MAKINAK KOIPEZTATU BEHARREAN

  • Bizitza osoan euskaraz ikasi ondoren, urtero milaka eta milaka gaztek ezin ditu Lanbide Heziketa ikasketak euskaraz egin, D ereduaren eskaintza txikiegia baita. Ikasle euskaldunok, gainera, ia gehienetan praktikak gaztelera hutsean egitera behartuak izaten dira.

2021eko uztailaren 16an

Emaitza kaskarrenak lortzen zituzten ikasleak ziren orain urte batzuk Lanbide Heziketa ikasten zuten bakarrak. Orduan klaseak gaztelera hutsean eskaintzen ziren, eta euskarak ez zuen lekurik. Baina azken urteotan lan munduak puntako aurrerapen teknologikoak bereganatu ditu, eta enpresek orain, besteak beste, elektronika eta informatika zikloetan trebaturiko gazteak behar dituzte. Bere garrantziaz oharturik, erakunde publikoek Lanbide Heziketa berdiseinatzeko eta diruz laguntzeko zenbait plan abiarazi dituzte.
Hau da, azken urteotan heziketa profesionalak prestijio soziala eskuratu du, baina euskararen erabilera ez da neurri berean hazi Euskal Herriko ikasgela eta tailerretan. LHko Erdi eta Goi Mailako zikloetan euskarazko eskaintza gero eta zabalagoa izan arren, oraindik milaka dira urtero beste ikasketa batzuk hautatzera edo A ereduan izena ematera behartuak diren gazte euskaldunak, hiru administrazioek D eredua behar bezala prestatu ez dutelako. Gutxi dira, beraz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzerakoan LHko Erdi Maila euskaraz ikasi ahal dutenak. 2000-2001. ikasturtean, esate baterako, Hegoaldean DBHko gazteen %34'5k euskara hutsean ikasi zuen, baina 2001-2002an Lanbide Heziketako ikasle guztien %10'9k baino ezin izan zituen klaseak euskaraz jaso. Kontuan izan behar da Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat, DBH amaitzen dutenen erdiak LHren aldeko hautua egiten duela. Halaber, Batxilergoa ikasi ondoren ikasleek LHko ikasketei heltzeko aukera berri bat dute, baina hauen egoera ez da gozoagoa, Goi Mailako zikloetan ere D ereduaren eskaintza eskaria baino askoz murritzagoa baita.
Ipar Euskal Herriaren kasua kezkagarria da oso, eskaintza osoa frantsesez baitago, eta gazte euskaldunek ez dute bertan beren ama hizkuntzan ikasteko eskubiderik. Horregatik Seaskak mugak gainditu, eta Lea-Artibai ikastetxearekin hartu-emanak izan ditu bere ikasle batzuk Lekeition LHko ziklo bat ikas dezaten. Hegoaldean egoera hobea da, baina kasu askotan hutsaren hurrengoa. Araban, esate baterako, 2000-2001 ikasturtean DBH eta Batxilergoa, hurrenez hurren, ikasleen %23'9k eta %27'2k euskara hutsean egin arren, hurrengo ikasturtean ikasle horien %1'5k baino ezin izan zuen hizkuntza berean LHko ikastetxeetan trebatu. Eskariaren eta eskaintzaren arteko aldea deigarria da, eta horregatik urtero ehunka gazte arabarren hizkuntza eskubideak urratuak izaten dira. Hala eta guztiz ere, Araba ez da salbuespena; 2001-2002 ikasturtean Bizkaian ikasleen %5'2k soilik ikasi ahal izan zuen bere etorkizuneko lanbidea D ereduan, eta Gipuzkoa itsuen artean begibakarra da (%30). Nafarroan Sanzen Gobernuak ezikusiarena egiten du, eta iturri ofizialek plazaratu zutenez, joan den ikasturtean hezkuntza profesionala ikasi zuten guztiak G ereduan aritu ziren, ikasgai guztiak gaztelera hutsean eskaintzen den ereduan, alegia. Dena den, zenbait irakaslek eta LAB sindikatuak egin azterketen arabera datu horiek faltsuak dira, 2001-2002an Nafarroako ikastetxeetan euskaraz ikasteko aukera izan zelako, nahiz eta aukera oso txikia izan: herrialde osoan 20 gaztek soilik izan zuten D ereduan ikasteko aukera, hots, ikasle nafar guztien %0'37k. Pribilejiatuok Iruñeko Donapea Institutuan Administrazioa eta Finantza ikasketak burutu zituzten. Gainera, beste 104 gaztek Lekaroz-Elizondo eta Berako Toki-Ona ikastetxeetan A+D izeneko ereduan trebatu ziren. Bide batez azaldu, eredu honetan irakasleak azalpenak euskaraz eta gazteleraz eskaintzen dituela. Administrazioak aurreikusi eskaintza euskalduna, beraz, ez da urrundik ere nahikoa. Gainera, Sortzen Nafarroako irakaskuntza publikoko elkarteak egin inkesta baten arabera, hastear den ikasturtean DBH eta Batxilergoa euskara hutsean egin duten 452 gaztek LH ikasketak burutuko dituzte, eta beraz gehiengoak eredu erdaldunera derrigorrez jo beharko du, edo beste ikasketa batzuk aukeratu.
Euskal ikasgela eta tailerretan gure hizkuntzaren erabilera nahiko murritza izan arren, ingelesezko irakasgaiak gero eta gehiago dira. Bizkaiko LHko ikastetxe pribatuak batzen dituen Hetel elkarteko lehendakari Markel Arizmendi eredu eleanitzaren aldekoa da: "Irakasle guztiak euskaldunak izan beharko lirateke, eta ikastetxe bakoitzak tokian tokiko egoera soziolinguistikoaren arabera prestatu beharko luke bere euskarazko eskaintza. Baina gaur egun garrantzi gehien duena eredu eleanitza abiaraztea da".


