argia.eus
INPRIMATU
«Duda gabe, protagonista neska izatea nahi nuen»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Nola sentitzen da bat gaztetxoentzat idazten duenean?
Ni behintzat urduri, zeren hau nik neuk bakarrik idatzi eta kaleratzen dudan lehendabiziko liburua da, eta gazteentzat egin dut gainera, eta ez da batere kontu erraza gazteak konforme eta gustura uztea.

Nola bururatu zitzaizun «Lauterdi pirataren altxorra»?
Gaztetan, banuen liburu bat oso-oso maitea. Ez zen hartan beste munduko ezer gertatzen, gerta zitekeen istorio bat, baina ez zuen kontatzen. Oso abentura posibleak ziren haiek, baina gazte batentzat edozer izan daiteke abentura: etxetik bakarrik ateratzea edo motxila batekin nonbaitera joatea abentura da jada, adibidez. Eta nik horrelako zerbait idatzi nahi nuen, alabari kontatzen dizkiodan ipuinak bezalakoxea. Dudarik gabe, protagonista neska izatea nahi nuen, eta ausardia handiko neska gainera.

Eta zer-nolako ezusteak bizitzen ditu neskato horrek?
Hasieran, aitonaren etxera joatea da abentura, baserri batera joatea eta animaliekin harremanak izatea. Baina gero, halako batean, ezustean jakingo dute neska horrek eta bere lehengusuak aitonaren herrian ere bazela pirata oso ospetsu bat, eta gainera litekeena dela haren altxorra herrian bertan ezkutaturik egotea. Hari horretatik tiraka hasi eta ezusteko gehiago bizi ahal izango dituzte neska-mutiko horiek, bien artean piraten altxorra aurkitu arte. Hortik doa istorioa. Oso modu errazean konta zitekeen zerbait idatzi nahi nuen. Kontaketak ez zezala beste munduko konplexutasunik eduki, baina zortzi urtetik aurrerakoek gustura irakurriko zuten zerbait izan zedila. Nik oso ondo pasa nuen libururako gauzak asmatzen, piratei buruzko xehetasunak irakurtzen eta abar, eta liburu hau irakurtzen dutenek ere ondo pasatzea espero dut.