batik bat arlo sozio-laboralean, hor dugu sindikalgintza abertzaleak prozesu subiranistari egin beharreko ekarpen handiena.

Ibarretxeren proposamenak ba al du ezer onuragarririk?
Ibarretxeren proposamena une politiko berezi batean erori da, eta Espainiako indar mediatikoek eman dioten erantzunarekin badirudi abertzale guztiek begi itxiekin onartu beharko genukeela. Geografia eta historiari dagokionez hausnarketa egokia egiten du, baina proposamen politikoa hiru herrialdetarako da. Ez du Euskal Herri osorako proposamenik egiten eta gainera eskaintzen duena estatutu berri bat da. Duela 25 urte egin zen akats berdina errepikatzen ari da. 25 urte ondoren Gernikako Estatutuaren etxea guztiz deseginda dago eta Ibarretxek horren gainean beste bi solairu egin nahi ditu. Eta guk uste dugu, une honetan, euskaldunok lur politikoa lortu behar dugula, ondoren lur horren gainean eraikitzen hasteko. Lur politiko hori lortuta -Euskal Herriaren aitortza eta autodeterminazio eskubidea-, agian gero erritmo desberdinak izango dira, baina ezin da Euskal Herri osorako oinarririk ez duen proiektu bat onartu.

Beraz, ez dago ezer onuragarririk.
Guk argi dugu EAJ eta beste sektore batzuekiko konbergentzia batera jo behar dugula, baina konbergentzia hori Maltzaga politiko baten inguruan egin behar da, eta ez proiektu politiko baten inguruan. Konbergentziarako oinarriak herriaren aitortza eta autodeterminazio eskubidea dira. Niri harrigarria egin zait proiektu honekin EAJk EA nola irentsi duen ikustea. Hau proiektu politiko bat inposatu nahi izatea da. Lortu beharrekoa jokaleku politiko bat da, gero bakoitzak nahi duen prozesu politikoa abiarazteko; orduan bai, independentista gisa, guk gurea eskainiko dugu eta eskaini dezala EAJk estatutu berri baten proposamen hau. LABek bere ekarpen zehatza egingo dio Ibarretxeren proposamenari.

Euskal Herri osoaren aitortza eta lurralde horrentzat autodeterminazio eskubidea. Printzipio horietan adostasunera heltzea ez litzateke oso gaitza seguruenik, kontua da hori nola gauzatzen den, hor datoz arazoak.
Ni ziur nago, gaur egun erakundeetan dugun indar harremanarekin eta gizartean dugun indarrarekin, gai garela gatazka nazioarteko komunitatearen aurrean eta bi estatuen aurrean jartzeko, eta prozesu horretatik Euskal Herriaren ezagutza lortuko genukeela. Ezagutza horretatik posible izango genuke prozesu politiko bat abian jartzea. Gero, jakina, badakigu abertzaleen indar harremanak desberdinak direla lurralde desberdinetan, baina, eta hau ere beti aitortu dugu, guk ez dugu beldurrik mugarik gabeko demokrazia batean aritzeko. Konfrontazio demokratikoan, Gasteizko instituzioek zeregin garrantzitsua dute, baina beti Euskal Herriko ikuspegi orokorraren barruan.

Batasunarekin zer gertatzen ari den ikusita. Estatuaren hurrengo helburuetako bat izan daitekeen beldurra ba al du LABek?
Garzonen autoetan edozer gauza sartzen da eta autodeterminazioa edo independentzia helburu duen edozein izan daiteke Garzonen helburu. Dena den, lanik ez zaigu falta eta gu ez gara halako espekulaziotan sartuko. Marko politiko hau gero eta ahulago egon, Estatuak ere gero eta gogorrago emango du. Hori betikoa da. Horrez gain, zenbait sektore, EAJ, EA eta Ezker Batua (EB) barne, ilegalizazioaren aurka agertu dira teorian, baina praktikan, legea bete behar den horrekin, de facto ilegalizazioarekin kolaboratzen ari dira. Jaurlaritzak sekulako ahaleginak egiten ditu urratuak dauden eskubide batzuen defentsan, mehatxatuak dauden zinegotzienak esate baterako, baina gero urratuak dauden beste eskubide batzuen alde -ezker abertzalekoak direnean- eskubide urraketa horiei babesa ematen die. Hor ez dago koherentziarik. Hurrengo hilabeteetan Batasunaren ilegalizazioaren aurrean egingo dutena nahiko froga izango da Ibarretxeren proposamenean noraino sinetsi daitekeen ikusteko. Edo haiek pentsatzen dute, akaso, egoera antidemokratiko batean ezker abertzalerik gabeko hauteskundeetara joan daitekeela? Pentsatzen ote dute egoera horretan beste eszenatoki politiko baterako prozesurik egon daitekeela? Hala pentsatzen badute, oso erratuta daude.

