Umetan komikitako txikito bihurria zinen? Edo, bestela, sudurra komikiei itsatsita pasatu zenuen haurtzaroa?
Lanbide hau era berean zaletasun bat da, gustatzen zaidan horretan lan egiteko zortea daukat. Ni txikitan, eskolan irakasleei karikaturak egiten aritzen den horietakoa nintzen. Hamar urterekin irakasleak harrapatu egin ninduen, mahai azpian marrazten ari nintzela, bere azalpenei kasu zipitzik egin gabe eta sekulako zartakoa eman zidan.
Komikiak marrazten genituen lagunon artean aldizkari klandestino bat ateratzen genuen. «El mondongo» zuen izena, eta umorezkoa zen. Bost urte iraun zituen, irakasle batek harrapatu zigun arte. Akabo mondongoa!
Festak eta antolatzen genituenean, nik egiten nituen kartelak. «Txotxongilo egilea» nintzen, nolabait.
Zer komiki irensten zenituen txikitan?
Ni «Super Lopez» en zaletu itsua nintzen. «Mortadelo y Filemon» eta «Asterix» ere oso gogoko nituen. Umore-umorezko komikiak gustatu izan zaizkit beti. Ez hainbeste super heroien abenturazkoak. Umorearen barruan, «kafre» xamarra dena, ez «Tintin»en umore serioa.
Lanbide hau ez denez akademian ikasten, bakoitzak eredu batetik edaten du. Nik komiki horietan erreparatzen nuen. Nola egin karikatura bat? Sudurra handituta, edo eskastuta...
Komiki horiek zenituen marrazteko eredu. Baina istorioa, edo txistea sortzen nola ikasi duzu?
Hor ereduek ez dute hainbeste laguntzen. Norberari irteten zaion zerbait da. Umorea oso pertsonala da. Bati grazia egiten ez dionak, beste bati ez dio ezer esaten, eta alderantziz. Batzuek pastela aurpegira botata algara egiten dute, umore kolpe horrekin. Eta beste batzuei umore sakonagoa, ironikoagoa gustatzen zaie.
Ez dut sinesten umorearen nazionalitatean. Sarri egiten den sailkapen horrek, umore ingeles, andaluz eta abarrek, ez didate balio. Umorea gauza pertsonala da. Nortasunarekin dago lotuta.
Zuri zer umore klasek egiten dizu grazia?
Niri bi klaseak gustatzen zaizkit. Umore kolpea, eta ironia. Umore kolpea askoz zuzenagoa da. Ironiarekin hausnarketa bat botatzen duzu, ziri eta guzti. Eta hor geratzen da, irakurleak harrapatu eta bere gogoeta egin dezan. Politika eta antzerako gaiak lantzeko, gehiago identifikatzen naiz ironiarekin.
Noiz bihurtu zen komiki irakurlea komikigile?
Umetan zaletasun hutsa zen marraztea, eta ez zitzaidan iruditzen sekula lanbidea bihurtuko zitzaidanik. Horregatik egin nuen enpresaritza. Ez nekien zer ikasi, eta oso karrera zabala da (letretatik zenbakietarainokoa).
Karrera ikasten ari nintzela, «Diario de Navarra»n kolaboratzen hasi nintzen, astean behin Osasuna futbol taldeari buruzko marrazkiak eginez. Karrera bukatzean proba egin genuen, egunero tira bat ateratzen.
Ikasle pisu batean gertatutako istorio sail bat sortu zenuen. Zure benetako esperientziak agertzen al dira hor?
»Diario de Navarra» unibertsitateko gehigarria ateratzen hasi zen. Horri buruzko komikiak egiteko eskatu zidaten, eta nik garai hartan ikasle bizitza neraman. Zaragozan egon nintzen, eta ikasle pisuak joko asko ematen zuela ikusi genuen. Egunero jende asko pasatzen da, nahaste-borraste handia dago...
Gainera nire filosofia da, unibertsitatea ikastea baino zerbait gehiago dela, bizimodu bat. Gauza berri asko deskubritzen dituzu urte horietan, alprojakerietarako urteak dira. Beraz, guri gertatutako istorioak dira, edo besteri entzundakoak... Azkenean, belaki lana da gurea. Asko behatzen dugu zer gertatzen den gure inguruan. Baina ez dira ideiak zehatz-mehatz kopiatzen, bizi izandako egoerak edo mementoak abiapuntu gisa hartuta sortzen ditut istorioak.
