Euskal eta erdal komunikabideetan aritu zara, eta bietan arrakasta lortu duzu. Euskal teleikuslea ezberdina al da?
Ez dut uste Euskal Herriko publikoa oso ezberdina denik telebista kontutan. Gustatuko litzaiguke askotan diferentexeagoa izatea. Hemen badaude programa batzuk hobeki funtzionatzen dutenak, baina askotan pertsonak izaten dira beste batzuk baino hobeki sartzen direnak.
Dibertitzeko den telebista gehiena, zabor hutsa iruditzen zait niri. Zuzeneko emanaldiak, kirolak, horiek beti izango dira antzeko. Baina horietan ere nabaritzen dut "saldu behar" hori, audientzia erakartzeko pilotari edo futbolari baten beharra. Badirudi telebistak idoloak behar dituela. Oso telebista eskasa egiten ari garela uste dut, oro har.
ETB, berriz, kopiak egin eta egin ari da. Kopiatzeari ez zaio beldurrik eduki behar, baina funtzionatzen duen guztia kopiatu beharrik ez dago. Herri honetan sormen handia dago, eta sortzaile horiei telebistan bidea ireki behar zaie.
Kopiatzearen alternatiba zein da?
Guk gauzak horrela egin ditugu: "Ea, zer da hemen jendeak egiten duena? Eta hori interesatuko da telebistan?". Horrela sortu zuen Iñigo Urreagak "Brikomania"ren istorioa eta frogatu du jendeari interesatu egiten zaiola. Nik adarra jotzeko beti esaten diot jendeak "Brikomania" ikusten duela, betidanik gustatu zaigulako lanean besteak ikustea. Asmatu egin zuen, sukalde programarekin asmatu dugun bezala. Guk eskaintzen dugu dibertsioa, Karlos Argiñano bera oso dibertigarria delako, baina programa txukun baten bidez otorduak nola prestatu irakasten da, eta elikadurari buruzko heziketa ere eskaintzen saiatzen gara. Pilotan ere berdin, ezer ez dakienari gauzak erakutsiz. Baina gure produktora ere sartuko balitz dibertsio hutseko programak egitera (gaueko magazineak edo goizetako eztabaida-saio faltsuak), zulo berean sartuko ginateke, nola-hala audientzia lortu behar horretan.
Pilota eredu da, herri kirol bat "modako" bihurtu delako. Prozesu hori zerk eragin du?
Pilotak azken urte luze-samarretan pauso ezberdinak eman ditu. Herri-kirola da, batez ere herritan jokatu den neurrian. Baina bestetik, oso kirol urbanoa ere izan da, aurreko mende hasieran pilota batez ere hiriburutan jokatzen baitzen. Urbano bihurtzeko prozesu horretan pilotari klabe batzuk ere izan dira. Ogeta bera Gasteizkoa zen eta hiriko jendea erakarri zuen frontoira. Beste pauso garrantzitsu bat izan zen telebistaren sarrera. Telebistarako oso kirol ikusgarria da, lege errazak ditu ez dakienak ere ulertzeko... baditu berezko baldintza batzuk arrakasta hori esplikatzen dutenak. Horrekin batera, arrakastan pilotari jakin batzuk garrantzia izan dute. Errioxan izan den leherketa azaltzeko Titin ezinbesteko izena da. Telebistaren apustua bera ere ondo atera da, eta gaur egun ditugun audientziak orain hamar urte ez genituen amestu ere egingo. Horrek zer esan nahi du? Urtetan pilotan jokatu duen jendeak ikusi egiten duela, eta jokatu ez duen jendea ere asko hurbiltzen ari zaigula, batez ere emakumezkoak. Hori azken urtetan nabarmena da. Emakume asko da telebistaren bidez pilotaren jarraitzaile. Pilota federazioak ahalegin handiagoa egin behar luke neskak bereganatzeko. Eta hori egin ez duen harren, jarraitzaile gisa emakumeak inkorporatu egin dira.
