argia.eus
INPRIMATU
BIDE OROTAKO LAGUNA
Patxi Larrion Galdeano @plarrion 2021eko uztailaren 19a
Zazpi urte igaro dira omenaldi hartatik. Artaxonako Josemari Jimeno Juriori, bideko lagunek egin zioten gorazarre. Ibilbide luze bezain oparoan, bidelagun izan zituenen esker ona jaso zuen Josemarik.

Udaberriko egun hartan, gaita soinuek esnarazi zuten Iruñeko Donibane auzoa. Jimeno-Arangurendarren etxazpian bildutako gaitariek doinu bat baino gehiago zor zioten Artaxonakoaren kemenari. Adituek diotenez, galdetzean, tonuak berebiziko garrantzia dauka, eta Josemari urduri hark, bazekien modulatzen.
Karrikadantza hasia zen jadanik. Arrotxapea zuen helmuga ibilbideak. Argaz bestaldeko auzoan, Jimeno Juriok liburuzain eman zituen urteak ez ziren alferrik igaro, horien lekuko, Arrotxapeako Jus la Rocha lagunez mukuru hartan, Salaberrik, Satrustegik eta Majuelok emaniko hitzaldiak. Hizkuntzalaritza, Etnografia eta Historia, Artaxonakoak luze eta zabal jorratu zituen alor ezagunenak. Utzi digun ondare bibliografikoa alimalekoa da, eta era berean, zenbaezina, bere aholku eta iradokizunei jarraikiz hainbatek sortu dutena.
Eleen ondoren dantzaren txanda heldu zen. Aurreskua, bidaide izandako batek eskaini zion. Egungo koreografia askok Jimeno Jurioren lanen bat du sorburu. Artxibategiko lana oparoa baita ase ezina denarentzat.
Bazkari legea egin aurretik, liburuak saltzen aritu zenik ez zen falta izan. «Historia de Pamplona y sus lenguas» liburua argitara eman berria zen. Editoreak ez zuen aukera galdu. Alta, Josemariren semea ez zen horren fin ibili, gazteak ez zuen argazki kamerarekin asmatu.
Bazkalondoan ageri zen maitasuna. Batek jota bat eskaini Artaxonako txikitoari, besteak akordeoia hartu, garai hartan kartzelan ziren intsumisoen gogoratzea... Festa auzolanean antolatu zen, eta, denek zuten lekurik mahai hartan. Hitzaldi inprobisatuen txandan, testu honetan, hitzez, ageri ez diren Euskara, Nafarroa eta Euskal Herria nagusi. Josemari, Pablo eta Jorge ondoan zituela, bidelagunez inguraturik, inoiz baino alaiago ageri zen.
Zazpi urte igaro dira omenaldi hartatik. Josemarik utzi gaitu. Jimeno Juriok herritarren artean mamitu zituen bere lanak, eta bidelagun izandako horiek aspaldi eskaini zioten ongi merezitako omenaldia. Adioa esateko tenorean, Izagirreren testu bat parafraseatuz: txipiak eta bizkorrak behar ditugula, Nafarroa guztiak epitafio bihur ez dakizkigun