Madrilgo Gregorio Marañón ospitalak gure herrian aitzindaria den esperientzia bat jarri du martxan: paziente polimedikatuentzako arreta farmazeutikorako berariaz antolatutako bulegoa hain zuzen ere. Min unitateetako, traumatologiako eta erreumatologiako espezialistak izan ohi dira sarrienik gaixoak bulego horretara bidaltzen dituztenak.
"Gure asmoa pazienteei laguntzea da, beren medikazioa behar bezala har dezaten", dio Marisa Martinek, aipatu saileko arduradun batek. "Normalean horrelako unitateetako gaixoek zortzi edo hamar botika hartzen dituzte egunero, gutxienez. Gainera, 65 urtetik gorako pertsonak izaten dira, espezialista baten baino gehiagoren laguntza behar dutenak. Badira irakurri edo idazteko zailtasunak dituztenak, eta medikazioa hartzeko orduan arazo handiak eduki ohi dituzte".
Marisa Martin eta saileko gainerako kideek paper koadrikulatuko orri bat erabiltzen dute, zirkuluz, errektangeluz, karratuz eta zenbakiz josia, bertan pazienteari eguneko une bakoitzean zein botika hartu behar dituen argi eta garbi adieraziz. Orrialdearen ezkerreko ertzean gaixoak hartzen dituen botiken enbaseak agertzen dira, txukun-txukun fotokopiatuta. Pazientzia apur bat behar da, noski, baina ordubetez azalpenak ematen aritu ondoren, paziente bakoitzaren medikamentu guztiak zerrenda batean biltzea lortzen dute. Horrela, hartualdiak modu egokian antolatzen, botikak ez bikoizten, eta elkarren artean bateraezinak direnak detektatzen jakiten dute, pazientearen mesederako