Oztoporik nagusiena, euskarazko ikasmaterial falta.


Lanbide Heziketaren erraiak ondoen ezagutzen dituzten irakasleen iritziz, euskarazko material gutxi dago, eta hori da normalizazioak duen oztoporik nagusiena. Argitaletxeek balizko erosle gutxi dituzten euskarazko liburuak kaleratzeari ez deritzote errentagarri. Horren harira, D eta B ereduetako ikasleak gutxi izateaz gain, adar edo ikasketa askotan sakabanaturik daude, eta argitaletxeok ez dute Lanbide Heziketaren inguruko testuak publikatzeko ohiturarik. Beraz, EAEn erakunde publikoek erantzukizuna hartu behar izan dute, eta egun Hezkuntza Saila da euskarazko liburuen sorrera gehien sustatzen duena. Izan ere, Sailaren beraren baliabideen bitartez EIMA programaren deialdiek dagoeneko 30 testu sortzen lagundu dute, eta lanok Interneten nahiz paperean ikasleen eskuragai daude. Halaber, IRALE programak zenbait ikastaro aurreikusten du, kasuan kasu, irakasleak alfabetatzeko edo beren euskara maila hobetzeko. Programa honen azken helburua irakasleek beraiek liburuak sortzea litzateke, eta orain arte beste 30 lan inguru ekoitzi dituzte. Gainera, Lanbide ekimenak irakasleek beraiek zehaztutako liburuak euskaratzea du helburu, eta orain bizpahiru urte Hetel-ek eta Ikaslanek (Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen elkartea) abiarazi zuten. Elhuyarrek itzulpen lanak bere gain hartzen ditu, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek ekimena diruz laguntzen dute.
Dena den, joan den apirilean LABek "Lanbide Heziketa eta lan mundua euskaraz" lelopean antolatu jardunaldietan parte hartu zuten jakitunen hitzetan, Eusko Jaurlaritzak ia ez ditu LHko ikastetxeetan bere ekimenak ezagutzera ematen, eta ikasle nahiz irakasleek gutxitan dute horien berri. Bide batez, EIMA programak sortutako ikasmateriala www.elhuyar.com webgunean ikusgai dagoela aditzera eman zuten parte-hartzaileek, eta Lanbide ekimenekoak, berriz, www.hetel.org helbidean. Dena den, instituzio publikoak ez dira euskarazko testuen sortzaile bakarrak, zenbait irakaslek beren kabuz materiala euskaratu baitute, batez ere ordezko irakasleek. Ildo horretan, irakasleok dira nagusiki ikasmateriala euskaratzeko ardura dutenak, nahiz eta lan baldintza kaskarretan lan egin. Badirudi, beraz, ordezkoen lan egoera hobetzeak testu euskaldun gehiago sortzea ahalbidetuko lukeela.
Ildo horretan, LAB irakaskuntzako nazio komiteko partaide Jose Luis Fernandez Maureren iritziz, "Eusko Jaurlaritzak euskararen egoera normala balitz bezala hartzen ditu erabakiak. Gainera, beti errentagarritasunari begiratzen dio, baina guk behin eta berriz esan diogu hezkuntza ez dela dirua lortzeko alorra, gauza garrantzitsuagoak jokoan baitaude".


