Datorren urtean ospatuko da Nafarroaren Eguneko 25. edizioa. Zertan dago gaur egun euskal kultura Baxe Nafarroan? Mugaz bi aldeetako nafartarren arteko harremanak garatzeko eta azkartzeko xedea zertan gelditu da 25 urteren buruan?
Euskal kulturaren egoera aipatzerakoan, gure lehen begirada euskararentzat izanen da. 1996ko inkesta zoziolinguistikoak erakusten zuen baxe nafartarren %64ek euskara bazekitela guti edo aski, bainan lehen sendimendu baikor hori laster zalantzan ezartzen digu euskaradunen adin piramideak. Gazteek euskara galtzen dutela eta urteen eragina arranguragarria dela argiki erakusten daukute 91ean eta 96an egin bi inkestek. Pentsatzekoa da aurten argitaratuko den inkestak baieztatuko baizik ez duela tendentzia nagusi hori, galtze prozesuaren abiadura dagoelarik galde bakarra.
Alta, ez dira hemengo eskualdun militanteen iniziatibak eta lanak ttipitu azken urte hauetan. Lehenik ikastolen presentzia hedatu eta sendotu da: ikastola berri bat eraiki da Amikuzen eta aurten beste bat eraikiko da Donibane Garazin, ahantzi gabe Oztibarreko ikastolan lehen maila idekitzen dela eta Donaixtiko kolegioak segitzen duela handitzen.
Euskararen eta euskal kulturaren erabilpena eta argitarapena laguntzen duten komunikabideetarako tresnak ere hor daude: Irulegiko Irratiak estudio berri bat ideki du Donapaleun eta Donibane Garazin beti kokatua den egongi berri eta zabalago batean sartuko da ondoko hilabetean. Bestalde, Aldudarrak Bideo elkarteak bere xedeak gauzatzen ditu eta urteetan zehar formatu dituen laguntzaileen sarea eta tekniko ekipa trebean oinarrituz Herri Telebista bat abiatzekotan da.
Kultura podukzioaren aldetik hor ditugu Pantzo Hirigarai eta Antton Lukuren ekarpenak, euskal antzerkigintzan batez ere, ahantzi gabe antzerki taldeei eta ikasleei laguntza baliosa ekartzen duten Larzabaleko Fuch anaiak .
Kultur guneak ere baditugu Baxe Nafarroan. Hala nola Oztibarre eta Amikuzeko euskal kultura sustatu nahi duen Izurako Haize Berri elkartea, mintzaldi, ikastaldi, ikusgarri edo erakusketak antolatuz, Hegoaldeko produkzio eta kultur eragile zonbait ezagutaraziz. Garazikus elkarteak bere aldetik Donibaneko zine gela eta Izpurako Fauxtin Bentaberri ikusgarri gelaren inguruan hartu du kultur zentro baten hedadura, eta urtetik urterat, euskal kulturari toki gero eta garrantzitsuagoa eskaintzen dio.
Nafarroaren Eguna erreferentziatzat hartuz, nola ez aipa dantza eta musika? Dantza talde ainitz daude Baxe Nafarroan, batzuk herriko besteetan libertimenduak eskaintzeko agertzen direnak, Lasan, Uharte-Garazin, Izpuran, edo Arnegin bezala eta besteak usuago ateratzen direnak: Bunuztar Xoriak, Bitindarrak, Burgaintzi, Garaztarrak eta Baigorriko Arrola. Azken horrek bere 60 urteak ospatu ditu joan den hilabetean eta Baxe Nafarroako dantza talde zaharrenak bere sendotasuna erakutsi du egun hortan, 150 bat dantzari ohi eta berri elgarretaratuz, baita dantzaren eragina beti azkarra dela Baigorriko Ibarrean .
Mugaz gaineko harremanak?
Bainan zertan gelditu dira lehen Nafarroaren Egunekin bultzatu nahi ziren mugazgaineko harremanak?
Herrien arteko binazkatzeak abiatu ziren karraska handian: Urepele Zarrakaztelurekin, Baigorri/Tafalla, Garazi/Lizarra, Donapaleu/Zangoza, Gamarte/Lizarraga, Aoiz/Behauze. Horietarik guti baizik ez dira mantendu, Herriko Etxeen eta elkarteen arteko elkarlan eta inplikazio eskasa edo ezinagatik gehienetan.
Hala ere, erran behar da gaiteroen eta dantzarien arteko kurutzamenduek eragina ukan dutela, eta, gaur egun, horietarik zenbait elkar juntatzen direla ikusgarri edo sorkuntza zenbaiten inguruan. Basaizea eta Baztango dantzarien arteko harremanak iraunkorragoa iduri duelarik. Azkenean, harreman personalak eta gertakari batzuen ingurukoak dira gehienbat gelditzen, bainan egin izan diren urrats guziak jende ainitzen gogoetan gelditu dira. Ondorioz, gaur egun instituzioen aldeko zenbait projektu agertzen dira.
Urepele eta Aldudeko eskolek Ezterribar eskolekin lan amankomun jarraiki bat abiatuko dute Interregen laguntzarekin. Bide berri baten idekitzeko xedea obratuko dute Elizondo eta Aldudeko herriko etxeek. Euskal Herriko Hitzarmen bereziaren bidez hizkuntza projektu trukatzeak sustatu nahi dira. Bestalde mugaz bi aldeetako eskualde urbilen arteko «Consorcio» delako bat xutik ezartzea ere aipatzen da.
Beraz, duela hogei urte agertu xedeak ez badira hastapenean pentsatu bezala beteak izan, ez dira hutsean gelditu eta gaur agertzen diren bide berriak segida zuzenekoak bezala ikusten ditugu.