Igor Elortza bertsolaria honela mintzo zen «Zabalik»en egin zioten elkarrizketan bertso saioen eta bertsoak ikasteko moduen inguruan:
«Udan bat-batean botatzen diren bertsoak paperean idatziz gero, seguruenik halako ondorio batera helduko ginateke (Udan bertsoen maila apalagoa dela). Kontua da bertsolariok udan edo neguan betetzen dugun funtzioa ezberdina dela. Neguko jaialdiak formalagoak dira, jendea bertsoak entzutera joaten da propio, eta bertsoak ere hobeak izango dira seguruenik. Udan, jairik jai, modu arinagoan ibiltzen gara, eta jendeak bertso sakon-sakonak baino, nahiago ditu umore kutsuko bertsoak, morboa dutenak... Gertatzen dena da azken hori lortzea ez dela samurra izaten askotan. Urtaro bakoitzean bertsolarioi dagokigun funtzioa betetzen badugu, ordea, nik uste hori bertsoen kalitatean ere nabarituko dela, seguru. Eta horrekin konformatzen naiz. (...)
Duela hamabost urte hasi nintzen bertsolaritzan, eta orduz geroztik bide luzea egin du bertsolaritzak, eta etorkizunean ere perfekzionatzen joatea espero dut. Edozelan ere, funtsean gauza bertsuak irakasten direla uste dut, gero ere hala izaten jarraituko du (...)».