Telebista sartzeak zer aldaketa eragin ditu pilotaren munduan?
Oraindik baditut etsaiak zenbait tokitan, pilotalekuak berdez pintatzera behartu ditugulako. "Putasemetik" gorako denak esan dizkigute horregatik. Asegarce enpresari suertatu zitzaion beste erabaki zail askorekin batera hori ere hartu behar zen, eta telebistaren arduraduna nintzen aldetik, behartu egiten nituen. Federazioak ezetz esaten zigun, frontoia betidanik zuria izan dela eta ez zutela pintatuko. Gu ez ginen frontoi zurietara joaten. Azkenean amore eman eta pintatu egin zituzten. Gainera gezurra da, frontoiak ez dira beti zuriak izan. Bagenekien erabaki horrekin etsai asko irabaziko genituela, baina bestela ezinezkoa zen telebistaz ematea, pilotak telebistan kontrastea behar duelako. Frontoia berdez pintatzeak, pilota zuria behartzen zuen, eta pilota zuriarekin pilotariak ere erabat nahasi ziren, okerrago jokatzen zutela esaten zuten. Oso gerra gogorra izan zen.
Kamisetak ere izan du bere aldaketa. TVE 70eko hamarkada inguruan pilota finalen bat telebistaz ematen hasi zenean, kamiseta urdina jartzen zioten bati, bereizteko (zuri-beltzezkoa zen telebista, eta beltza ikusten zen kamiseta urdina). Gu hasi ginenean, pentsatu genuen egokiagoa zela (telebista koloretan zenez) nork bere kolorea kamisetan eramatea, gerrikoko kolorearekin bakarrik ez zelako bereizten. Era berean, arropa marka batzuk babesle bihurtu dira, eta kamisetetan egiten dute bere publizitatea. Oraindik aurreratzeko asko dugu, esaterako, pilotariek erabiltzen dituzten praketan. Gaur egun erabiltzen den material elastikoarekin, galtza horiek estilizatuagoak izan litezke (poltsikoak alferrikakoak dira, diru-zorrorik ez dute eramaten-eta!). Ez dakit noizbait praka motzekin aterako diren, zergatik ez? Entrenamendutan galtza motzekin jokatzen dute. Azken finean, zer bilatzen dugu? Erakargarritasuna.
Pilota biziegiak erabiltzen direla ere esaten da, espektakuluaren mesedetan.
Bai, izan dira urte batzuk pilota bizi-xamarra erabili dena. Ez dakit, inertzia kontua ere izango zen, pilotari batzuei ere hobe zihoazkien pilota klase horiek, pilota motelxeagoekin batzuetan partidak oso astunak eta luzeak egiten baiziren. Jendeak martxa eta dinamika nahi du, ez da garai batzuetan bezala, frontoira joan eta lau ordu egoten. Orain ordu t'erdian aspertu egiten da jendea eta kito. Egungo kirol guztiek abiadura eskatzen dute, horren bila pilota bizituz joan da, eta seguru asko eskutik ihes egin digu. Baina azken bi hilabete inguruan nabarmen jaitsi da materiala, ez du hain bote altua eta pilotari klasikoari gehixeago laguntzen dio.
Telebistan erretransmititzeak noraino eragin dezake kirol baten etorkizuna? Gaztela eta Leonen hasi zineten, eta urtebetera torneo bat antolatu da han.
Han afizioa betidanik egon da, baina egia da hor belaunaldi galdu bat dagoela. 50 urtetik gorako jendeak jokatu du Gaztelan pilotan, frontoi txikiak herri gehienetan daude, baina geroztik tradizioa eten egin da. Errekuperatzen ari da, eta telebistaren bitartez pizten ari da.
