Fernando amezketarraren odola omen duzu. Beti Fernandoren xelebrekeriez bakarrik hitz egiten bada ere, zuretzat bazuen beste alde bat...
Denekin oso ongi konpontzen zen, baina lanik txarrenak eskribauekin izaten zituen. Orduko eskribauek notario, epaile, denetik egiten zuten. Herritarrek Fernandorengana abokatu gisara jotzen bazuten, defendatu zezaten, pentsatzen dut bazuela beste alde hori ere. Nik uste hori ekarri ziola hamabost seme-alabetan zaharrena izateak. Gurasoak artzainak izanik, berari tokatu zitzaion txikitatik besteri kontu egitea. Horrek asko gizondu zuen haur txiki hura.
Zuek etxean entzun izan dituzue Fernandoren kontuak?
Garai hartan irratirik ere ez zegoen. Gure etxera 1949an iritsi zen irratia, «Luxia»k eta Gartziarenak Tolosan aizkora apustu handi bat jokatu zutenean. Ikusten denez gure aitak apustu txikiren bat irabazi zuen han eta irratiarekin itzuli zen etxera. Basarri eta horrelakoak entzuten genituen, euskaraz zerbait entzuteagatik.
Gure egunkaria Arantzazuko egutegia zen. Hura besterik ez geneukan euskaraz. Gainera ez ziguten hurrengo egunekoa irakurtzen uzten, egunean egunekoa. Zein egunetan bizi ginen ere hark esaten baitzuen.
Irratirik eta ez genuenez, Fernandoren istorioak eta kontatzen ziren denbora- pasa. Bizi genuen Fernandoren kontua, baina ez hainbeste.
«Naturaren mintzoa» liburua honela eskaintzen duzu: "natur mintzoen berri eman zidaten ama Dolores eta amona Sebastianari". Azaldu hori.
Bost senide umezurtz geratu ginen, aita ezbeharrez hil zelako Amezketako paper fabrikan, nik bederatzi urte nituela. Nik harremanik gehien amarekin eta amonarekin izan nuen. Amonarekin asko ibiltzen nintzen hona eta hara, baita Arantzazura ere. Soro, belaze eta gainerakoetan aitzur txikiarekin laguntzen genien, eta horrela beti sartzen zaizu landare eta animaliekiko zaletasuna, naturarekiko harremana.
Amak, berriz, oso txikitatik irakatsi zidan irakurtzen. Hor sortu zidan jakin-min natural hori, liburuekiko harreman estua. Nik zerbait egin badut nire bizitzan, irakurtzea izan da. Txikitatik sentitu dut jakinaren gainean egoteko beharra. Bakarkako kuriositatea da nirea, liburu eta egunkari denak bildu, eta isil-isilik aztertzekoa. Hortik hamaika zaletasun eta alor landu ditut bizitzan zehar.
Horregatik, inori eskerrak ematekotan, amari zor diot ingurua aztertzeko zaletasuna.
Nola hasi zen zuen ama irakurtzen irakasten?
Amak paper fabrikan lan egiten zuen, baina haurdun geratu zenean utzi zuen lantegia, eta etxera etorri zen. Etxean denbora asko zeukan, eta ni lurrean arrastaka hasi nintzenean erakutsi eta erakutsi hasi zen. Katona irakasten zidan. Ez dakit zenbat urterekin ikasi nuen irakurtzen, baina gogoratzen dut oso umetan okindegira joatean mostradore gainean jarri, eta nola esaten zidan "ea, irakurri hau". Nik aisa irakurtzen nuen. Gero ni aritu nintzen anaiei irakasten.
Aita, berriz, saxofoi jolea omen zen.
Bai. Etxean ez zeukan instrumenturik. Gaztetan ikasiko zuen jotzen, eta herrira jazz banda etortzen zenean, bera oholtzara igo eta saxofoia uzten zioten. Beharbada hortik datorkit musika zaletasuna. Zazpi urterekin hasi ginen solfeoa ikasten Amezketan. Koruan kantatzen genuen. Arantzazura etortzean oso ondo ibiltzen nintzen ikasketetan, eta pianoa ikasten jarri ninduten. Felix Ibarrondo eta biok hasi ginen, baina bera beste musika maila batera iritsi da, noski.
Umetan nolakoa zinen?
