Valentziako idazle batekin gosaltzen dut igande goizetan. Liluraturik edukitzen nau bere prosa aberatsaren euripean. Izarren mugimenduak gidatzen dituzten indarrez mintzatzen zait gizona, urrutiko itsaso argi eta bare batez, baratzean ondu berria den pikuaz eta gizakiaren pasioez.
Joan den igande batez, destinuaz ari zitzaidan. Izan ere, nor da gure etorkizunaren artzain? Greziar klasikoen aburuz, gure patua dadotan jolasean ari diren jainko mozkortu batzuek erabakitzen omen dute. Baina jainko handien itzalpean bizi garen xinaurrion begietatik ikusita, gure arteko xomorro neurotiko batzuen jardunak ere astindu omen dezake jainkoen loaldia.
Euskal Herrikoa aipatu zuen zutabegileak. "Espainian euskal arazoa ia bi mendez luzatu bada eta koruko ahotsek eszenarioan bueltaka segitzen badute beren erritmoan konponbiderik aurkitu gabe, pentsa daiteke pasio horrek ez duela bueltaka jarraitzea beste irtenbiderik, Eskiloren arabera, jainkoak baitira trajedia gobernatzen duten bakarrak. Baina ez da gauza ziurra Euskal Herriaren patua ez dela egongo gehiago arazo horren inguruan mugitzen diren xinaurri batzuen buru gogorkeriaren, odol txarraren, harrokeriaren, egoskorkeriaren baitan".
BAINA greziarren jarraitzaile ez naiz eta mundu laburrekoa bai. Eta konparazioa Peloponesoko antzoki marmolezkotik Zuberoako zelaietaraino mugatzen zitzaidan bera eruditoari entzutearekin batera. Horra gure aktualitatea urteko egun guztietako pastoral bihurturik.
Dibo gutxi batzuk baditu gure antzerkiak. Gehiago dira protagonista erdipurdikoak. Eta batik bat arizale diskreto asko mugitzen da oholtza gainean. Irudi luke gehienetan gidoirik gabe ari direla aktoreak inprobisatzen. Hala ere, tarteka gidoi zati zoragarriren bat antzeman daiteke eszena, gertakizun eta elkarrizketetan. Hala pentsatu genuen Lizarra-Garaziko itunaren ondorengo lehen hilabeteetan. Bizpahiru errejent baleude bezala denen joan-etorriak orekatu eta ordenatzen. Baina laburra izan zen poza. Ez zen komeniko.
Gure funtzio gehienetan, jokalari bakoitzak itxuratzen du bere pertsonaia. Honek solo efektistak, horrek xelebrekeria txokanteak, ahapaldi didaktikoak beste hark. Edozein unetan zalaparta bipertsua eta lantzean behin borroka eder bat. Polit egiten du borroka batek edozein ikuskizunetan, izan dadin amodiozko, jenero beltzeko edo epiko. Urrutiko publikoak ere istimatzen omen du euskaldunon pasioa. Oso plastikoak dira giristino eta türken arteko batailak.
borrokak askotan aktore inportanteren bat harrapatuko du, eta hasierako kalkuluetan sartzen ez zen aktore edo extra bat baino gehiago ere bai. Ikusle, kronikari eta kritikoetaraino ere iritsi izan dira suak, eta egun horietan espektakulua are totalagoa gertatu da. Baina gudari profesional eta gerlari boluntarioei dagokie normalean bataila. Eta mundu guztian sortzen du espektazioa batailaren ondoren, hilak zurezko eszenarioko tranpailutik behera amiltzen dituzten uneak.
Gaua heldu denean, argiak itzali eta zelaian ez da arimarik geratuko. Guduetan erori direnen gorpuak salbu. Gau osoan beilatuko dituzte senideek nork bere hilak, oholtza azpitik aterata. Greziako trajedietan ez bezala, hemengo guduketan benetako bolbora erabiltzen baita. Gurean, zauri hilgarriei egiazko odola darie. Eta askotan malkoak familia gutxi batzuetan pilatzen dira, zaharrak joan eta gazteak etorri