«ZINE ZUZENDARI IZATEKO PIXKA BAT ZENTZUGABEA IZAN BEHAR DA»


2021eko uztailaren 27an
Zure azken filma estreinatzen da, «800 Balas». Zein iritzi duzu estreinatu berri duzun filmari buruz?
Oraindik ez naiz erantzun bat emateko gai ikusten. Filma bukatu berri dut eta filma bere osotasunean baloratzeko ikuspegi argi bat ez dudala iruditzen zait. Dena den, nire filmarik konplexuena, dibertigarriena eta, dudarik gabe, zirraragarriena izango dela uste dut.

Lehenengo aldia da gainera produkzioan sartzen zarela. Nola sentitu zara? Bertigorik izan al duzu?
Bertigoa? Empire Stateko ertz batean esku bakar batekin helduta nagoela iruditzen zait. Horrelaxe nago, zinemagintzaren industriako gainontzeko kide guztiak terrazatik begira ari zaizkidan bitartean. Zinea egiten duzunean ezin zaitezke inoiz seguru egon. Aldez aurretik filmak funtzionatuko ote duen ala ez jakitea ez baita erraza. Arriskua gainera oso handia da, nire etxea bitan izan dut hipotekatua, eta horrelako istorioak. Baina tira, pelikulak merezi izan duenaren sentsazioaz geratzen naiz. Konfiantza handia daukat jarria filman.

«800 Balas»en errodajea nahiko gogorra izan denaren iritziak jaso ditugu. Era berean, zure beste film batzuetan ere egon zirenek inoiz ez dizutela hainbeste disfrutatzen ikusi ere esan dute.
Bai, egia esan nahiko konplikatua izan da. Eta egia da, bestalde, asko disfrutatu dudala filma egiten. Garrantzitsua da zure lana egiten duzunean egiten duzun horrekin disfrutatzea. Ilusioa izatea. Azkenean ilusio hori pantailan transmititzen denaren sentsazioa baitaukat. Zuretzako dibertigarria ez bada zure lana, zaila da hau dibertigarria gertatzea ikuslearentzat.

Hainbat aldiz entzun dugu zure ahotan film hau Marmitako Western bat dela.
Spagethi Westernetik desberdintzeko era bat baino ez da. Izendatzeko era honek, bestalde, filmaren ezaugarrien berri ematen duenaren ustea dut. Arimaren egoera bat proiektatzen du.

Zertan da desberdina «800 Balas» zure aurreko filmetatik?
Zintzoagoa da, eta sutsuagoa ere. Arduratzen nauten gauzetaz hitz egiten dut; buruan dauzkadan gauzetaz. Errealitatea eta fikzioaren arteko lehiaz. Errealitatean, zoriontsua izateko, errealitateaz ihes egin behar da, baina azkenean errealitateak beti harrapatzen zaitu. Bere eremura, bere ametsera, ihes egiten dutenei buruz hitz egitea da filmaren azken zentzua. Posible al da ametsak betetzea? Posible al da mundu irrealetan errefuxiatzea, gustatzen zaizun gauzetaz inguratua, eta errealitatearekin, ardurarekin, lanarekin, eta abarrekin kontaktua galtzea? Posible al da zoriontsua izatea? Nik uste baietz, baina ez da musu truk izaten. Berandu baino lehen zerbait ordaindu behar izaten dute horrelako bizitza batengatik apustu egin dutenek; zerbait galtzen dute.

Zure filmarik onena dela esango didazu...
Jakina. Horrela ez balitz bide txarretik joango bainintzateke. Nik uste edozein zinegileren azken filmak hoberena izan behar duela beti, edo behintzat zinegileak hori pentsatu behar duela film horretan lan egiten ari denean. Dena den, nik bene-benetan uste dut «800 Balas» nire filmarik onena dela. Hobekien errodatua izan dena eta niretzat interesgarriena den istorioa kontatzen duena.
Denbora behar da norberaren burua hobeto ezagutzen joateko, eta hau gertatzen denean, hobeto espresatzen zara, zintzoagoa zara zure buruarekin eta film hobeagoak egiten dituzu. Badira gauza asko kontatzeko dituzten lagunak baina hauek modu egokian espresatzeko zailtasunak dituztenak. Hori hobetzeko, lanean denbora inbertitzea da irtenbiderik onena. Akatsetatik ikastea garrantzitsua da, baina, batez ere, bide berriak esploratzeko irrika izatea da inportanteena.