Alderdi abertzale nagusienek adierazi dute jada hauteskundeetara joango direla.
Mingarria da EAJk eta EAk egiten dutena, beste aldera begiratzen dute eta badirudi onartu egiten dituztela ezker abertzalerik gabeko hauteskundeak. Harrigarria da ikustea nola sartzen ari diren kanpainan normaltasun osoz. Ezker abertzaleak ezin du aldaketa prozesua berak bakarrik egin, baina argi gelditu behar da ezker abertzalerik gabe ere ezin dela egin. Estatuak ezker abertzalea eszena politikotik kanpo utzi nahi badu eta EAJ, EA eta EBk hori onartzen badute, pentsatzen al dute akaso era horretan egoera normalizatu batean sar gaitezkeela? Hurrengo hauteskundeetan aukera handia dugu Estatuarekin pultso bat egiteko eta Euskal Herriaren hautagaitzak eta proposamenak mahai gainean jarriko bagenitu, ziur nago gauza asko lortzeko egoera berri bat abiaraziko genukeela. Eta ziur nago, borroka armatuaren inguruan ere beste era bateko eztabaidan sartu ahal izango ginatekeela. Ikusi zenbat gauza gertatu diren irailean zehar. Hemendik eta maiatzera arte denbora asko dago eta gauza asko egin liteke, baina udal eta foru hauteskundeak hor daude, tik tak tik tak, erloju-bonba bezalakoa dira, eta ezin dugu zer gertatuko den zain geratu

«Neoliberalismoak amildegira darama mundua»
Beste mundu bat posible dela esan berri duzue munduko 32 sindikatuk Donostian. Zer egin dezake Europa aberatseko herritarrak mundu hobe hori egiten hasteko?
Munduko populazioaren %20 gainerako %80k egindakoaren gainean bizi da. Horrek ez du zentzurik, eredu neoliberal hori agortua dago. Globalizazioaren aurkako dinamika sendotzeaz gain, eraiki beharreko alternatiba integralean sakondu dugu. Neoliberalismoak amildegira darama mundua, itzulera gabeko egoera batera, mundu mailako diktadura ekonomiko-soziala sortzen du eta horri aurre egin behar zaio.
Eta herrialde garatuetako biztanleok zein erantzukizun dugu egoera horretan?
Indibidualki eta kolektiboki erantzukizun handia dugu. Europan dagoen bizi kalitatea Afrika, Asia eta beste toki batzuetan egiten den zapalkuntzan oinarritua dago. Ezin gara mugatu herrialde txiroetako herritarrek euren egoera nola aldatzen duten ikustera. Bermoldaketa ideologiko handia egin behar dugu eta jakin, benetako matxinada etiko, sozial eta morala herri aberatsetatik ere bideratu behar dela. Bestela, gurea hipokrisia besterik ez da.
Neoliberalismoa agortuta dagoela esan duzu lehen, baina kapitalismoak garaian garaiko egoerara egokitzeko gaitasun handia erakutsi du beti.
Neoliberalismoak egungo sistema mantentzeko gero eta sistema militar eta politiko handiagoak antolatu behar ditu mundu osoan, gero eta zapalkuntza handiagoa eta hortik porrota datorkio. Sistema berez ez da gai demokratikoki harreman ekonomiko eta sozialak mantentzeko.


Azkenak
2025-04-07 | ARGIA | ARGIA
Euskararentzat justizia eskatu dute ehunka euskaltzalek Baionan

EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaiteko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.


Milaka lagun, etxebizitzaren negozioaren aurka Donostian

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitua, milaka lagun batu dira gaur eguerdian Donostian, “etxebizitzaren negozioaren aurka” eta “etxebizitzarako eskubide unibertsalaren alde”.


2025-04-07 | Ahotsa.info
Hego Euskal Herriko langile eta pentsiodunak kalera atera dira bizi baldintza duinak bermatuko dituzten gutxieneko soldata eta pentsioak eskatzeko

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako eta ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek babestutako manifestazioak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izan dira. Bertan, Euskadiko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete zerga eta aurrekontu... [+]


Gasteizko Korda espazio okupatua desalojo arriskuan dagoela salatu dute

Dozenaka auzokidek babesa agertu diote proiektuari igandean. Alde Zaharreko lokala udalaren jabetza da, eta hiru urte dira hainbat eragilek elkarlanean okupatu zutela.


Haurrak gara behelaino artean

Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz... [+]


Langileek epaiketari uko eginda, Guardian enpresak xake mate egin du Laudion, urte luzez jokaldia prestatu eta gero

Guardian Llodio fabrikako behargin gehienek epaitegira jotzeko bidea bertan behera utzi ondoren, multinazionalak lortu du nahi zuena: enpresa errentagarri bat ixtea erabateko inpunitatearekin. Ez da egun batetik bestera sortutako estrategia, eta bide luzea izan arren, erabat... [+]


2025-04-07 | Behe Banda
barra warroak
Zutitu berri denari

Testu hau balorazio bilera baten ondorio dela esan genezakeen agian. Ordea, balorazio bilerek sarritan uzten dute aho zapore lehor eta gazi-gozoa. Astearte arratsalde eguzkitsu bat da. 16:53. Balorazio bilerara konektatu, eta erabaki dugu limoizko karamelu bana sartzea... [+]


Lokizaldeako Euskararen Eguna
“Euskara gero eta gehiago entzuten da eskualdean, bereziki gazteen artean”

Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.


2025-04-07 | Garazi Zabaleta
Soilik
Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak

Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]


2025-04-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Suge arrantzalea, errekan barrena

Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]


2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea

Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.


Komunitateaz (eta III)

Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen gazta. Hau idazten hasi naizenerako, Picardieko lagunak jaioterrira joan... [+]


Eguneraketa berriak daude