Formalegia, behartuta. Nahiz eta gu kaletik gertu bizi, amak ez zigun kalean gelditzen uzten. Beti etxeko lanen bat edo zereginen bat bazen. Hezitakoa nintzen. Pentsa, dotrinan hasterako banekien dotrina buruz. Amak egunean hiru galdera egiten zizkidan. Nik hurrena zetozenak ere begiratzen nituen, ea motzexeagoak noiz tokatzen ziren ikusteko.
Ikusmenezko memoria ere oso landuta nuen. Sei-zazpi urterekin apaizak dotrina galdetuta, bota zidan: "hik igual erantzungo didak atzekoz aurrera ere!". Eta halaxe erantzun nion galdera lasai asko, ttaka-ttaka hitz denak atzekoz aurrera esanaz.
Irakasle onak izan dituzu bizitzan.
Zorionez, Amezketako maisuak euskaraz egiten zigun. Gure oso gertukoa zen. Gaztelaniaz nik ez nekien tutik, nahiz eta frankismo garaia izan.
Arantzazun ere zorte handia izan genuen maisuekin. Karmelo Iturria izan genuen irakasle lehendabizi, eta gero Luis Villasante. Hala ere, euskara oso murritza zen hemen. Astean euskarazko eskola bat bakarra genuen. Elizan dena latinez egiten zen, sermoia bakarrik izaten zen euskaraz.
Hamar urterekin etorri, eta zer aurkitu zenuen Arantzazun?
Hemen sekulako mugimendua zegoen basilika berria egiten ari zirelako. Niretzako Arantzazuko miraririk handiena, Oteizaren proiektua aukeratu izana da. Oraindik ez dut ulertzen orduko fraide zahar horiek nola egin zuten apustu hain diseinu berritzailearen alde. Oteiza bera ere, 28 urteko gaztea zen. Fraideek zioten harrizko punta horiek arantzak zirela, eta halakoa behar zuela Arantzazuko basilikak. Horregatik aukeratu omen zuten.
1950ean hasi ziren lanak eta 1953an, ni iritsi nintzenean, artean ere dorrea bukatu gabe zegoen, elizako bobeda jarri gabe... Dibertsioa bageneukan beraz. Oteiza hemen zebilen, apostoluei lehen ukituak ematen, harria jaten... Gu, mutikoak, ez ginen asko arduratzen. Frontoia eta futbola izanez gero, nahikoa bagenuen.
Gizarteak lana eta oporrak oso bereizita dauzka. Fraideek lanerako duten mentalitatea berdina al da?
Umetako garaira itzuliz, hona etortzerako bagenekien hiru urte pasatuko genituela oso osorik oporrik gabe. Txikitatik hori onartzen genuen.
Ez nuen etxera itzultzeko gogorik. Gogoa jada hasieratik estalita genuen, bagenekielako ez ginela joango. Itzuli beharra seinale txarra litzateke, ama gaixo zegoenaren seinale. Amona maiz etortzen zen bisitan, tira, maiz, hilabetean behin (hori guretzako maiz zen). Beste parametro batzutan bizi ginen.
Gaur egun ere ez dugu zailtasunik lanari orduak eskaintzeko. Liburuak irakurtzeko hainbeste zaletasuna dudanez, nire atsedena irakurtzea da. Bost edo sei liburu irakurtzen aritzen naiz, egunero aukeratzen dut zein irakurtzen jarraitu. Aldartearen arabera zailxeagoa, edo errazagoa.
Erriberrin hiru urte eman zenituen filosofia ikasten.
Euskara gehien Erriberrin lantzen genuen. Txikitan ez baikeneukan gaitasunik dena gazteleraz ikasteko. Beti ateratzen genuen denbora euskaraz irakurtzeko, poesia eta bertsoak egin eta gure aldizkaritxoan argitaratzeko. 16-18 urte genituen, hura izan zen garairik onena. Jolaserako sasoi betean, txoriak eta untxiak harrapatzen oso ondo pasatzen genuen.
10. Korrikak Aita Villasante omendu zuen, eta Arantzazun hasi zen. Zer garrantzia izan dute monasterio eta seminarioek frankismo garaian euskarari eusteko?
Normala da euskalgintzaren alde elizgizonek egin izana. Gaur egunetik begiratuta, sekulako zortea zen, egunean hainbeste ordu izatea irakurri eta zeure kasa lan egiteko.
