Ekainean «Proiektu guztiak, ideiak guztiak eta pertsona guztiak» lemapeko manifestazioa antolatu zenuten Bilbon. Uda ostean, Batasunaren ilegalizazio prozesua bideratua, bi manifestazio eredu lehian daudela dirudi. Horrela al da?
Badago lehia hori, bai. Ekaineko manifestazioaz oso balorazio ona egin genuen, jendea Batasunaren legez kanporatzearen aurka agertu zelako eta bide bateratu bat planteatu zelako: giza eskubideetan ondo oinarritutako bidea. Manifestazioaren eredua anitza eta sendoa izan zen, eskubide guztiak kontuan hartu zituen, baita etorkizunerako ate bat irekia utzi ere.
Uda ostean, Batasuna legez kanporatzeko prozedurak areago zakartu du egoera politikoa. Egoera honen aurrean, ezker abertzaleak zilegitasun osoa berreskuratu du manifestazio eredua planteatzeko. Hala ere, gure ereduaren araberako manifestazioak gauzatzeko aukerak ikusten ditugu, ate hori irekita dago. Noski, ilegalizazio posibleak irekitako zauriak bizirik dauden bitartean eta ETAk bere estrategian jarraitzen duen bitartean, kontzienteak gara oso zaila dela guk ireki dugun ate horretatik bide bat urratzea, sakon urratzea behintzat.
Manifestazio bi ereduetan zenbait sektorek parte hartu ohi dute. Bi ereduak urrun al daude elkarrengandik?
Bai. Manifestazio ereduak oso ezberdinak dira, eta jendeak bere hausnarketa egin behar du horri buruz. Uneon, ordea, ezker abertzalea da ilegalizazioaren egoera gehien nozitzen ari dena, eta haiek dioten bezala, hau ez doa haien aurka soilik, haratago doa, gizartearen sektore gehiagoetara irits daiteke, baina erantzun hori gauzatzeko ezker abertzalearen -edo Batasunaren, kasurako- jarrera berebizikoa da. Guk, gure aldetik, «Proiektu guztiak, ideiak guztiak eta pertsona guztiak» lemapeko manifestazio anitz eta bateratu bat egiteko egoera aztertzen ari gara, abagune horren zain gaude.
Egingarria al da?
Bai, baina funtsezkoa da ezker abertzalearen jarrera argitzea.
Aski da! mugimenduak «Derrigorrezko nazionalismoaren aurka» lemapeko manifestazio bat antolatu du urriaren 19an. Nola ikusten duzu gizarte sektore hori?
Euskal gizartearen gehiengoak ez du sektore honen aldarrikapenekin bat egiten. Hala ere, ezin dugu sektore honek aldarrikatzen duen guztia errefusatu. Sektore horren atzean badago egiaren parte bat ere, eta egiaren zati hori zein den ezagutu behar dugu. Gatazkak oraingo espiralean segitzen badu, sektore horien manifestatzeko eredua indartuz joango da. Hainbat zinegotzi sozialista eta popularrek bizi duten egoeraz jabetuko bagina -bere familien eta ingurukoen egoera barne-, bada, hobekiago ulertuko genuke sentsibilitate horiek adierazten dutena. Beren jarrerak entzun eta ulertu behar dira, baita onartu ere. Beste gauza bat da planteatzen dituzten argudio politikoak, hori besterik da.
Elkarrik ba al du talde horrekin harremanik?
Komunikazio bide bat badugu, baina oso ahula da. Gure asmoak elkar trukatu ditugu nolabait, baina ez gara elkarrizketa gune bat gauzatzera iritsi.
Sektore hori bil liteke «Proiektu, ideia eta pertsonak guztiak» lemapeko manifestazio batean?
Mundu sozialistaren barruan hainbat sektore dago Batasunaren ilegalizazioaren aurka, batzuek publikoki adierazi dute eta beste batzuek pribatuan. Sektore hauek prozesuaren aurka eta lema honen pean manifestatu litezke, baina manifestazioaren planteamenduaren arabera, noski.
