argia.eus
INPRIMATU
Kaukasoko hizkuntza zaharretako bat da txetxeniera
2007ko otsailaren 21a
Kaukaso mendietako hizkuntzek puzzle aberats bat osatzen dute. Eta Mediterraneo eta Kaukaso arteko bortuetako mintzairetako bat da txetxeniarrena. Behin eta berriro, txetxeniera Ibero-Kaukasiarren arteko bat dela irakurriko duzu eskualde hari buruzko dokumentazioetan; horko hizkuntzak (nagusiki georgiera aipatzen da aspalditik) eta euskara elkarren ahaide direlakoan. Beste batzuek hizkuntzok Ekialde Hurbileko galdutako antzinakoekin ahaidetzen dituzte, Sumeriakoa, Hurritena, Urartiakoa...

Kaukasoko hizkuntzak inguruko besteen artean oso bereziak dira, eta hiru taldetan banatzen dituzte. Hego Kaukasian mingreliera, laz, svan eta batik bat georgiera sartzen dira. Azken hau da Kaukasoko hizkuntzetan tradizio luzeena duena, antzinako literatura landu bat badu, eta bere grafia propioa ere bai, Greziako alfabetotik eratorria.
Ipar Mendebaldeko Kaukasoan daudenek osatzen dute bigarren taldea: abjazia, abaza, adigea, kabardino eta ubykh dira horko hizkuntzak, azken hau desagertutzat ematen bada ere.
Ipar Ekialdean nakh eta dagestaniar hizkuntzak daude. Dagestan Txetxenia ondoko errepublika da eta bertan dagoen hizkuntza eta etnia aberastasuna izugarria da. Txetxeniera aldiz Nakh edo Vainakh taldekoa da.
Txetxeniera 900.000 herritarrek eta eta Inguxa 200.000 inguruk mintzatzen dituzte, eta hizkuntza bakartzat jotzen dituzte adituek, elkar oso ondo ulertzen dute bi etnietakoek. Talde horretako beste hizkuntza bats deitua da eta Georgiak errepublika horiekin mugan dituen bailara batzuetan hitz egiten da. Ez da kasualitatea errusiarrek presioa egiten ari zaizkiola Georgiari, gerrillari txetxeniarrak bailara horietan babesten direlakoan.
Hizki latinoz eta arabiarrez ere idatzi izan da txetxeniera, baina alfabeto zirilikoan (errusiarrenean) idazten da nagusiki gaur egun