Euskararako zaletasuna zuenak liburu zaharretatik altxorrak atera eta berriak idazteko denbora zeukan. Fraide batzuk genituen sukaldeko kontuez arduratzen zirenak. Gaur egunetik begiratuta, bizitza burgesa zen gurea. Gizartean ez zegoen horretarako modurik. Beste nork egin zezakeen horrelako lanik?
Gainera batak bestea animatzen zuen. Hemen Salbatore Mitxelena egon zen, Gandiaga bera, eta horiek sekulako itzala eta babesa ematen ziguten. Hemengo ikasleak ateratzen hasi zirenean euskalgintza suspertzeko balio izan zuen, zentzu horretan, euskalgintzaren mesedetan gertatu zen.
Bitoriano Gandiagarekin harreman estua izan zenuen.
Bai, Gandiagarekin izan dut harreman beteena. Seminarioan elkarrekin lan egiten genuen. Liturgia mailan, bere olerki produkzioan bide lagun izan nintzen. Bere olerkiei musika jartzen nien. Eta une politenetakotzat gogoratzen ditut 30 urtetan Gabon bezperatan soinua hartu eta kantuan atera ginenekoak.
Gaur egun euskarazko hizlaririk onenak sermoilariak dira. Nola lantzen zenuten oratoria?
Hamar urterekin hona etorri eta euskaraz entzuten genuen bakarra igandeko sermoia izaten zen. Ni organoa jotzen aritzen nintzen, eta sermoia izaten zen korutik pixka bat arnasa hartzera ateratzeko garaia. Baina Julian Alustiza bazen sermoia botatzen, hantxe egongo nintzen adi-adi. Sermoilari onak entzutea eskola ederra da. Horrek denak zaletu egiten zaitu, ikastera jarri. Gainera garai hartan oso eleberri gutxi zeuden, eta irakurtzen genituen gauzak ere sermoiak ziren. Axularren "Gero", Txomin Agirre eta horrelako liburuetatik hartu genituen esamoldeak.
Jada ez dago seminariorik Arantzazun. Nola ikusten duzu elizaren eta gizartearen arteko harremana?
Pixkanaka, lehen elizak betetzen zituen lanak estatua eta gizartea joan da beregain hartzen. Esaterako hezkuntza, edo behartsuei laguntzea, edo zaharrak zaintzea... Beti esaten da egungo gazteek ez dutela bokaziorik, baina nik uste dut kontrakoa dela. Noiz egon da orain bezainbesteko solidaritatea? Hamaika elkarte daude elizaz kanpo gizarte gaiez arduratzen direnak. Esaterako, gaurko gazteek garatu gabeko herrialdeei laguntzeko ez dute misiolari joan beharrik, badira beste erakunde batzuk.
Uste dut elizak zaharrei laguntzen izango duela zeregin handia, gizarte honetan gero eta gehiago baitira. Eta zaharrek arreta berezia behar dute.
Gainera, elizak lehen izan zuen izaera gogor eta zigortzaile hori utzi, eta batez ere xamurtasuna, barkamena eta antzeko baloreak zabaldu behar lituzke.
Eta aurrean duen jendea islamiar edo kristaua den begiratu gabe. Azken batean, Jaunarentzat denok berdinak gara, eta jainko batean edo bestean sinetsi, axola duena da horrek nola laguntzen dizun zure bizitzan, eta nolako gizaki egiten zaituen.
Alor asko ukitu dituen gizona zara; musika dela, meteorologia... Horiez gain zer zaletasun landu dituzu?
Liturgia eta musika ikasteaz gain, urte askotan ibili nintzen kanarioak hazten. Hiru kolore dituzte, eta saiatzen nintzen kolore garbiak lortzen, zuri-zuriak, hori-horiak eta gorri- gorriak. Kanarioak kentzean loreak zaintzen hasi nintzen. Sendabelarrak aztertzen...
Yoga ere egiten omen duzu.
Bai, orain laupabost postura bakarrik egiten ditut, lehen zailagoak ere egiten nituen. Artikulazioei bizitza eman eta goizean goizetik esnatzeko balio dit. Goizero hiru bat minutu buruz behera egotea gustatzen zait, bizitzari beste modu batera begiratzeko.
Nik zorte eta kastigu hori baitaukat, eguraldia eman beharrarekin, goizero albisteak entzunez hasten dut eguna. Goizeko 6:00etako albisteak 7:00etan eta 8:00etan errepikatzen dira, eta azkenerako nazkatu egiten naute.