Telebista eskaparate handiagoa da, eta gaur egun kirol profesionala antolatuta dagoen bezala, nahitaezkoa. Profesionalen diru-iturri nagusia, jendeaz aparte, publizitatea da. Eta publizitateak euskarri bat behar du, kasu honetan telebista. Alde horretatik pilotariek euren estatusa izugarri igo dute azken hamar urteotan. Telebistagatik ez balitz, orain hamar urteko iturriekin (sarrera eta apustuekin, alegia) pilotariek ez lukete laurdena ere irabaziko.
Herri kirol guztiak izan daitezke telebisibo, edo ezaugarri batzuk behar dira?
Ez dakit denak diren. Batzuk badaude telebistak ongiegi tratatu ez dituenak. Baina pilotak baditu abantaila batzuk: gure unibertsoa txiki samarra izanda ere, pilota unibertsal samarra da. Euskal Herri osoa hartzen du, eta gainera inguru handi xamarra: Frantziako Estatuan, eta batez ere Espainiakoan. Horrez gain, mundu guztiak ulertzen du. Beste herri kirol batzuk ez dira hain zabalduak. Harri-jasotzaileen kasuan, esaterako, mundu guztian badago halako zerbait, baina nire herrian bertan hiru bakarrik izan dira (Perurena aita-semeak eta Saralegi). Naturak edo kapritxoak nahi izan du Leitzan hiru ateratzea, eta hirurak munduko onenak (horrelakoak gara gure herrian!). Baina ez dago halako tradiziorik Nafarroan, harri-jasotzaileena beti Gipuzkoa eta Bizkaia inguruko kontua izan da. Beste kirol batzuekin berdin. Orain gutxi ETBn ikusiak ditut Iparraldeko herri-joko batzuk. Orga-jokoa, edo lasto fardoak sokaz tenkatuta igotzearena... oso ikusgarriak dira, oso plastikoak, baina oso noizbehinkako ikuskizunak.
Partidak erretransmititzea inprobisaziozko lana da. Erabat bat-batekoa da, edo zer heldu-leku dituzue?
Edozein lanetan bezala, aurretik prestatu egin behar da. Badakigu zein pilotarik jokatuko duten, eta astean zehar pilotari horien gorabeherak errepasatu egin behar dira, eta aurretik egindako partida ikusi ere bai. Nik larunbatetako partidak bakarrik ikusiko banitu, nire inprobisazio lana askoz zailagoa litzateke. Aurretik prestaketa lan bat badago, beraz, baina erretransmisioa azkenean beti da inprobisazioa. Askotan gauzak hobeto ateratzen dira gutxi prestatuta joanda gainera! Gertatu izan zait, partida bat bereziki garrantzitsua delako mila daturekin joan, ordenagailu portatila ondoan jarrita, eta azkenean bazter guztiak nahastea!
Ordu eta erdi hori nola bizi duzue? Lasai patxadan ikusten ari zaretenaren inpresioa ematen duzue...
Hasieratik planteamendua horrela egin nuen. Horretarako deitu nuen Ogeta. Lehendik beste batzuekin froga egin nuen, baina Ogeta eta biok elkar oso ondo hartzen genuen: berak asko zekien, eta ni lagun, biok elkarrekin partida bat komentatzen ariko bagina bezala zen, mundu guztia entzuten ari zitzaigula jakinda ere. Eredu asko aztertu nituen, nola egiten ziren futbol erretransmisioak toki batean... Eta bestean, eta uste dut jendeak azkenean horixe nahi duela: gauzak esplikatzea, baina oso garbi esan gabe esplikatzen ari zarenik. Komentario hutsak egin, eta ikusleak jasoko du zure azalpena, oso tontoa ez bada. Hala ere jendea ez da konforme egoten: batzuk diote gu baten alde gaudela... Inoiz ez gara saiatu ere egin gure preferentziak ezkutatzen.
Zein da komentarista egokiagoa, pilotari izandakoa edo egun badena?
