argia.eus
INPRIMATU
«Pasadizoz eta menturaz jositako liburua da hauxe»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Hitz gutxitan esanda, zer da «Iraultzen maratoia»?
Odisea, bidaia nahasia, pasadizoz eta menturaz josia dela dio Lur entziklopediak. Bada, horixe da liburu hau.

Konta ahal diezagukezu zer edo zer odisea horretaz?
Goiz batez, Oiartzungo Elizalde auzotik irteten naiz ohiko korrika saioa egitera, eta ia ohartu gabe kobazuloz beteriko oihan sakonean sartzen naiz, intxixuek oso aldian aldiro irekitzen duten denbora eta espazioa zeharkatzeko tunelean murgilduz. Eta hiruzpalau mila urte iraungo duen odiseari ematen diot hasiera. Bukatu, berriz, Oiartzungo Gurutze auzotik igarotzen den 2001eko AEKren Korrikarekin bukatzen dut. Eta bukaera hori, niretzat, oso berezia da. Izan ere, egun horretan Korrikaren barruan, Juanma Legorburuk antolatutako talde batekin, Oarsoaldeko haran guztiari eman genion buelta Diego Garciaren elastikoa eramanaz. Horrekin Diego Garcia zendu berriari omenalditxo bat egin nahi genion, guretzako eredugarria izan baita, bai kirolari bezala, eta baita ere kanpotik etorritako etorkin euskaldundu bezala, eta berak AEKri, euskarari eta bertsozaletasunari zion barne sentimendu horrekin asko eta asko oso lotuak egon garelako. Beraz, hasierak eta bukaerak liburu honetan badu zerikusirik niretzat oso inportanteak diren gauza askorekin.

Eta maratoian zehar nolako gertakizunak aurki daitezke?
Bada, milaka kilometro izerdi patsez eginez, pertsonaia ezberdinen larruen begiz, gudak, matxinadak, iraultzak deskribatzen dira, zertzelada arinez, korrikalariak horrela ikusten duelako paisaia. Joaten da poliki-poliki, ikusten du paisaia, baina bidean dihoa eta ez du denbora asko ikusten duena aztertzeko.