Hortaz, asko aldatu zara zu eta asko aldatu da zure zinea, «Mirindas Asesinas» zure film labur bakarra edota «Acción Mutante» zure lehenengo film luzea egin zenuenetik?
«Acción Mutante»ri buruz, adibidez, ez dakit zer esan. Lehengo egunean DVDn ikusteko aukera izan nuen eta oso txarra iruditu zitzaidan. Hasiberri baten filma. Teknikoki soinu asko falta zaio, soinu banda egoki bat ere bai eta plano asko pertsonaietatik gertuago egotea. Era berean, film honetan dena da hain espontaneoa interesgarria ere iruditzen zaidala. Orain ez naiz gai ikusten gauzak lotsagabekeri eta gaztetasun horrekin kontatzeko.

Ordura arte, egia esan, Espainia mailan egin gabekoa egitea lortu zenuen «Acción Mutante»rekin. Dena den, «El Día la Bestia» izan zen ospea eta arrakasta ekarri zizuna. Ezustekoa ala esperotakoa film honen inguruan sortu zen fenomenoa?
Ezustekoa. Aurreko filmak izan zuen oihartzuna izatea espero nuen, baina... Oraindik ere sorpresak ematen dizkit. Japonian ikusi ahal izan dela filma, esate baterako.

Eta hori eta gero zure "abentura amerikarra": «Perdita Durango». Askorentzat, zure filmarik kaxkarrena. Zuk zer uste duzu?
Niretzat ez da nire filmarik kaxkarrena. Nire faboritoa da. Bere indarrarengatik, pertsonaien moraltasun gabeziagatik, eta batik bat ez delako kontatzen den guztia begi bistan geratzen. Gaiztoak protagonistak zireneko film bat egin nahi nuen, baita lortu ere. Berriro ikusi beharko zenuke, hori bai, bertsio originalean, bikoizketa nahiko txarra izan baitzuen. Spielbergek filma asko gustatu zitzaiola esan zidan. Horrek pisu handia kentzen dit filmaren emaitzan pentsatzen jartzen naizenean.

Ameriketan lan egin ostean, ez al zaitu AEBetako estudio handiekin lan egiteak tentatzen?
Ez dakit. Orain artean ez didate gustuko gidoirik eskaini. Ez dut «Blade 2» edota «The Crow 3» egiteko gogo askorik. Eta zerbait ona egiteko aukera izateko lehenik eta behin horrelakoak egitera behartua egoten zara. Dena den, «800 Balas» eta gero, dirua behar badut, agian aukera hau irtenbide bat izan daiteke.

Nire ustez, behar bezala ulertua izan ez zen film bat izan zen «Perdita Durango»ren hurrengoa: «Muertos de Risa».
Ados nago. «Muertos de Risa» arrakastatsua izan zen salmentetan, baina jende askok ez zuen ulertu. Niri Scorseseren «The King of Comedy» gogorarazten dit. Komikoa dirudi, baina beldurrezkoa da. Beldur moralezkoa. Denok gara filmako Nino eta Bruno bezalakoak. Beraiek bezain gaiztoak, beraiek bezain bekaiztiak. Kartelak edota aktoreak bultzatuta, jendeak komedia bat ikusiko zuela uste zuen; «Torrente» ikusteko asmoz joan ziren asko eta justu kontrakoarekin egin zuten topo.

«La Comunidad»ekin publiko eta kritikaren onespena izan zenuen berriz. Alex de la Iglesiaren itzulera arrakastatsua izan zen zinea ulertu eta egiteko erara.
Beno, bai. Filma asko gustatzen zait, baina ere berean jendeari espero duena ematen diozu eta zentzu horretan ez da oso berritzailea. Arrisku gutxiko filma da. Bukaera dut oso gustuko, teilatuetan. «Matrix» bailitzan Terele hegaz ikusteko aukera dagoenean. Hori egitea bai zela dibertigarria!

