argia.eus
INPRIMATU
ZELULA AMAK AURRERA BEGIRA
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 16a
Joan zen astean zelula amak hainbat gaitzen sendabidean erabiliz lor daitezkeen aurrerapausoak aipatu nituen, bihotzeko infartua jasan ostean bihotzeko ehun kaltetuak berriro ere bere onera etortzeko eta bestetik Parkinson gaitzak jota dauden pertsonen garuneko zelula hondatuak ordezteko zelula ahalguztidun horiek duten gaitasunagatik.

Izan ere zelula amak horixe baitira, gorputzeko ia beste edozein zelula bihur daitezkeen tresna ahalguztidunak, gorputzean jadanik espezializatuak dauden ehun edo organo berezietako zelulen eginkizuna beren gain har dezaketen langile berriak.
Duela hilabete batzuk Iruñeko Klinika Unibertsitarioan hitzaldi bat eman zuen Catherine M. Verfaillek etorkizunerako bide oparoak aurreikusten ditu zelula amen ikerkuntza lerroak aurrera jarraitu eta gauzak, okertu ezean, adituek uste bezala gertatzen badira: oraingoz esperimentu arrakastatsuak lortu dira, baina ikertzaile amerikarraren esanetan, "oraindik ere ikerketa horiek sistematizatu egin beharra dago, eta orduan esan ahal izango dugu aurrerapen berrien sustraia izango direla". Batez ere akats entzimatikoen ondorioz sortutako gaitzak izango lirateke Verfaille-ren ustez aurrerapausorik handienak edukiko lituzketenak. Eta, hemendik urtebetera edo urte eta erdira ikerketa horiek bigarren fase batean sartuko direla onartu arren, giza ehunarekin harremanak dituzten gaixotasunak zelula amen bidez osatzeko esperantza edukitzeko, oraindik ere urte batzuk pasatu beharko direla uste du aditu horrek. Dena den, ikerketekin aurrera jarraitzearen premia azpimarratu zuen