Rogelio Botanz Legazpin jaio zen 1956an. Duela hogei bat urte Tenerifen bizi da. Patu petralak -soldadutzak, kasurako- Kanaria Uharteetara eraman zuen; artean, maisu ikasketak burutzen zituela. Irakaskuntza du ogibide. Musika, berriz, bizibide. Musika ibilbide oparoa urratu du dagoeneko. 1985ean «La nueva canción canaria» diskoa plazaratu zuen Andrés Molina eta Pedro Gerra kanariarrekin. Hauekin osatu zuen «Taller de Canción Canario» delakoa, halaber. «Castillos de arena» diskoarekin bakarkako ibilbideari ekin zion. Iaz, «Tiempo» diskoa argitaratu zuen. Joan berri den uda honetan, ibilbide berezi honi buruz jardun ginen Legazpiko Mirandaola auzoan.
«CONCHI LA CANARIA».
Pertsonon geroa ez da patuak seinalatzen digun bidearen araberakoa izaten beti, patua petrala izanagatik ere: «Uharteetara joan behar nuela jakiteak izugarri kolpatu ninduen, oso urrun baitziren. Pixka bat izutu nintzen arren, ‘eutsi motel!’ esan nion nire buruari eta aurrera», gogoratzen du Rogeliok. Maisu ikasketako hirugarren urtean ari zen eta, halabeharrez edo -patua ez baita beti zorigaiztokoa- «Conchi la canaria» izeneko ikaskide bat ezagutu zuen: «To, bada, ‘La canaria’ deitzen bagenuen, kanariarra izango da, pentsatu nuen uharteetan bi hilabete neramatzala. Conchiri deitu nion, eta hark gaztedi kanariar sentikorrenarekin jarri ninduen harremanetan. Urte haietan eskolako maisuak, alegia», diosku hunkiturik.
Euskal Herriko egoera halatsu gogoratzen du baita ere. Irakaslegaiak euskara irakaskuntzan eman zedin manifestatzen ziren. Borrokarako giroa izugarria zen eta irakasleek modu berezi batez borrokatzen zuten: «Euskara ikastea erabakigarria zen, orduan aparejadore edo mediku batentzat, adibidez, ez zen horrela. Guretzat berealdikoa eta erabakigarria zen ordea».
Euskaldunon kolonian murgildu zen, baina gainontzeko euskaldunek ez bezala, Rogelio beste era batez hurbildu zen Kanarietako errealitatera. Soldaduek lantzen ez zuten harremana landu zuen ia hasieratik, eta, ondorioz, modu ezberdin batez ezagutu zuen hango giroa: «Garai hartan, Santa Cruzera ‘guaguaz’ jaisten ginelarik, auzo gatazkatsuetatik pasatzean, ez zen arraroa soldaduen ibilgailuak harrikatzea». Antonio Cubilloren MPAIAC taldearen garaia zen. Penintsulatik zetorren edonoren aurkako jarrera zegoen gizarte mugimenduetan.
Soldadutza bukatu orduko maistra batekin maitemindu zen: Soledadekin; bere lehen emaztea izandakoa. Artean, irakasle plaza atera zitzaion EAEn eta itzuli zen. Hasieran, Soledadekin Madrilen biltzen zen hilabetero. Gisa hartara ezinezkoa zitzaien harremanari eustea, eta elkarrekin bizitzea edo harremanari uztea zirt edo zart egin behar izan zuten: «Oso zaila egin zitzaidan mundu hau uztea. Ikasketak egin bitartean Hernaniko Altzueta baserrira joaten nintzen euskara lantzera, gogo biziz; euskara ikasi berria nintzen. Kanarietan geldi nintekeela pentsatzea... Uf!». Bolada baterako izango zelakoan onartu zuen, ezingo baitzuen bizi bestela. Egunen batean Euskal Herrira itzultzeko asmoz jarri ziren bizitzen Kanarietan.
Uharteak mundu babesgabea dira, espazioak txikiak egiten omen zaizkizu, burua egokitu beharra daukazu. Gero, bertan bizitzean, ez omen da horrela, baina irudipen hori daukazu hasieran, eta areago duela 25 urte, «Soldadutza madarikatu hark» eraman baitzuen Rogelio hara.
TALLER CANARIO DE CANCION.