Hainbat aldiz entzun eta irakurri ahal izan dugu Fu-Manchu gaizto mitikoaren inguruko istorio bat dabilkizula buruan aspaldidanik. Filma egitekotan egon zinen baina azkenean bertan behera gelditu zen dena.
Ez da egin diru kontuagatik. Andrés Vicente Gómez produktoreak ez zuen proiektua gauzatzeko diru nahikorik lortu eta horregatik ez da filma egin. Asian kokatzen eta guzti ibili ginen. Dena zegoen prest, dirua ezik, jakina. Egia esan, ez dut uste inoiz egingo denik. Filman Fu-Manchu organo trafikatzaile bat zen eta filman Aita Santuari bihotz bat saldu nahi zion. Dena den, ez bazen egin ez zen gai edo edukiengatik izan baizik eta diru faltagatik, nahiz Irailaren 11ren ondorengo gertakariengatik akaso ez litzatekeen onartuko Fu-Manchu bezalako nazioarteko terrorista bat film bateko protagonista izatea.

Zer dabilkizu bada orain buruan?
Nire produktorarekin egiteko bizpahiru istorio ditut buruan. Baina oraindik ez dakit hauetako zein egingo dudan. Dudak ditut. Orain gainera nahiko urduri nago eta agian «800 Balas»en ibilbidea eta gero erabakia hartzea izango da hoberena.

Eta pentsatu al duzu noizbait zure hastapenetara itzultzea eta zuzendaritza artistikoan lan egitea?
Oso gogoko dut marraztea, eta baita dekoratuak egitea ere. Baina ez dut uste lan hori egitera bueltatuko naizenik, asko maite dudan norbaitek mesede bezala eskatzen ez badit behintzat. Zuzendaritza artistikoa, nahiz eta ez izan gaizki neraman zerbait, errodajeetan sartu ahal izateko egin nuen.

«800 Balas»en lan talde artistiko zein teknikoa errepikatu duzu. Beraiekin zorretan sentitzen zarelako egiten al duzu?
Ez, justu kontrakoa. Hain alferra naiz, ez dudala jende berriarekin nola funtzionatuko nukeen ikusi nahi. Nahikoa arriskatzen naiz filmarekin eta hortaz, nahiago izaten dut taldekideak konfiantzakoak izatea.

Kapitulu berezia merezi du zure kolaboratzaileen artean Jorge Guerricaechevarria gidoilariak. Nolakoa da zuen bion arteko erlazioa? Zeintzuk dira bakoitzaren funtzioak? Eta ez al du berak zuzendari izan nahi?
Ez, ez dirudi zuzendaritzan interesatua dagoenik. Inteligenteegia da horrelako zerbaitetan sartzeko. Zuzendaria izateko zentzugabea izan behar da pixka bat. Ez dut Jorge imajinatzen, nik egiten dudan bezala, dakiena baino gehiago dakiela antzezten. Jorge edozer gauza egiteko gai ikusten dut, planeta leherrarazten edota Tibeten antropologi ikasketen unibertsitate bat antolatzen. Zuzendari ona izango litzatekeela uste dut, baina ez zaiola interesatzen pentsatzen dut. Bien arteko lanari buruz, dena elkarrekin egiten dugu. Bioi gustatu behar zaigu egiten duguna, ez bazaio gutako bati zerbait gustatzen, inposatu beharrean, zakarrontzira joaten da ideia. Oso gustura egiten dugu lan elkarrekin. Bera gabe, beso zati bat, hanka zati bat, edota hobekiago, buru zati bat faltan izango nukeela gidoigintzarako uste dut.

Zinea egiten hasi zinenean, zurekin batera Medem, Bajo Ulloa, Urbizu eta beste batzuk ere hasi ziren filmak egiten. Zine mota desberdina egin arren, "Euskal Zine Berria" etiketa jarri zitzaizuen. Etiketak alde batera utzita, eta denak ere Euskal Herrikoak zaretenez, askotan kritikatu izan zaizue bertako arazo politikoa ez tratatu izanagatik. Kritikak ere alde batera utziz, egingo al da inoiz Euskal Herriko gatazka politikoaren inguruko filmik?
Kritikatzen gaituztenok gu kritikatzea ondo iruditzen zait. Gure zinea "iheslari"a baita. Baina hau akaso bide egokia ere bada, nik arduratzen nauen gauzetaz hitz egin nahi baitut nire filmetan, errealitatearen ihesari buruz, adibidez, nahiz eta «800 Balas» bezalako film bat ikusten dutenek hau esplizituki ikusiko ez duten. Dena den, publikoak filma interpretatzea da garrantzitsua, bakoitzak baloratzea zer den ikusi duena. Gatazkaren inguruko filmeetara itzuliz, egia da oraindik ez dela gaia era egokian jorratu... Beno, nik oso gustuko dut «Segoviako Ihesa»