Nola sortzen da ideia bat?
Profesionala ez banintz, etorri bezala sortuko lirateke. Baina sortzailea den edozein lanetan bezala, ideiak lanean sortzen dira. Eguna zabaldu orduko adi egoten naiz egunkari eta irratiei. Beste kazetari bat bezala, albiste bila ibiltzen naiz, niri egunean eguneko txistea egitea gustatzen baitzait.
Behin albistea aukeratuta, zirriborroak egiten ditut. Egun batean hamar ideia on sortzen dituzu, eta hurrengoan bakarra ateratzearekin gustura! Gehien gustatzen zaidan ideia garbira pasa, eta hori da hurrengo egunean aterako dena.
Umorezko komikiak, formatu gisa, zer ezaugarri ditu?
Niretzat behintzat, zerbait kontatu behar dizu. Eta ondoren, barre eragingo dizun umorea eduki. Algara ez bada ere, irribarre bat marraztu behar dizu, edo gairen bati buruz txispaz pentsarazi. Mezu bat iritsi behar zaizu.
Nola joan dira aldatzen zure komikiak?
Hasierako marrazkiak lekutan gelditu direla iruditzen zait. Marrak sinpletu egin ditut, jada ez naiz hainbeste konplikatzen, eta erraztasuna hartu ahala, ez zait hainbeste kostatzen lan egitea.
Nola sortzen da karikatura bat?
Aurpegi bat karikatura bihurtzeko bere ezaugarriak hartu eta exageratu egin behar dituzu. Baina gero karikatura ikusita irakurleak ezagutu egin behar du pertsonaia zein den. Eta azkenik, karikatura horri mugimendua, bizia ematen badiozu, ez du bere nortasuna galdu behar. Esaterako, Miguel Sanzen karikatura bat egin dezakezu baina geldirik dagoela, eta antza izan dezake. Baina bineta batean barre eta negar egin behar du, harridura aurpegia jarri... Horrek bereizten ditu karikaturagile onak eta txarrak.
Gainera, karikatura bakoitza ere aldatzen joaten da. Pertsonaia publiko berri bat sortzen denean, ikusi hasieran egiten zitzaizkion karikaturak eta azkenekoak, eta beti dago aldaketaren bat. Argazkitik hasten zara. Baina karikatura ez da fisikoa bakarrik, bere portaera ere harrapatu behar du. Eta hori harrapatzen duzu, pertsonaiak publikoki nola jokatzen duen ikusten zoazen heinean.
Zer dakar egunkari batentzat sortzeak?
Gaueko hamarretarako lana bidali beharra daukat. Beraz, denboraren presioa daukat gainean. Beste presio bat da egunero zerbait sortu beharra, egun ona edo txarra izan, berdin. Bestalde, «Diario de Navarra» da Nafarroan gehien saltzen dena, eta ardura sentitzen duzu, hurrengo egunean jende askok irakurriko duelako zuk egindakoa. Hori alde batera gozamen handia da, ondo egindakoa askorengana iristen delako. Baina txarrerako ere bada. Baina hori ofizioak irakasten du, eta ez dut irakurleengan pentsatzen. Nork irakurriko duen pentsatzen hasiko banintz, ez nuke ezer egingo. Nik nire bidea egiten dut, eta komikietan, pentsaerarekin koherente izaten saiatzen naiz.
Hasierako nire beldurra zen egunero komiki bat eginda ideiak agortu egingo zitzaizkidala. Baina hamaika urte pasatu ditut jada, eta oraindik ez zait horrelakorik gertatu! Gakoa da, egunerokotasunari eusten diodala, eta egunero gertatzen da zerbait berria. Eta bilatu ere egiten dugu, ni behintzat, katuari bosgarren hanka aurkitzen aritzen naiz.
Ez duzu inoiz egunerokotasunaz kanpoko komikirik egiten?
Nik irakurle gisa, egunkari bati berritasuna eskatzen diot, ez aurreko asteko kontuen berri ematea. Eta komikiari ere bai, eguneko gaiari punta ateratzea dut gustuko. Gaixorik jartzen banaiz, hurrengo egunean ez dago komikirik eta kito. Laneko baja da hori.
Interneten web orri bat duzu. Zer asmorekin jarri duzu?