Beste gaietara paseaz, Elkarrin espero al zenuten Ibarretxe lehendakariak aurkeztu duen proposamena?
Guk proposamen garrantzitsu bat aurkeztuko zuela espero genuen, ekainean egin zuen hausnarketatik abiaturik nolahalako asmo bat antzematen genuen Gobernuan. Ez genekien zehatz-mehatz nolakoa izango zen, baina guretzat ez da gauza berri bat izan.
Alderdiak ezustean harrapatu al ditu?
Alderdi guztiek bazekiten Ibarretxek proposamen inportante bat egingo zuela. Espainiako Gobernuaren eta ETAren estrategiek harrapatua izaki, Ibarretxeren Gobernuak erantzun sendo bat eman behar zuen bere estrategia markatu aldera. Haatik, ez dut uste ezein alderdik hain proposamen konkretua eta espezifikoa espero zuenik.
«Izan» izeneko zuen txostenarekin parekotasunik al dauka?
Bai, baina ez. Ibarretxek gatazka eta egoera politikotik ateratzeko bide bat planteatu du, bide hori urratzeko ideia eta eduki batzuk plazaratu ditu. «Izan» proposamena, berez, akordio bat zen, abiatzeko oinarrizko planteamendu bat. Bi proposamenetako ideiak osagarriak dira, baina hau prozedura bat da eta «Izan» akordio esparru bat.
Subiranotasun kontzeptua berri bat eraiki beharraz hitz egiten da. Ibarretxek «atxikimendu librean» oinarritutako ituna proposatu du. Zein aukera ikusten diozu proposamenari?
Subiranotasunaren eztabaida plazaratzea oso inportantea da. Hasteko, Ibarretxek subiranotasunaren eztabaida zabaltzea lortu du. Espainiako hainbat sektorek horri buruz hitz egiterik ez dagoela diote. Lehendakariak argudio ahul hori esanarazi die, zeren eta eztabaida izan badago, eztabaida hau aspalditik dago eta orain Eusko Jaurlaritzak bide eman dio. Subiranotasunaz ezin dela hitz egin argudiatzea ez da berez mantentzen. Eusko Jaurlaritzak ez du akordio zehatz bat lehenesten, herri honen ezaugarrietara egokitu behar den akordio baten beharra lortzea du helburu. Izan ere, soberaniaz hitz egiten denean oso eskema itxietan mugitzen gara: estatu-nazioa, autonomia, federakuntza, koofederakuntza... Ordea, munduan ez dago egitura aratzik edo erabatekorik, dauden ereduak egokituak dira, eta guk ere, herri bezala, gaurko egoerari eredu egokitu bat aurkitu behar diogu. Horregatik, Ibarretxeren proposamena oso interesgarria eta konkretua da.
Bidea lantze horretan non aurkituko ditu eragozpen handienak?
Hiru eragozpen nagusi ditu. Lehena, ETAren estrategia. Su-eten egoera batean proposamenak beste neurri bat hartuko luke. Bigarrena, Batasunaren legez kanporatzea. Badago erantzun gabeko galdera bat: Batasunak aukera izango al du datozen hauteskundeetan aurkezteko? Bidea horren arabera urratuko da neurri handi batean, Batasunak bidean parte hartzeko inflexio puntu bat izango da. Batasuna bidetik kanpo geratzen bada, ez badu proposamenaren garapenean parte hartzen, prozesua hanka motz geratuko da. Hirugarren eragozpena bidearen amaiera argitzea da. Prozesu honen irtenbidea gizarteari egin beharreko galdeketan datza. Ez badago aukera juridikorik prozesu hau bukatzeko, eragozpen handi bat izango du. Hori gainditzen bada gizartearen iritzia ezagutuko da eta prozesua arrakastatsua izan daiteke