Musikaren ibilbidean nolabaiteko bidea eginda iritsi zen uharteetara: «Nolabaitekoa, eh!, txikia. Transzendentziarik gabeko bidea, han hemenka ibilia eta grabazio txikiren bat egina nintzen...». Jose Ignacio Aranbururekin kantatzen zuen, probintzian barrena ateratzen hasiak ziren. Kantu ingelesak gaztelaniaz abesten zituzten; Bob Dylan-enak, kasu. Laster hasi ziren euskaraz abesten: «Gabriel Arestiren 'Nire poesia' kantua orduan hasi nintzen lantzen, ‘Harri eta Herri’ liburuarekin eta autorearekin oso identifikatua nintzen aspalditik». Uharteetan bi aukera zituen: euskaldun gisa aritzea, hau da, kanariarrei euskaraz abestea edo kantua lantzea bertako kulturaren bidean: «Inork ez zekien nik abesten edo kantuak egiten nituela. Poeta kanariarren letrak musikatzea erabaki nuen». Kantu hauetako batzuek Taller Canario de Canción delakoan berealdiko eragina izan zuten, baita bere bizitzan ere. «La Maleta» esaterako, ereserki eta bandera da egun, «hala ere, kantu hori egin nuenetik publikoki kantatzen hasi nintzen arte urte asko pasa ziren». Zergatik? «Gauza bat delako euskaldun bat kanariar batekin maitemintzea, bertan gelditzea, eta beste gauza bat da, zu haiei kantatzera joatea (irriak); eta are gehiago bere gauzez kantatzea. Pentsa, ni nire kantuekin noa -‘Nire Poesia’ kantuarekin, kasu-, eta berez zaila bada, haiena kantatzea are zailagoa da oraindik».
«La Nueva Canción» deritzan kantu generoak parametro batzuk ditu, eta bizitzen duzun errealitateak ematen dizu parametro hauetako bat: «Euskalduntze prozesua, euskaldun izatea, borondatezko nahikaria da, aukera bat: euskaldun izan nahi dut. Eremu batera ailegatzeko burutu behar duzun bidea da. Euskal Herrira iristeko hasitako prozesuan bete-betean ari nintzela hasi nuen Kanarietarako prozesua. Niretzat jarraipen bat izan zen. Hemen hasitakoak izugarri lagundu zidan hango errealitatera iristeko. Prozesua berdina zen. Gabriel Aresti ezagutzen hasi berria nintzen eta Pedro Garcia Cabrerarekin jarraitu nuen».
1983. urtean errepertorio bat osatzen hasi zen. 1984an -bere burua ezagutzera ematen hasia zela- Andres Molina ezagutu zuen, La Matanza de Sendejo herriskan ezagutu ere, kanariarren garaipenaren urteurrena ospatzen zen egunean. Oso herriska berezia omen da, espainolek suntsipen izugarria jasan zuten han. 3.000 soldaduko armada batek 1.000 galdu zituen guantxeen aurka: «Hantxe aurkeztu nion Andresi nire burua, lotsaturik. ‘Baina, baina, zer arraio abestuko du godo honek?’ pentsatuko ote zuen beldurrak nengoen, ‘godo’tzat hartuko ote ninduen beldur nintzen», gogoratzen du legazpiarrak.
«Godo»arena, denborarekin zehaztuz doan kontua da. Alabaina, uharteetako mundura hurbiltzean berak ere hauxe entzun izan du askotan: «Bai, baina zu ez zara hemengoa». Andresek Pedro Gerra aurkeztu zion: «Pedro eta Andresengandik egundo ez dut halakorik entzun, ez sentitu ere. Beste batzuengandik bai, baina bi lagun hauengandik sekula ez».
1985ean, La Matanza de Sendejon buruturiko bigarren topaketaren karietara tailerra gauzatzen hasi zen. Ez dok amairuk eragina zuen Rogeliorengan urte batzuk lehenago, «alegia, errezitala banaka eman ordez, jendea aspertu beharrean, zergatik ez kantuak abestu elkarrekin, ahotsak egin, perkusioa sartu hemen, gitarra hor...?» Horrela sortu zen «Taller» delakoa. Nola deitu, ordea?: «Taller Canario de Canción?». Ez! «Taller de Canción Canaria». Kanturako tailer bat zen eta Kanarietan zenez, kanariarra: «Geroko irakurketa bat da hau, tailerra desegin ondorengoa. Izan ere, nik han aurkitu nuen euskarria aurkitu gabe ezin izango nien kanariarrei bere gauzez kantatu. Pedro eta Andresek onarturik, inor ez zen ausartu esatera: baina zer egiten du ‘godo’ batek zuekin abesten?».