Esperientzia berri bat da. Oraingoz promozio gisa balio du, eta gauza berriak esperimentatzeko. Tebeo birtual bat egiteko irrika daukat. Jendea sartu, eta ideiak gehitu ditzala, komikiak irakurri eta pertsonaiak mugitu, bozkatu, interaktiboa izan dadila... Urtebete daramagu horretan eta pixkanaka lantzen joan nahi dudan proiektua da.
Bestalde, harreman bitxiak sortzen dira Internetez. Esaterako, Argentinako Euskal Etxe batetik mezu bat bidali zidaten lehengoan. Nire web orrian ikusi omen zuten marraztuta iruindar bat ardo zahatoa zintzilik eta zezenari eutsita zegoela. Haientzat hori omen da euskaldunen prototipoa, eta eskatu zidaten ea marrazkia utziko nien bandera bat egiteko.
Komikietan zirikatzaile aparta zara. Hori dela eta izan duzu arazorik?
Nik jada hortzak ondo zorroztuta ditut. Kontu pertsonaletan ez naiz sekula sartzen, bakean utzi beharreko esparrua baita. Baina pertsona batek publikoki egiten duenari punta ateratzea zilegi da.
Kexa asko jaso izan ditut. Gainera, egunerokotasunari eusten dioten komikiak izanik, arazoek tentsio altuena bizi dutenean argitaratzen dira. Eta horrek izorratzen du gehien. Hilabete geroago argitaratuko balira, arazoa erdi hoztuta legoke eta ez luke hainbeste azkura eragingo. Irakurleak eskertzen du uneko arazoaz barre egitea, baina komikiko pertsonaia denari une horretan egiten dio minik gehien.
Nik beti izan dut garbi pertsona bat onerako eta txarrerako dela publikoa. Erreportaje edo elkarrizketa polit batean agertzen direnean, koloreko argazkiekin, eta bere familia osoa edo ume txikia erakutsiz, gustatu egiten zaie publikoki agertzea. Beraz, gustatu ezta ere, onartu egin behar dute karikaturetan agertzea.
Gainera, herri honetan ez dago umore grafikoa egiteko tradizio handirik. Azken urteotan gero eta komikigile gehiago atera dira, eta horren eraginez pertsonaia publikoak ohitzen ari dira. Orain 10 urte edonor ausartzen zen karikatura bat egitera!
Zuri karikatura bat egingo balizute, zer?
Fenomeno! Badakit txantxetakoak direla, eta kito. Ofizio honetan jarduteko ematen adina jakin behar da jasotzen. Jende askok idazten dit edo gelditzen nau kalean kritikak egiteko. Esandakoak entzun, eta beraiekin ados egon naiteke edo ez, baina aurrera egiten jakin behar da. Ikasi egin behar da kritikak onartzen eta ziriei dutena baino garrantzia gehiago ez ematen.
Komikiak zer aukera ditu argitaratzeko?
Gu ume ginela tebeo eta istorio gehiago argitaratzen ziren. Telebista, ordenagailua eta medio berrien eraginez, komikiak asko urritu dira. Bestalde, prentsan asko ugaritu da komikia. Publizitate munduak ere marrazkilari asko hartzen ditu, eta telebistako marrazki bizidunek ere bai.
Zer da zuretzat umorea?
Giroa erlaxatzeko modua. Justu tentsioa sortzen duela badirudi ere. Zirikatu eta probokatu egiten duzunean, zuzenean zirikatu duzuna sutuko da, baina orokorrean, beste irakurle denek barre egiteko adina arnasa hartzen dute. Herri honetan dena bizi dugu tripetatik, gai denek asko eragiten digute. Eta umorearekin erlatibizatu egiten da dena, gauzarik serioenak ez dela hain serioa irudi dezake. Lehendakaria bizarra moztu gabe ikusteak, edo gairik serioenari barre egiteak tentsioa baretzen du.
Gai denak landu daitezke umorez, nahiz eta gai bakoitza ezberdin landuko duzun.
San Ferminetan Irrintzi peñako pankarta egiten duzu urtero...
Oso San Fermin zalea naiz. Peña bakoitzak gure pankarta ateratzen dugu, eta urtean zehar gertatutakoa marrazten dugu bertan. Bost metroko txisteak dira!
Festa guztietan zehar peña beti pankartarekin ateratzen da, berdin zezenetara eta poteora, eta ajoarrieroz eta ardoz zipriztinduta bukatzen du. Horrek zapore berezia ematen die pankartei