Bost erantzun motz
1. Film bat: "One, Two, Three" Billy Wilder.
2. Zuzendari bat: Martin Scorsese.
3. Aktore bat: Steve Buscemi.
4. Pertsonaia historiko bat: Ni. Ez, broma da. Diogenes, zinikoa.
5. Kontatzea gustatuko litzaizukeen istorioa: Hori ezin dut esan, bestela... lapurtu egingo didate istorioa!


Azkenak
2024-12-12 | Nicolas Goñi
Plastiko kutsadurari buruzko gailurraren porrotak kudeaezin bihurtu dezake

Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]


2024-12-12 | Leire Ibar
Osakidetzako oposizioen filtrazioen ikerketa errudunik gabe itxi du epaileak

Blanca Ester Díaz Pulido epaileak Osakidetzako 2018ko oposizioen filtrazioen inguruko ikerketari amaiera eman dio, sei urte eta erdi igaro ondoren. Akusatu guztiak absolbitu dituzte, 22 guztira, nahiz eta bi kasu behin-behingoz artxibatu dituzten.


Kalitatezko hezkuntzaren aldeko eserialdia egin dute Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren sarreran

Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
“Kanal bat, hizkuntza bat” logika gainditzeko eskatu diote ETBri

Ikusle euskaldun gehien biltzen dituen katea da ETB2, datuen arabera. Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin du Bizkarsororen kontraprogramatzearen harira. Salatu dute askotan ETB1 lehian sartzen dela ETB2rekin, eta "herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango... [+]


Jaja Wachukuk ez zuen lo hartu

New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]


Europako datu zentro handienetakoa Araban: zein dago proiektuaren atzean?

Ribabellosan 300 megawatioko gaitasuna duen eskala handiko datu zentroa eraikitzen ari da Merlin Propertiers enpresa madrildarra. Milaka milioi euro ari da gastatzen Iberiar Penintsula osoan, ustez puntako teknologia “jasangarria” duten baina elektro-intentsiboak... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua duten haur eskolak ipintzeko eskatu diote udalari

Hamabi haur eskola publiko daude Iruñean, eta horretatik bakarrean dago euskarazko eredua. Protesta egin dute dozena bat eragilek, eta euskal hiztunen “egoera berezia” aintzat har dezan galdegin diote udalari.


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


2024-12-12 | Irutxuloko Hitza
Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik?

Irutxuloko Hitzak asteartean parte hartu zuen Hordago - El Saltok antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.


2024-12-12 | Leire Ibar
Palestinarekin elkartasunez, McDonald’s berriari boikota egitera deituko dute Santutxun

Abenduaren 13an mobilizazioa antolatu dute Santutxun (Bilbo), enpresa amerikarra palestinarren aurkako genozidioaren parte dela salatzeko. Auzoko kideek azpimarratu dute ez dutela nahi auzoan sarraskiari sostengua ematen dion enpresa multinazionalik.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Greba abiatu dute Uberreko langileek Bizkaian, gutxieneko soldata baino gehiago kobratzeko

Grebak 27 egun iraungo ditu, urtarrilaren 6 arte. Gutxieneko soldata kobratzeko “365 egunez eta 24 orduz” lan-baldintza “jasanezinetan” lan egiten dutela salatu dute, eta lanaldiaren benetako zenbaketa egin dezan exijitu.


Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute

Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.


2024-12-12 | Gedar
Europako hainbat herrialdek eten dituzte siriarren asilo-eskaerak, al-Assaden gobernua erori ondoren

HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.


2024-12-11 | Julene Flamarique
Lezoko eraso matxista salatu eta ekintza zuzena aldarrikatu du mugimendu feministak

Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.


Eguneraketa berriak daude