Nire jakin-minak eraman ninduen yogara. Teologia ikastean asper-asper eginda egoten ginen eskolastika mailako dogmatika hura ikasten. Orduan, beste libururen bat hartzen nuen, kasu hartan yogari buruz beneditar batek idatzitakoa. Yogak ematen dizun erlaxazioa otoitzerako nola baliatu irakasten zuen.
Lo egiteko erabiltzen nuen yoga. Lortu nuen oso segundo gutxitan lokartzeko gai izatea. Pentsa, «Agur Maria» errezatzen hasi, eta bukatzerako lo hartzen nuen.
«Naturaren mintzoa» liburuan esaera zahar asko bildu dituzu, eguraldi kontuak azaltzen dituztenak. Esaera zaharrek asmatzen al dute?
Eguraldiari buruzko esaeretan badago alor bat santuen egunei dagokiena. Horiek mugarri gisa jarritakoak dira. Guk egutegiaren morrontza dugu, baina haiek egutegirik ez zutenez, santu baten egunetik hurrengo santuaren egunera markatzen zuten denbora. Garai horretan egin beharreko lanekin edo eguraldiarekin lotutako esaerak dira.
Beste esaera asko eta asko erreparatzetik datoz. Horiek logika edo funts fisikoa ere badute. Esaterako, "goiz gorri arrats euri" esaera, forma ezberdinetan esaten dena. Baina ezin dira hartu gaur eguraldia neurtzen dugun era berean, halako zehaztasunez.
Zertan da berezia zure iragarpena?
Nik beti eman nahi izan diot euskal kutsua iragarpenari. Madrildik ematen den iragarpenetan euria eta hodeiak dira jendeari axola zaizkionak. Ni beti haizearen berri ematen hasten naiz, euskaldunari hori inporta izan zaiolako beti. Eta horrekin lotuta daude tenporak edo ilargi aldiak. Ilargiak haize genero bat markatzen badu, halatsu jarraituko du.
Horrela, eguraldi kontutan zaletzen dugu entzuleria. Ulertzen laguntzen diogu. Ilargiarekin ahaztuta gaude, baina ohartarazi nahi izaten dugu entzulea, eguraldiak joera finko xamarra duenean ilargiaren koskak alteratu egiten duela joera hori. Gure kulturan sustraituta daude ilargien gorabeherak, gure lehenagoko egutegia ilargi egutegia baitzen.
Euskal Herri osorako behategi bat jartzeko proiektua zertan da?
Eusko Jaurlaritzatik ere ari dira behategi bat sortzeko lanean, baina EAE mailakoa bakarrik egin dezakete. Gu EHKME (Euskal Herriko Klimatologia Meteorologia Elkartea) Fundazioan ari gara lanean. Gure helburua da zazpi probintzietako ahalik eta txoko gehienetara iristea. Politika mailan izango ditugu arazoak, baina beti esan izan da metereologiak ez duela hesi edo mugarik. Mundu eta Europa mailan onartua dago hori, datu horiek denon zerbitzura egon behar dute.
Guk lurralde bakoitzari bere iragarpena eman nahi genioke. Kostaldea, mendialdea, Tutera aldea... Tokian tokikoa, alegia. Euskal Herri osorako iragarpen bakarra emateak ez du balio. Kontuan hartu behar baita euri kontutan Espainiako Estatuko bi muturrak Euskal Herrian daudela: Artikutza aldean egiten du euririk gehien, eta Bardeetan gutxien.
Ari gara behategiarekin lanean. Baina guk uste baino gehiago ari zaigu kostatzen, azpiegitura behar delako web gune bat osatu eta egunero datuak neurtzeko kokalekuak jarri. Gure helburua da Gabonetarako web gunea sarean izatea. Hasteko, hamar puntu ezberdinetako datuak bilduko ditu, behategi homologatu batek eskaintzen dituen datu berak.
Eguraldi iragarle batzuk baikorragoak dira besteak baino.
Eguraldia emateko bi modu daude. Dauden aukeretatik ilunena ematea da iragarlearentzako errazena. Horrela, iragarritakoa baino eguraldi hobea egiten badu, inork ez dizu konturik hartuko (zer den eguraldi ona eta zer txarra, ikuspegi hori aldatu beharra daukagun arren).
Nik, berriz, aukeretatik onena botatzen dut, jendea goizetik animatzeko