Nikolas Ormaetxea «Orixe»ri gorazarre egin nahi izan zion ZERUKO ARGIAk bere 500. zenbakian, batasuna aldarrikatuz. Era guztietako idazlanak agertzen ziren hartan, Abandok, Amatiñok, Dionisio Amundarainek, Joxe Mari Aranaldek, Arostegitar Jokinek, Mikel Atxagak, Bozas-Urrutiak, Elustondok, Ibargoitik, Joseba Intxaustik, Xabier Letek, Anjel Lertxundik, Koldo Mitxelenak, Txillardegik, Mikel Ugaldek eta Aita Villasantek sinatuak. Helburua? Lehen orrialdean agertzen zuten hura: «Orixe-ren omenez eta gorasarrez egiten dugun bostehungarren aleak batasunera, alderdi guztietako batasunera bultza egin diezaigula denoi».
«ORIXE»RI ZOR ZAION LEKUA
Besteak beste, «Santa Kruz Apaizaren» bizitza, «Euskaldunak» poema eta «Urte guziko Meza-Bezperak» meza liburua idatzi zituen gizonari omenaldi hura egitearen arrazoia azaltzerakoan, zera zioen Z. ARGIAk: «Orixe dugu oraingoan gaitzat. Ez noski, Jainkotzat eta denean eredutzat artu nahi dugulako. Orixek ere batasun-oiñarrietan zor zaion lekua behar duelako, euskal idazlerik onenekin batasun mahaian eserrarazi nahi dugulako eta euskeraren zerbitzuan bizia eman zuen euskaldunetako bat delako baizik. Beste edozein idazle on auta genezakean. Bat aukera behar eta au artu dugu».
Beharbada norbaitek ez ziela oraindik behar bezala ulertu eta, honakoa gehitzen zuten aldizkariaren arduradunek: «Ez dugu denean maixu eta gidaritzat jarri nahi izan. Orixezale direnei eta ez direnei eskatu dizkiegu lanak. Ez digute denek baiezkorik eman. Ez eta agindutako guztiek ere itza bete. Orixe-ren alderdi batzuk bakarrik, berriak ahal badadi, aipatuko ditugu. Ez zaigu erraza izan. Ez da giro Orixeri buruz itzegiten, aldeko edo kontrako itsu-itsuak eskatzen bait ditu gaur jendeak. Dirudienez denean onena eta denean txarrena dela esan behar bait da. Agian orregatixek ez dira asko ausartu lanak bidaltzen».
IKA-MIKA ZIPOTZAK KANPORATUZ
Zergatik hainbeste azalpen? Bada, beldur zirelako, hara! Eta hori, «Orixe»k, euskaldunon arteko borrokak, ezin konponduak, saldukeriak, burugogorkeriak eta gurutzeak gogorarazten» zituelako. «Etsaikeriaz eta fiakaizkeriaz betetako egoera larrian bizi gara. Orixe bera ere sakabanatzaille bihurrarazi dugu. Orixezale amorratuak, itzez behintzat, batzuk. Etsai porrokatuak besteak. Euskera bera ere, euskaldunon mintzaira izanik, sakabanatzaille gertatu zaigu aldi berean. Orregatik ez da aldizkari onen asmoa sakabanatzen gaituzten alferrikako eta kaltegarrizko ika-mikei su ematea. Ontan saiatu gara azken aldi ontan. Askok ez digute ulertu. Ez dugu beti asmatu eztabaida jakingarriei galga onean eusten. Baiña ortan ahalegindu gara».
Euskaldun guztiak batu nahi zituen Z. ARGIAk, nahiz ondotxo jakin horretarako zeuzkan zailtasunak. «Desberdinak gara zenbait gauzatan euskaldunok: siñestun eta siñesgabe, zuri, beltz eta gorri, ezkertiar eta eskubitar, aurrerakoi eta atzerakoi, baserritar eta kaletar, jakitun eta ezjakin, zahar eta gazte, mugaz emengo eta mugaz araindiko».
Nolanahi ere, Z. ARGIAren ikuspegitik, Pirinioen alde bietan bizi zen herri txiki hartako jendeak bazuen nonbait batzen zuen ziorik. «Bagera zerbaitetan bat: Euskaldun gara eta euskaldun menperatu gaiñera; gaitzetsiak, erkituak, minduak, erasotuak... urrituak... Orixek esango zukean bezala ‘Bidasoa-guraizez’ erdibiturik gaude, baiña bat izan nahi genduke. Erriaren aldeko indarrak sakabanaturik, baiña elkartu nahiz. Euskalki askoz zerbait urrundurik, baiña euskera bat egin asmoz. Sakabanaturik baiña batasun-egarri berean irrikatuta eta penatuta. Erria, Erriaren nortasuna, erriaren izkuntza, erriaren kultura, erriaren kondaira eta erritarren berdintasuna salbatzeko ametsez. Baiña guzti ortan bakoitza bere aldetik dabil».
Euskaldun guztien aldizkariak, ordea, «batzen gaituzten alderdi eta lokarriei eutsi nahi» zien, «batzen gaituen sua indartu», eta hori, «sakabanatzeak indarrak galarazten» dituelako. «Elkartasunaren indar ori egin behar luke gure arteko aldizkari batek. Bakoitzaren eskubideak, iritziak eta jokabideak onartuaz bakoitzak elkarrekin dugun kidetasuna indartu».
Hara zergatik jo nahi zuen Z. ARGIAk batasun bidetik. «Gero eta areago. Euskera batuak gero eta batuago egingo gaituen itxaropenez. Sakabanatzen baino elkartzen gehiago ahaleginduz. Iritzi guztiak onartuz. Talde jakin bati lotu gabe. Ika-mika zipotzak kanporatuz...»