Praktikak euskaraz egin ahal izatea, zorte kontua.

Hiru hilabetean behin egin behar dituzten azterketez gain, LHko Erdi nahiz Goi zikloetako ikasleek praktikak ikastetxeen inguruko enpresetan burutu behar dituzte, baita ia beti gaztelera hutsean burutu ere. Gipuzkoari dagokionez, oraino ikastetxeek eta enpresek ez dute euskararen inguruan inolako hitzarmenik sinatu. Ikaslan elkarteak Gipuzkoako 25 ikastetxe profesional batzen ditu, eta bertako kide Estanis Osinalderen hitzetan, "gure herrialdean LHren eta lan munduaren arteko harremana nahiko estua da, baina euskarari dagokionez, eten handia dago, enpresa euskaldun gutxi dagoelako. Ikaslan ikasle euskaldunek praktikak inguru euskaldun batean egin ditzaten saiatzen da, baina gehienetan enpresaren aldetik ahozko hitzarmen bat baino ez dugu lortzen".
Ildo horretan, LABeko kide Fernandez Maurek euskarazko hezkuntza ereduak indartzen jarraitzea ezinbestekotzat jotzen du, eta lan harremanak euskalduntze bidean LH "sektore estrategikoa" dela azpimarratu: "Zentzurik al du enpresetan euskalduntzeko planak garatzea, etorkizunean bertan arituko diren gazteek euskaraz ikasteko eta praktikak egiteko aukerarik ez duten bitartean? Administrazioak erdaldunak gutxiengo diren klaseetan gaztelera nagusitu dadin presionatu beharrean, euskara positiboki diskriminatu beharko luke". Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak oraino ez du Lanbide Heziketan euskara arautuko lukeen plangintzarik abiarazi, baina ikastetxeek eta sindikatu abertzaleetako kideek legeriaren beharra azpimarratu dute behin eta berriz. Beraien iritziz, Euskal Herri osoa hartuko lukeen planak, lehenbizi, publikoarekiko harremanak dituzten lanbideen ikasketak (besteak beste, Administrazioa eta Osasungintza) euskaldundu beharko lituzke, eta eskualde eta adar guztietan euskara bermatu. Praktikei dagokienez, euskara planak abian dituzten enpresei lehentasuna eman beharko litzaiekela adierazi dute.


Azkenak
Lore Lujanbio
“Zaintza lanak ez dira jarduera zehatz bat; produkzio-erlazio patriarkalek ekoizten dituzte”

Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]


2024-12-26 | Leire Ibar
Nafarroak garraio publikoaren %50eko deskontuak ekainera arte mantenduko ditu

Garraio publikoaren %50eko deskontuak sei hilabetez luzatuko ditu Nafarroako Gobernuak, 2025eko ekainaren 30era arte. Espainiako Gobernuak garraio-txartelaren kostuaren %30 hartuko du bere gain, eta Nafarroako Gobernuak %20. Aurreko urtearekin alderatuta, 2024ean garraio... [+]


‘Prentsa' bereizgarria zeraman autoa jomugatzat hartu eta beste bost kazetari hil ditu Israelek Gazan

Gutxienez 201 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek Gazan hildako kazetariak. Abenduaren 26 honetan hildako azken bostak Al-Quds telebista katean zebiltzan lanean.


2024-12-26 | Leire Ibar
10.500 migratzaile baino gehiago hil dira aurten Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ahaleginean

2024ean batez beste eguneko 30 migratzaile baino gehiago zendu dira Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ekinean. 10.457 heriotza errejistratu ditu Caminando Fronteras erakundeak eta "arrastorik utzi gabe" desagertu diren beste 131 ontzi zenbatu ditu. Kopuru hau... [+]


Larunbatean ospatuko dute Hatortxu Rock, Atarrabiako azkena

Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Laborari palestinarrek jasaten dituzten indarkerien lekuko izan dira Via Campesinako ordezkariak

Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Lesakan izango da 2025eko Bertso Eguna

Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]


Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Eguneraketa berriak daude