Pilotari ohia interesgarriagoa da komentarioak egiteko. Hasteko, gehiago daki. Pilotari gazteek erreparo handia izaten dute lagunen akatsik ez esateko, edo ezkutatzeko. Gu ere saiatzen gara ondo egindako gauzak esaten eta azpimarratzen, positiboki jokatzen. Baina batzuetan nahitaezkoa da, oso gaizki jokatzen ari bada. Pilotari izandakoak askeago sentitzen dira, azkarrak baldin badira. Izan ere pilotari izandako asko, oso erretxinduta egoten dira, eta ez dute askotan oso ikuspegi positiboa izaten.
Ogetarekin bikote ederra osatzen zenuen. Nor zen Ogeta?
Pertsona erakargarria zen oso, oso eskuzabala, eta mundu guztiarekin sinpatikoa. Bera hain pilotari ona izanik, pilotari ez hain onak ikusi arren, mundu guztiari aurkitzen zion zerbait ona aipatzeko. Asko sentitzen dut bere heriotza.
Pilotako oso esakera aberatsak erabiltzen dituzu...
Denbora dudanetan bisita egiten diot hemerotekari. Terminologia hori asko aldatu da denboran zehar, orain dela 50 urteko egunkarietan gaur erabiltzen ez diren lokuzioak-eta erabiltzen ziren. Saiatzen naiz interesgarriak iruditzen zaizkidanak eta nik neronek entzunda neuzkanak berreskuratzen. Oso tokian tokiko terminologia izaten da askotan, eta zerbait ezberdina entzuten diogunean jendeari, apuntatu egiten dugu. Arazoa horixe da: lokalismoz jositako hizkuntza dela pilotarena, eta beraz beti dago norbait kargu hartzen dizunik, "hori ez duk horrela esaten, horri halako esaten zaiok betitik!". Gertatzen dena da, nire terminologia guztia euskarazkoa dela. Eta egia da horietako batzuk gelditu egin direla gaztelaniazko hizkeran, eta erreparorik gabe erabiltzen ditugu gainera, "dejada al txoko" bezalakoak. Baina beste asko, erdaldunei entzun behar nola esan jakiteko. Euskarakadak ere alde egiten didate, batzutan ohartuta. Baina badakit gure entzuletako asko euskaldunak direla, eta beste askok, euskaldunak ez badira ere, euskara oso hurbilean dutela (etxean bertan). Logroño edo Zamorako entzuleek ere, nik uste onartua dutela pilotaren substratua euskarazkoa dela. Beraz, ez naute batere kezkatzen euskarakadek.
Aurtengo Munduko Pilota Txapelketak zer esan handia eman du Euskal Selekzioa dela eta ez dela...
Urte honetan eraso dezente datozkigu, eta uste dut Mundu Txapelketakoa ere hortxe kokatu behar dela. Nazioarteko Federazioak bazuen ahalmena Euskal Selekzioa onartzeko, baina ez dute nahi izan. Gainera ez dut ulertu zergatik jokatu den hain kaskagogor. Gauzak askoz ere samurrago egin zitezkeen, inor bortxatu gabe.
Bestalde, buelta pare bat eman behar zaizkio afizionatu mailan egiten den Munduko Txapeketa horri, gero eta zentzu gutxiago ikusten baitiot. Kasik atzerantz doaz, konpetizio mailan. Garai batean oso interesgarria izan zen euskaldunen diasporako jendea biltzeko, pilota eta euskal etxeak uztartzeko. Baina gaur egun ez du zentzurik Frantziako Federazioa eta Espainiakoaren arteko lehia izateak, ea nork irabazten dituen domina gehiago. Eta gero espezialitate batzuetan argentinar eta mexikarrak sartzen dira tartean, kubar interesgarriren bat ateratzen da, eta kito. Frontoi motzean gertatu direnak, ez dira aurkezteko moduko gauzak (22-0, 22-1...), hori ez da maila handiko lehiaren seinale. Ez du batere interesik, eta eskuzko profesionalentzat ez dakar prestigio berezirik munduko txapeldun izateak.